Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Larunbatean hasiko da Aldundiaren 2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Larunbatean hasiko da Aldundiaren 2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Turismoa Gipuzkoan da aurtengo gaia, eta 4.000 euro banatuko dira saritan.

Datorren larunbatean, abuztuak 1, jarriko da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketako laugarren edizioa; oraingo honetan ere, lehiaketa honetan jasotzen diren lanek osatuko dute foru erakundearen 2021eko egutegia. Turismo Gipuzkoan da aurtengo gaia. Gobernantzako diputatu den Eider Mendozak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta, Foru Aldundia lurraldean barne turismoa sortu eta sektore ekonomikoa honetako jarduera dinamizatzearen alde ari da lanean. "Pasaportea herritarrei egiten diegun gonbidapena da, uda ezohiko honetan Gipuzkoak eskaintzen duen guztia topera aprobetxatzeko, gure lurraldean bidaiari izanik. Argazki lehiaketaren gaiak estrategia honekin nahi du bat egin”, nabarmendu du.

Parte hartu nahi dutenek kontzeptu hori islatu beharko dute argazkietan, eta argazki horiek Easypromos plataforma digitalean partekatu beharko dituzte. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da eta horretaz gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana (pertsona berak ezingo du sari bat baino gehiago jaso).

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Gipuzkoako ingurumena gaitzat hartuta, pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez ere, originalak eta lehenagotik argitaratu gabekoak. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia dute lehiaketa honetan. Argazkiak www.easypromosapp.com plataformatik gauzatuko da eta parte-hartzaileek bertara sarbidea Aldundiko sare sozialen bidez izango dute: Facebook (www.facebook.com/Gipuzkoa), Twitter (www.twitter.com/Gipuzkoa) edo Instagram kontuetatik (www.instagram.com/gipuzkoa), #TurismoaGipuzkoan traola erabiliz.

Lanak aurkezteko epea larunbatean, abuztuak 1, irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa). Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira, lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo dira aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez dira onartuko egilearen sinadura edota logotiporik daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko manipulazioa eta hartutako irudiaren gaineko elementuak gehitu edota ezabatzea.

 

Argazki sarituen hautaketa

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratuko da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz, eta kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana kontuan hartuko dituzte. Urrian emango da lan irabazleen berri, eta hilabete horretan bertan egingo da sari banaketa. Era berean, erakusketa bat egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian abenduan, lan sarituak ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Urtero legez, abenduaren 21ean egingo da egutegi inprimatuaren banaketa Foru Aldundian.

Iazko lehiaketan, 316 pertsonak hartu zuten parte eta 651 lan aurkeztu ziren. Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du; iaz 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Gobernantza departamentuko foru diputatu Eider Mendozak “gipuzkoarrei zabalduta” dagoen ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Azpimarratu duenez, Gipuzkoan argazkilaritzarako zaletasun handia dago eta, “horri esker, urtero mota honetako lehiaketetan sekulako maila ikusten dugu”.

  

2017