Gipuzkoako berotegi efektuko gasen isurpena % 21,1 jaitsi da 2005. urtearekin alderatuta
Gipuzkoako berotegi efektuko gasen isurpena % 21,1 jaitsi da 2005. urtearekin alderatuta
Jose Ignacio Asensio: «Gipuzkoak lehentasuna eman behar dio klima aldaketaren aurkako borrokari eta aurrera egin behar du garapen jasangarriaren eredu bat lortzeko bidean, bai hazteko bai enplegua sortzeko, isurpenik gehitu gabe».
Nahiz eta erreferentziazko denboraldian hobekuntza izan den, Gipuzkoako isurpen guztiak 6.724,1 kilotona CO2-eq izan ziren 2017an eta, beraz, igoera % 8,34koa izan zen 2016. urtearekin alderatuta. Garraio sektoreak eragin zuen isurpen gehien (% 38), eta, ondoren, energia sektoreak (% 27) eta industria sektoreak (% 21).
Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen Inbentarioa Gipuzkoan egindako lehendabiziko azterketa da eta aldian-aldian burutuko da ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Estrategiaren barnean, Fundazioaren behatokiaren bitartez.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioko presidenteak, Itziar Eizaguirre Naturklimako zuzendariarekin eta Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariarekin batera aurkeztu ditu Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen Inbentarioari buruzko datuak. Erreferentziatzat hartu den inbentarioa Ihobek egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioa arduratu dira datu horiek interpretatzeaz.
Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen Inbentarioa Gipuzkoan egindako lehendabiziko azterketa da, eta horren bitartez gure egungo egoera zein den ezagutu ahal izango dugu, berotze globalaren eta klima aldaketaren gaineko funtsezko faktoreari dagokionez. Txostena aldian-aldian egingo da datozen urteetan ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Estrategiaren barnean.
Azterketak 2005. urtea hartzen du oinarri gisa, Europako herrialdeek erreferentziatzat hartzen baitute urte hori isurpen difusoak murrizteko ahaleginen kalkulua egiteko (406/2009/CE), eta ondorioztatu du Gipuzkoako berotegi efektuko gasen isurpena % 21,1 jaitsi dela 2005etik 2017rako tartean. Emaitza horren arabera hobekuntza txiki bat egon da Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Estrategian (GK 2050) ezarritako helburuei dagokienez; izan ere, estrategia horrek % 40 gutxitzea aurreikusten baitu 2030. urterako.
Nahiz eta aztertutako 2005-2017 denboraldi osoan hobekuntza izan den, 2017ko isurpenak % 8,34 igo dira 2016. urtearekin alderatuta. Gipuzkoako berotegi efektuko gasen isurpenak 6.724 kilotona CO2-eq izan ziren 2017. urtean. Garraio sektoreak eragin zuen isurpen gehien (% 38), eta, ondoren, energia sektoreak (% 27) eta industria sektoreak (% 21).
2017. urtean eta jarduera ekonomikoa goratu zenez gero, isurpenak handitu egin ziren sektore guztietan, aurreko urtearen aldean; etxebizitza sektoreak izan zuen igoera nabarmenena (+% 24,1). Isurpenen maila handiagotzen lagundu zuten, baita ere, isurpenen igoerak garraio sektorean (+% 10,7), energia sektorean (+% 10,5), zerbitzuetan (+% 6,5) eta industria sektorean (+% 4,7). Isurpenak murriztu zituen sektore bakarra izan zen hondakinen sektorea (-% 8,3).
Datuak era xehatuagoan aztertzen baditugu, isurpenak sektoreka hartuta, energiaren sektoreak 1.825,7 kilotona CO2-eq-ren isurpenak egin zituen, hau da, 2016an baino % 10,5 gehiago. Gipuzkoan energia elektrikoaren azken kontsumoa nahiko egonkorra izan dela kontuan hartuta, estatuko mixa okerragotzea izan da isurpenen igoera ekarri duena, ikatza erabiliz sorrarazitako energiak gora egin baitu.
Industria sektoreak egindako isurpenei dagokienez, 1.422,8 kilotona CO2-eq izan ziren 2017an. Horrek esan nahi du % 19,9ko murrizpena dagoela 2005ekoen aldean; arrazoi nagusia da metalgintza jardueretan izandako beheratzea.
Garraio sektorearen isurpenak (2.540,5 kt CO2-eq) dira 2017ko guztizko isurpenen % 38; horrek adierazten du % 10,8ko igoera dagoela 2016koen aldean, eta % 17,2ko igoera 2005ekoen aldean. Horrela ikusten da sektore honek handitu dituela gehien bere isurpenen zenbatekoak, oro har. Igoera horri dagokio, baita ere, erregaien kontsumoak gure lurraldean izan duen handitzeari, eta hori, berriz, loturik egon daiteke gure auzo-eskualdeetan txikizkako salmentaren gaineko zergak izandako igoerarekin.
Etxebizitza sektoreak isurpenak % 24,1 igo ditu 2016koen aldean (272 kilotona CO2-eq); hori da, isurpen guztien % 4. 2017an isurpenak -% 1,8 jaitsi dira, 2005. urteko mailekin alderatuta.
Zerbitzuen sektoreak, aldiz, isurpenak % 6,5 handitu ditu, 2016koen aldean (149,2 kilotona CO2-eq). 2005. urtearekin alderatuta, berriz, sektore honetako isurpenak % 21,7 igo dira 2017an.
Lehen sektorea, esan daiteke 2016ko isurpenen mailan dagoela, guztira 207 kilotona CO2-eq isuri baitu (isurpen guztien % 3), hau da, % 30,5eko murrizpena 2005ekoen aldean. Beherapen horren oinarrian dago, besteak beste, azienda kopuru osoaren murrizpena.
Hondakin sektoreak 2017an guztira 306,8 kilotona CO2-eq isuri zuen, hau da, inbentarioaren isurpen guztien % 5. Murrizpen bat dago, % 8,3 zehazki, 2016koen aldean, eta % 26,9 berriz 2005ekoen aldean. Ziurrenik, arrazoia da, besteak beste, gai organikoen hondakinak murriztu egin direla.
Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen 2017ko Isurpenen Inbentarioa da gure lurraldean egiten den era honetako lehen azterketa, eta aukera ematen digu jakiteko zein den, zehazki, gure egoera berotegi efektuko gasen isurpenei dagokienez. Hemendik aurrera, azterketa hau aldian behin egingo da, eskuratzen diren datuak nahitaezko oinarri izango baitira Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko «Gipuzkoa Klima 2050» estrategia bideratzeko. Hau foru arauan bihurtzeko tramitazioak egingo dira legealdi honetan. Aurreikusita dauden beste ekintzen artean azpimarratu behar dira: Gipuzkoako herri arteko mugikortasun plan bat eratzea, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin batera; «Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunaren Estrategia» sustatzea energiaren esparruan; ekonomia zirkularrari buruzko ekintza plan bat antolatzea, industriaren arloan; eta kontratazio publiko berdea sustatzeko plan bat sortzea, lizitazio publikoetan ekonomia zirkularrari lotutako eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokari lotutako irizpideak jasotzeko.
INFORME GUZTIA HEMEN IKUSI DAITEKE:
1841