Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 2,1 gehiago saldu dute urtarriletik abuztura

Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 2,1 gehiago saldu dute urtarriletik abuztura

Barne-salmentek gora egin dute (+% 3,3), eta esportazioak ez dira aldatu.

2023/10/03
Gobernu kontseilua

Gipuzkoako enpresen salmentak % 2,1 igo dira urteko lehen 8 hilabeteetan, 2022ko aldi beraren aldean, Foru Ogasunak lurraldeko enpresen egoerari buruz egindako txostenaren arabera: igoera hori barne-salmenten igoeraren (+% 3,3) ondorio da, esportazioak ez baitira aldatu aldi horretan. Uztaileko datuen arabera, salmenten saldoa negatiboa izan da (-% 2,4), eta abuztuan partzialki berreskuratu dira (+% 1,9). Bi kasuetan, barruko salmenten bilakaera esportazioena baino hobea izan da. Hala jakinarazi du gaur Irune Berasaluze foru bozeramaileak, astearteetan egin ohi den Diputatuen Kontseiluaren ondoren.

Maila metatuan, eta urteko lehenengo zortzi hilabeteetan, hazkunde hori zerbitzuetan gertatu da (+% 4,6), eta bereziki eraikuntzan (+% 7,7); industria-sektoreko salmentak, berriz, pixka bat jaitsi dira (-% 0,3). Uztaileko bilakaera negatiboa izan da industrian (-% 4,1) eta eraikuntzan (-% 7,1), eta positiboa zerbitzuetan (+% 0,5). Abuztuan berriro jaitsi ziren industriako salmentak (-% 2,5) eta igo egin ziren zerbitzuetan (+% 5,0) eta, bereziki, eraikuntzan (+% 21,1). Kanpo merkataritzaren xedeari dagokionez, EBrako esportazioak +% 0,2 hazi dira, eta gainerako herrialdeetarako salmentak -% 0,2 jaitsi dira.

Hala ere, salmenten dinamismo txikiago horrek ez du islarik lan-merkatuan, Gipuzkoako enpresen lan-errendimenduen hartzaileen kopurua % 1,6 igo baita lehen zortzi hilabete hauetan. Eta ordaindutako soldatetan igoera askoz ere handiagoa izan da: +% 6,4. Uztaileko eta abuztuko datuek erakusten dute enplegua igo egin dela (+% 1,9 eta +% 2,2) eta, batez ere, soldatak (+% 6,7 eta +% 7,6). Datuak sektoreka aztertuz gero, industrian enplegua % 1,2 igo da eta soldatak % 5,6; eraikuntzan, enplegua % 1,3 jaitsi da eta soldatak % 5,7 igo dira; zerbitzuen sektorean, berriz, enplegua % 2,3 igo da eta soldatak % 8,0 igo dira.

Ogasun eta Finantza Departamentuak egin ohi du txosten hori, eta hilero datu interesgarriak eskaintzen ditu lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Dokumentu osoa Ogasunaren webgunean egongo da eskuragarri, ohi bezala, edozein kontsultarako. Berasaluzek adierazi duenez, “gure ekonomiarentzat eta, berezikio gure industriarentzat giltzarri diren herrialdeen moteltzea azken hilabeteetako datuetan ikusten da, baina kontuan izan behar da saldoa positiboa dela oraindik ere, eta oso ona izan zen urte batetik gatozela: 2022a. Nolanahi ere, Aldundiak sare ekonomikoari laguntzen jarraituko du, lehiakortasuna indartzen eta nazioartekotzea errazten laguntzen duten programen bidez”. “Beti –gaineratu du–, kontuan hartuta ekonomia indartsu bat eta gizarte kohesionatu eta zuzen bat txanpon beraren bi aldeak direla”.

Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak orobat onartu du Koldo Peciña (Gasteiz, 1978) Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari izendatzea. Zuzenbidean lizentziatua eta IT Law masterra duena, Peciña azken urteotan Etorkizuna Eraikiz programaren barruan abian jarritako Gipuzkoa ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren zuzendaria izan da, eta segurtasun-aholkulari edo proiektu-arduradun gisa ibilbide luzea egin du S21sec edo ITS

Security bezalako enpresetan. Izendapen honekin, Aldundiak osoki osatu du zuzendaritza-organigrama legegintzaldi honetarako.

Peciñaren zeregina izango da Etorkizuna Eraikizen erreferentziazko proiektuen eta estrategien garapena bultzatzea eta koordinatzea, honako eremu hauetan, besteak beste: mugikortasun berria, zahartze aktiboa eta osasungarria, zibersegurtasuna, osasun-terapia aurreratuak, teknologia kuantikoak edo gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna. “Legegintzaldi honetan behin betiko bultzada jasoko duen agenda politiko berri batez ari gara, lurraldeari ilusioa sortzen diona, eta Peciñaren esperientzia aldeko izango duena: balio handiko pertsona bat, Gipuzkoako enpresa- eta erakunde-errealitatea eta agenda berri hau hedatzen ari den lankidetza-eredua ongi ezagutzen dituena. Zorterik onena opa diogu”, adierazi du Berasaluzek.

Egoitza eredu berria

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Eibarko Egogain egoitza-zentroan adinekoentzako arreta integraleko modulu bat egokitzeko obren bigarren fasea gauzatzeko proiektua. 1.152.054,59 euroko aurrekontu osoarekin eta gauzatzeko zortzi hilabeteko epearekin, Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko egoitza sarean bultzatzen ari den zainketa eredu berrira egokitzeko bigarren faseari ekingo zaio.

Bigarren fase honetan, bosgarren solairuko mendebaldeko hegalean jardungo da. Bertan, banakako 9 gela, gela bikoitz bat, jangela bat, sukaldea, hiru biltegi, bulego bat, egokitutako bi bainugela eta korridorea egokitu eta sortuko dira. Guztira, bigarren fasea amaitzean, Egogaingo bosgarren solairuan 10 eta 11 plazako bi bizikidetza-unitate eratuko dira, bakoitzaren espazio komunekin eta lanerako espazioekin.

Bozeramaileak azaldu duenez, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, 30 egoitza-zentrotan bultzatzen ari dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak, bai sareko egoitzetan, bai zentro berriak sortuz. Datozen urteetarako gutxienez 19 egoitzatan egokitze-lanak egitea aurreikusten da, Egogainen, esaterako; gainera, aurten bertan Egurtzegiko (Usurbil) eta Lugaritzeko (Donostia) zentroak inauguratu dira, beste hiru dagoeneko obretan edo esleituta daude, eta begirada 2030ean jarrita, beste bost egoitza berri sortzea aurreikusi da.

Berasaluzek gogorarazi duenez, proiektu horiek guztiak eredu berriaren ezaugarriei erantzunez eraikiko dira, 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta, espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak, banakako gelak, eta ikuspegi berritzaile eta pertsonalizatua erabiliz, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zaintzarekin lotutako alderdi guztietan. Azkenik, bozeramaileak adierazi du zaintza-eredu berrirako trantsizioa gauzatzea eta lurraldeko gizarte-babeseko zentro guztietara zabaltzea Aldundiaren erabateko lehentasunetako bat dela legegintzaldi honetarako: "Helburua da gure egoitza-sare osoa pixkanaka egokitzea. Trantsizio hori dagoeneko errealitate bat da, eta ikusgai dago Gipuzkoako hainbat egoitzatan”.

  

1567