Langileen partaidetza sustatzeko bideak ikertuko ditu Mondragon unibertsitateak Etorkizuna Eraikiz programaren baitan
Langileen partaidetza sustatzeko bideak ikertuko ditu Mondragon unibertsitateak Etorkizuna Eraikiz programaren baitan
Langileen partaidetza sustatzeko bideak ikertuko ditu Mondragon unibertsitateak Etorkizuna Eraikiz programaren baitan
Markel Olano diputatu nagusiak, erakunde honekin Aldundiak itxi duen lankidetza hitzarmenak azaldu die unibertsitate honetako komunitateari
Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu du Mondragon Unibertsitatearekin Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, langileen partaidetza nola sustatu ikertzeko. “Bertoko enpresak lurraldeari errotuta jarraitzea nahi dugu, enpresen erabakiguneak hemen jarraitzea beharrezkoa dugu, eta horretarako langileen partaidetza sustatzea da gure apustu nagusia”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak. Foru arduradunak nabarmendu duenez, aipatutako hitzarmenari esker unibertsitateak 2016ko azken lauhilabetekoan buru-belarri dihardute esparru honetako ikerketa lerroetan sakontzen, “akademiaren ezagutza beharrezkoa dugulako etorkizuneko erronkei aurre egin asmoz martxan jarri ditugun esperientzia praktikoak jakintzaz hornitzeko”.
Diputatu nagusiak Mondragon Unibertsitateko (MU) komunitatearen aurrean aurkeztu du Etorkizuna Eraikiz programa,. Programa honen eskutik, herritarrekin eta berauen etorkizun hurbileko kezka eta ardurekin konektatu nahi du Aldundiak (lana, familia, arreta, ekonomia….), “herritarron eta gizarte antolatuaren etorkizun hurbileko beharrei erantzuteko gai garen heinean biharko Gipuzkoak izango dituen erronkei aurre hartzeko gai izango garelako”.
Proiektu eta esperientzia pilotuak eremu esanguratsuetan martxan jarriko dituen ekimena da, lurraldearen eta lurraldeko pertsona eta erakundeen garapen sozial eta ekonomikoa bilatzen dituena. Etorkizuneko erronkei erantzuna eman asmoz, hausnarketa eta oinarri zientifikoko ezagutza prozesuetatik abiatzen den saiakera-hutsegite esperientzia praktikoak alegia. Testuinguru honetan, Etorkizuna Eraikiz programarekin batera, MUrekin sinatu den epe luzeko lankidetza hitzarmena eta 2016rako finkatu den ikerlerroa azaldu zaizkie, unibertsitateko ikasle, irakasle, ikertzaile eta zuzendaritzako kideei.
Olanok gogoratu duenez, Mondragon Unibertsitateak ikertuko duen esparrua, langileen partaidetzarena, Aldundiak jorratzen hasi duen bidea da. Zerga-sistemaren arloan, onartze bidean da langileen partaidetza sustatzeko Foru Araua. Ekimen honek enpresa esku-aldaketetan eragitea du jomuga, onurak aurreikusten baititu saltzaile zein eroslearentzat, betiere erosleak konpainiako langileak direnean. Paraleloan, eta parte hartzaileen finantzaketa aukerak bermatzeko, foru erakundeak lan hitzarmena itxi du Elkargi eta Oinarri elkarrekiko berme elkarteekin.
Diputatu nagusiak azaldu duen hirugarren tresna, Ekonomia Sustapeneko departamentutik helburu honetara bideratu diren ekimen multzoa da, 7,8 milioi euroko aurrekontua duena. Parte hartze ereduak sortu eta langileei euren lanean, baldintzetan eta emaitzetan eragiteko aukera emango dieten prozesuak sortzea ditu xede, pertsonak enpresan duen protagonismoa eta enpresek lurraldearekiko duten konpromisoa indartuz. “Egitasmo guzti hauen helburua gure enpresa ehuna indartu eta Gipuzkoa lehiakorrago egitea da, erabakiguneak eta talentua lurraldean sustraituz”, azaldu du Olanok.
Bi zutabe nagusi
Etorkizuna Eraikiz programari dagokionez, diputatu nagusiak ekimen “berritzaile” eta “anbiziozkoa” dela nabarmendu du. Bi zutabe nagusiren inguruan antolatzen da: alde batetik Gipuzkoa Lab, ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena. Saiakera hauek ebaluatu ostean, ondorioak politika errealean txertatuko dira. Aurretiazko ikerketa lana Gipuzkoan egoitza duten lau unibertsitateek burutuko dute eta, langileen partaidetzaren kasuan, Mondragon Unibertsitatea izango da gaia landuko duena. Bigarren zutabea Gipuzkoa Taldean da, lurraldeko gizarte antolatuarekin eginiko etorkizunari buruzko hausnarketa prozesu partekatua. “Elkarlan publiko-pribatuan erlazio diplomatiko hutsetatik haratago jotzea dugu xede, erronka errealak identifikatu eta datozen hamar urtetarako behar dugun plan estrategikoa osatzeko”, adierazi du Olanok.
Bi oinarri nagusi hauek osatzeko beste hiru zeharkako ekimen jarri dira martxan: Ikergune, aipatutako unibertsitateen ikerketarako eremua. Nazioartekotze sarea, berriz, mundura irtengo da harremanak sendotu eta Gipuzkoaren tokia indartzera, eta aldi berean atzerriko esperientzia arrakastatsuak aurkitu, aztertu eta inportatzeko lan egingo du. Azkenik, gizarteratze prozesuak Etorkizuna Eraikiz herritarrekin partekatzea du xede.
2432