Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Larrialdi-garaian, Gipuzkoa inoiz baino solidarioagoa: Afari Solidario eta Jasangarriak laguntza emango die ere DANAren biktimei

Larrialdi-garaian, Gipuzkoa inoiz baino solidarioagoa: Afari Solidario eta Jasangarriak laguntza emango die ere DANAren biktimei

Ekitaldi solidarioa azaroaren 20an izango da, 20:00etan. Ekimen solidario honen bidez, Elikagaien Bankuak Gipuzkoan eta Valentzian egiten duen lanerako dirua bildu nahi da, eta bildutako diruaren % 50 DANAko kaltetuei laguntzeko dohaintzan emango da, elikagaien pobreziaren eta larrialdi klimatikoen aurrean duten konpromiso kolektiboa azpimarratuz.

2024/11/11
Afari Jasangarri eta Solidarioa

Jasangarritasun Departamentuak, Gipuzkoako Elikagai Bankuak, Basque Culinary Center-ek eta Mahaia sukaldarien kolektiboak ekimen solidario eta jasangarri honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Ekimen horrek Gipuzkoa bidezkoago eta bere baliabideez kontzienteago baten aldeko konpromiso kolektiboa irudikatzen du.

Ekitaldi solidarioa azaroaren 20an izango da, 20:00etan. Ekimen solidario honen bidez, Elikagaien Bankuak Gipuzkoan eta Valentzian egiten duen lanerako dirua bildu nahi da, eta bildutako diruaren % 50 DANAko kaltetuei laguntzeko dohaintzan emango da, elikagaien pobreziaren eta larrialdi klimatikoen aurrean duten konpromiso kolektiboa azpimarratuz.

José Ignacio Asensio: “DANAk Valentzian sortu berri duen hondamendia bezalako egoerek elkartasunaren eta elkarrekiko laguntzaren garrantzia gogorarazten digute garai zailetan. Gipuzkoan, urtero 127.000 tona elikagai alferrik galtzen dira, eta horrek, kostu ekonomiko eta ingurumen-kostu itzela izateaz gain, gehien behar dutenei laguntzeko aukera galdua ere badakar”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Basque Culinary Center-ekin eta Mahaia sukaldarien kolektiboarekin lankidetzan, Afari Solidario eta Jasangarriaren laugarren edizioa antolatu du. Ekimen honen helburua da elikagaiak alferrik galtzearen inguruan kontzientziatzea eta Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzako funtsak biltzea. Oraingo honetan, DANAk Valentzian duela gutxi eragindako hondamendia dela eta, afarian bildutako diruaren % 50 Valentziako Elikagaien Bankuari emango zaio, kaltetutako pertsonei laguntzeko.

Ekitaldia azaroaren 20an egingo da Basque Culinary Centerren, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan eta Gipuzkoako Elikagai Bankuaren bilketa handiaren bezperan. Horregatik, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusiak eta Mahaia taldeko sukaldariak: Roberto Ruiz (HIKA), Paul Arrillaga (Zazpi), Juan Carlos Caro (Zelai Txiki), Gorka Txapartegi (Alameda), Gorka Arcelus (Agorregi) eta Xabier Gorrotxategi (Casa Julián); herritarrei dei egin diete parte hartzera gonbidatzeko.

Mundu osoan, giza kontsumorako elikagaien heren bat, gutxi gorabehera, alferrik galtzen da. Gipuzkoan, xahuketa erronka etiko, ekonomiko eta ingurumenekoa da, eta nekazaritzako elikagaien kate osoari eragiten dio. Ildo horretan, Afari Solidario eta Jasangarriak, funtsak biltzeaz gain, ohiturak aldatzeko beharraz herritarrak sentsibilizatu nahi ditu, bai eta xahutzea murrizteko erantzukizun kolektibo handiagoa hartu ere.

Horri dagokionez, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “DANAk Valentzian eragindako hondamendia bezalako egoerek elkartasuna eta elkarrekiko laguntza oso garrantzitsuak direla gogorarazten digute, garai zailetan. Gipuzkoan, urtero 127.000 tona elikagai alferrik galtzen dira, eta horrek, kostu ekonomiko eta ingurumen-kostu itzela eragiteaz gain, gehien behar dutenei laguntzeko aukera galdua ere badakar. Ekimen honen bidez, herritarrak gonbidatzen ditugu bat egitera eta laguntzera, problematika hori ikusaraziz eta guztion, erakundeen, herritarren eta Elikagai Bankuaren arteko lankidetza indartuko duen konpromiso kolektiboa sustatuz, ahalegin komun batean, behar handiena dutenei laguntzeko”.

Nola gehitu Gipuzkoako Afari Solidariora eta gehien behar dutenei lagundu

Afaria gastronomiarik onenaz gozatzeko aukera bat da, elikadura-pobreziaren aurkako borrokan funtsezko kausa bati laguntzen zaion bitartean. Jasangarritasunari begira, menuak hurbileko produktuekin egingo dira, ekoizpen ekologikoaren irizpideei jarraituz eta elikagaiak alferrik galdu gabe. Parte hartzeko, izena eman behar da mezu elektroniko bat bidaliz trantsizioekologikoa@gipuzkoa.eus helbide elektronikora, eta pertsona bakoitzeko gutxienez 150 euroko ekarpena egin behar da. Funtsak zuzenean sartuko dira Gipuzkoako Elikagai Bankuaren kontu honetan: ES54 2095 5060 11 1062014716. Afari solidario horretan bildutako diruaren zati bat duela gutxi Valentziako DANAk kaltetutako pertsonei laguntzeko ere erabiliko da.

20.000 pertsona artatu dira Gipuzkoan

Gaur egun, Gipuzkoako Elikagai Bankuak 20.000 pertsona ingururi ematen die laguntza lurraldean; zifra horrek agerian uzten du premia larria dagoela laguntza emateko, gero eta handiagoa den gizarte-desberdintasunaren testuinguruan. Belén Méndez de Vigok, Elikagaien Bankuko presidenteak, eskerrak eman nahi izan dizkie: “Gure bankuarentzat, Afari Solidarioa eta Jasangarria funtsezko diru-iturria da, bizirik irauteko gure elikagaien kudeaketaren mende dauden familia asko baitaude. Gainera, aurten ekarpena inoiz baino garrantzitsuagoa da, ez baikara tokian tokikoan geratuko, baizik eta, pertsona ahulenei laguntzeko gure apustuan, afari honetan biltzen denaren % 50 Valentziako Erkidegoari laguntzeko izango da. Laguntza hori Elikagaien Bankuen Estatuko Federazioaren bidez egingo dugu, eta lehen egunetik ari gara haiekin koordinatuta lan egiten, ematen dugun laguntza ahalik eta eraginkorrena izan dadin eta familietara hel dadin”.

Bestalde, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak berretsi egin du gastronomiaren eta jasangarritasunaren arteko lankidetzaren garrantzia: “Basque Culinary Centerrek konpromisoa hartu du egungo erronkei irtenbideak eskaintzeko eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea nabarmentzen jarraitzeko. Horregatik, guretzat benetako ohorea da laugarren urtez jarraian Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin aktiboki lankidetzan aritzea. Pertsona ahulenen aldeko eta elikagaien xahuketaren aurkako lan handi hori babestea funtsezkoa da egungo testuinguruan. Herritar guztien elkartasuna eta konpromisoa behar dugun une honetan, lankidetza hori are esanguratsuagoa eta beharrezkoagoa bihurtzen da”.

  

2899