Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lasarte-Oriak Euskadiko energia-komunitate handiena izango du

Lasarte-Oriak Euskadiko energia-komunitate handiena izango du

Milioi eta erdi euroko inbertsioa bitarte, Lasarte-Oriako energia komunitatea sortuko da, udalerriko ia biztanle guztientzat energia trantsizioa ziurtatuko duen Euskadiko lehen tokiko energia komunitatea. Estrategikoki kokatutako 6 instalazioren bidez, autokontsumorako erregimenean, udalerriko auzo eta eremu guztietara energia garbi eta berriztagarria eramatea bermatuko da. Aurreikuspenen arabera, udalerriko 1.000 familia eta denda hornituko ditu, eta horri esker, argindarraren fakturan % 30 aurreztuko dute.

2022/09/15
TEK Lasarte-Oria y Basaundi

Aurreko proiektuarekin batera, Basaundi auzoaren energia berroneratzea ere aurreikusten da, partzela batean plaka fotovoltaikoak instalatuz, 180 erabiltzaileri -familien eta tokiko saltokien artean- energia garbia eta berriztagarria hornitzeko.  Instalazio horrek biltegiratze bateriak izango ditu, eta horiek energia soberakina jasoko dute, gero modu eraginkorrean banatzeko.

Basaundi auzoa berroneratzeko proiektua eta Lasarte-Oriako energia komunitatea eratzekoa (TEK) uztartzeak, Gipuzkoako udalerri hau benetako erreferente bihurtzen dute trantsizio energetikorako bidean eta herritarrentzako gizarte energiako eredu berriak sortzeko bidean.

Guztira, milioi bat eta erdi euro inguru bideratuko dira, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Etxebizitza eta Garraio Sailetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentutik, eta Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzetatik.

Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviarekin batera, Iñaki Arriola sailburua eta José Ignacio Asensio diputatua izan dira energia ekimen berri eta garrantzitsu honen aurkezpenean, zeinak Lasarte-Oria Euskadin lehen postuan jartzen baitu energia trantsizioa bultzatzeko neurrietan.

Jasangarritasunean eta aurrezpenean eredugarria den komunitatea

Lasarte-Oriako TEKak udalak lagatako 6 estalki izango ditu, eta bertan panel fotovoltaikoak jarriko dira.  6 instalazio horiek estrategikoki hautatuta daude udalerriko auzo eta eremu guztietara energia garbi eta berriztagarrirako sarbidea bermatzeko autokontsumorako erregimenean. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du Lasarte-Oria lehen udalerria dela herritar guztiei trantsizio energetikoa ziurtatzen: «Proiektu horri esker, Lasarte-Oria Euskadin jarraitu beharreko eredua eta erreferentzia da jada, trantsizio energetikoaren eta herritarrentzako energia eredu berriak sortzearen esparruan. Energia gizarte-eskubide bat da, eta eredu berri bat beharrezkoa da; etxebizitzak energia sistemaren erdigunean jartzen dituen eredu bat, energia garbia eskura dezaten eta fakturan dirua aurrezteko beharrezko tresnak izan ditzaten” Asensiok gogoarazi du “batez ere, bizitzen ari garen garaiotan, gure etxe eta dendetan eragina duten kontingentzia energetikoko neurriak ekarri dituen egoera energetiko korapilatsuarekin, bultzatzen ari garen energia-ereduak lagundu egingo die familiei neguko elektrizitatearen prezioen gorabeherak arintzen. Energia demokratizatzeko eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa bultzatzen duen eredua daukagu eskuartean. Energia eraginkorragoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteak inguru horretan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du”.

Plakak eremu hauetan jarriko dira: Michelin kirol gunea, Garaikoetxea Landaberri ikastola, Sasoeta ikastola, Zumaburu ikastetxe publikoa, Zabaleta frontoia eta Basaundi auzoa. Sei instalazio horiek 4.700 m2-ko azalera erabilgarria izango dute; 1.476 plaka jarriko dira guztira, eta 545 kW inguruko potentzia emango dute, energia % 100 berriztagarria eta deskarbonizatua; horri esker, tokiko mila bizilagun eta denda txikik baino gehiagok % 30ko aurrezpena lortuko dute fakturan. Epe luzera, eta Nazio Batuen 2030erako garapen jasangarrirako helburuei begira, instalazio horiek zero kilometroko 13.600 MWh energia deskarbonizatu sortuko dute, eta horrela, atmosferara 3.500 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestuko da. Horren baliokidea litzateke udalerrian 14.000 zuhaitz landatzea 2030era arte, karbono hustubide gisa jarduteko.

José Ignacio Asensioren hitzetan, proiektu horrekin herritarrek «rol aktiboa hartzen dute trantsizio energetikoaren prozesuan, komunitatea eratuz eta kultura energetiko berri bat sortuz, non pertsonek erabakiak hartzeko, aurrezteko eta gaia ezagutzeko ahalmen handiagoa eskuratzen duten eredu tradizionaletan baino; eta hori urrats oso garrantzitsua da energiaren demokratizazio egoera batera iristeko, kolektibo guztiak barnean hartuko dituena, bide horretan inor atzean utzi gabe”

Proiektu honek, guztira, 650.000 euroko aurrekontua du; horietatik 455.000 euro Next Generation funtsetatik datoz, eta gainerakoa, Ingurumen Departamentutik eta Lasarte-Oriako Udaletik.  Zenbatekoak, TEKek eskatzen duen instalazioaz gain, erabiltzaileentzako aplikazio bat abian jartzeko, komunitatea hedatzeko eta sortzeko prozesua barne hartzen du, hain garrantzitsua eta asmo handikoa den ekimen bat bere osotasunean bikaintasun mailara eramateak dakartzan zenbait adibide aipatzearren.

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie Ingurumeneko diputatuari eta Etxebizitza sailburuari laguntza ekonomiko eta teknikoa emateagatik eta gure herrira etortzeagatik herritarrentzat hain garrantzitsua den proiektu enblematiko hau, energia komunitatearena, aurkezteko. «Zalantzarik gabe, aukera paregabea da energia berriztagarrien trenera igotzeko, eta, horrela, gure karbono aztarna murrizteko. Lasarte-Oriako herritarrek klima aldaketaren aurkako borrokan parte hartu behar dute, eta energia komunitate hau aukera paregabea da, eguzki energiaren aldeko apustu irmoa egiten duelako. Lehen urrats honetan, Udalak hainbat udal estalki jarri ditu proiektuaren eskura, eta horiei esker, ekimenean parte hartzen duten herritarrek argindarraren fakturan % 30 aurreztu ahal izango dute. Zalantzarik gabe, urrats handia da, eta Lasarte-Oria energia berriztagarrien aldeko apustuaren abangoardian jartzen du, klima aldaketaren aurkako borrokan duen konpromisoaren erakusgarri; izan ere, aldaketa hori gero eta nabariagoa da, eta herritarrek pairatu behar dituzte horren ondorioak. Eta, era berean, autosufizientzia energetikoaren aldeko konpromisoa ere bada, zeina giza garapen jasangarriaren giltzarria baita”

850.000 euro Basaundi auzoa berroneratzeko

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antzeko ezaugarriak dituen instalazio bat bultzatuko du Basaundi-Bailaran. Auzo horretan, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan, hiri-berroneratzeko asmo handiko programa bat garatzen ari da, besteak beste, bizitegi eraikinetako birgaitze, irisgarritasun eta energia efizientziako jarduketak barne hartzen dituena. 

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak 850.000 euro gehiago inbertituko ditu 1.100 m2-ko eremu batean 266 eguzki plaka jartzeko aukera emango duen instalazio bat eraikitzeko udal lurzoruan, 120 kW-ko potentzia emateko gaitasuna izango duena, eta 180 erabiltzaile inguru izango dituena auzoko etxebizitza eta saltokien artean. Era berean, bateriak instalatuko dira, gehiegizko energia bildu eta biltegiratu ahal izateko eta, horrela, baliabidea ahalik eta hobekien optimizatzeko.

Proiektuak planteatzen du, halaber, instalazioaren energia berriztagarriko soberakinak aprobetxatzea auzoan mugikortasun elektrikoa sustatzeko; horretarako, ibilgailuentzako 4 karga puntu eta bizikletentzako 5 jarriko dira, «mugikortasun jasangarriko eredu berrietarantz aurrera egiteko», Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez. 

Arriolaren arabera, autokontsumoko energia komunitateak herritarren parte hartze aktiborako ate irekia dira, eta komunitateari berari onura ekartzen diote, horrela bermatzen baita, neurri handi batean, komunitatearen jasangarritasuna, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik

Arriolak Lasarte-Orian emandako pauso garrantzitsu eta beharrezkoa nabarmendu du, eta gogorarazi du Euskadik energia mendekotasun handia duela, % 90etik gorakoa. «Horri konponbidea eman behar diogu –adierazi du–. Premiazkoa da gure energia propioa sortzea ahalbidetuko diguten neurriak hartzea, jasangarritasunaren ikuspegitik, energia garbi eta berriztagarriaren alde eginez. Baina, horretarako, beharrezkoa da herritar guztien konpromisoa eta  maila guztietako politika publikoak lerrokatzea».

Bi proiektu horien ingurumen onura nabarmenaz gain, proiektu horiek eragin positiboa izango dute gizartean eta ekonomian; izan ere, inguruko enpresek egitura fotovoltaikoak instalatzeko eta mantentzeko aukera izango dute, eta, gainera, herritarren parte hartzea sustatuko dute komunitate osoarentzat onuragarria izango den ekintza energetiko jasangarri batean. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, trantsizio energetikoa «aukera bikaina da enplegu berdea, tokikoa eta kalitatezkoa sortzeko, eta horrek onurak eta bizi kalitatea dakarzkie herritarrei».

  

4453