Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza handitzeko exekuzio proiektua onartu du Foru Aldundiak

Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza handitzeko exekuzio proiektua onartu du Foru Aldundiak

Ekimenak 10,3 milioi euroko aurrekontua du, eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eredu berria ezartzeko prozesuaren testuinguruan kokatzen da

2023/03/30
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila

Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila


Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza zentroa handitzeko exekuzio proiektua. Ekimenak 10,3 milioi euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko 28 hilabeteko epea ezarri da. “Garrantzia handiko erabakia da Lasarte-Oriarentzat, eta lurralde mailako gizarte politikentzat ere. Izan ere, lurraldeko adinekoen egoitzetan ezartzen ari garen eredu berriaren parte da esku-hartze hau”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. “Atzera bueltarik ez duen aldaketa bat bultzatzen ari gara gure egoitzetan. Gipuzkoa aitzindaria dela erakusten ari da, eta lurralde osoa zaintza-eredu berriaren abangoardian dago, egiturazko aldaketa bati esker”, osatu du.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, adinekoentzako Atsobakar egoitza zentroa Lasarte-Orian dago, eta Kabia foru erakunde autonomoak kudeatzen du. Zentroa U formako solairua duen eraikin nagusi batean dago (sotoa, beheko solairua, lehen solairua, bigarren solairua eta teilatupea). Gaur egun, adineko pertsonentzako 57 egoitza-plazari ematen zaie zerbitzua, eta eraikin berean eguneko zentroa ere badago, gaur egun 25 plaza dituena.

Orain, gaur onartzen den exekuzio proiektuak bi helburu nagusi bilatzen ditu. Alde batetik, plaza kopurua handitzea. Honela, egoitza-plazak 57 izatetik 108 izatera pasako dira, eta eguneko zentroan, berriz, 25 plazatik 30era pasako da. Bestetik, egoitzetako eredu berria ezarriko da. “Egungo bizilekua egokituko da Gipuzkoan bultzatzen ari garen eredu berrira, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea helburu”, azaldu du Mendozak. Egoitza-zentroa berritzeko eta handitzeko exekuzio-proiektua idatzi dago, eta aurki lan hauei ekingo die Aldundiak.

Mendozak gogoratu duenez, diputatu nagusiak eta Peña diputatuak pasa den astean iragarri zutenez, egoitza ereduaren trantsizioa “errealitate” ari da egiten Gipuzkoan. Eredu berri horren arabera, egoitzak 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta egongo dira, espazio irekiagoak eta komunitateari konektatuagoak izango dituzte, banako logelak, eta ikuspegi berritzailea eta pertsonalizatua izango dute, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zainketekin lotutako guztian. “Aldaketa horrek atzean utzi du jada fase esperimentala, eta Atsobakarreko proiektua ere prozesu horretan parte da”, nabarmendu du Mendozak.

Lasarte-Oriako zentroarekin batera, birmoldatzeko eta egokitzeko proiektuen artean abian dauden baita ere beste bederatzi interbentzio beste hainbat egoitzetan. Honekin batera, datozen hilabeteetan martxan egongo dira jada Usurbilgo zentro berriak, Lugaritzeko (Donostia) laguntza duten etxebizitzak eta Intxaurrondoko (Donostia) zentro berria. Gainera, une honetan hiru egoitza daude obrak kontratatzeko fasean: Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Elgoibarko egoitza berria. Eta, azkenik, 2030era begira, Gizarte Politiketako departamentuaren aurreikuspenen artean jasotzen da adinekoentzako zentroak eraikiko direla Azpeitian, Ordizian, Zarautzen, Urnietan eta Orion, izan egoitzak edo laguntza duten etxebizitzak. “Guztira, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, 30 egoitza zentrotan sustatuko dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak; bai sareko egoitzetan, bai zentro berrietan”, gogoratu du foru diputatuak.

Inbertsioetarako dirulaguntzak

Bigarren erabakia ere transformazio prozesu honekin lotuta dago, eta hau ere pasa den astean iragarri zen prozesuaren pieza garrantzitsua dela adierazi du Mendozak. Izan ere, Kontseiluak gaur onartu ditu gizarte Zerbitzuen zentroetan inbertsioak egiteko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia, 12 milioi euroko aurrekontuarekin. “Laguntza plan honen bitartez, inbertsiok sustatu nahi ditugu adinekoen egoitzetan zein gainerako gizarte zerbitzuen zentroetan. Honela, Gizarte Politikako departamentuak lurralde osoan antzemandako beharrekin bat datozen ekipamenduen sarea sustatu nahi da, bai eta ekipamenduen eskualdeetako banaketa egokia eta dauden zentroetan kalitate maila gorenak bermatzeko”, azaldu du.

Laguntza deialdia bost lerrotan banatzen da. Lehenengo lerroan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzak luzatu zaizkie, udal eskumeneko zentro berriak sortzeko. 4 milioi euro bideratu dira honetara. Bigarrengoan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeentzako dirulaguntzak jaso dira, lehendik dauden zentroak handitu, eraberritu edo egokitzeko. 1,1 milioi euro bideratu dira honetara. Hirugarrenik, zentro berriak sortzeko erakunde pribatuentzako dirulaguntzak emango dira, 2,7 milioi euroko zuzkidurarekin. Laugarren lerroan, erakunde pribatuentzako dirulaguntzak emango dira, lehendik dauden zentroak handitu, eraberritu edo egokitzeko. 2,7 milioi euroko zuzkidura izango du atal honek. Eta azkenik, bosgarren alorrean hirugarren sektore sozialeko erakundeen egoitzetan egin beharreko inbertsioetara beste 1,5 milioi euro bideratuko dira.

“Dirulaguntzen deialdi hau beste bultzada bat da lurraldeko egoitzak pixkanaka zaintza eredu berrira egokitzeko. Finantzaketa lerro oso bat, Gipuzkoa zainketen abangoardian jarriko duen jauzia emateko balio duena”, esan du Mendozak. Bere ustetan, erabaki honek ahalbidetuko du adinekoen zentroetan esku-hartzeak ugaritzea eta egoitza eredu berria eskualde guztietara hedatzea. “Jauzi hau erabakigarria da Gipuzkoan orain dela 7 urte baino gehiagotik lantzen ari garen eraldaketa gauzatzeko. Aldaketa hori, pandemiaren ondorioz bizkortu da eta gure egoitzetan gauzatzen ari da, eta azken urteotan Gizarte Politiketako departamentuak eta erakunde eta pertsona askok egindako lanaren emaitza da. Hori posible da soilik punta-puntakoa eta aitzindaria den gizarte politiken eredu bat dugulako, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetzan oinarritua”, nabarmendu du.

Artisautza

Bestalde, baita ere gaur onartu da Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko dirulaguntza programaren 2023ko deialdia. Deialdi hau gauzatzeko 455.000 euroko gastua baimendu da. “Artisautzak, bai ikuspegi tradizionaletik eta baita garaikidetik ere, ahalmen eta bideragarritasun handia dauzka gure gizartean. Ekoizpena eta banaketa garatu nahi ditugu, jarduera honek dituen enfoke soziala, kulturala eta ekonomikoa uztartuz”, esan du Mendozak. Azpimarratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraitu egin nahi du Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko konpromisoa sendotzen. Konpromiso horren bitartez lortu nahi da sektorea bera ahalduntzea; bere ikusgarritasuna indartzea; profesionaltasun, prestigio eta kalitateko ingurune batean kokatzea;  eta sektorearen bideragarritasun ekonomikoa eta soziala garatzea.

“Horrek guztiak dakar estrategia bat aurrera eramatea eskulangintzaren sektorearentzat  etorkizun iraunkor bat, soziala eta ekonomikoa lortzeko, sektoreko harreman eredu berrietan oinarritua. Laguntza hauek testuinguru horretan kokatzen dira”, aldeztu du. Azpimarratu duenez, helburu nagusia da sektoreko enpleguari eta jarduerari eusten laguntzea, oinarrizko bi lehentasunen bidez: batetik, jarduerari eusteko finantzaketa eta likidezia ematea, eta, bestetik, merkatuarekiko eta bezeroekiko hurbiltasuna indartzea, bai online, bai, orain arte, azokarik garrantzitsuenen bidez. 

  

2945