Lau pertsona hil dira eta 18k eman dute positibo azken orduetan
Lau pertsona hil dira eta 18k eman dute positibo azken orduetan
Guztira, 12 dira kasu positiboren bat antzeman duten egoitzak eta 18 dira hildako pertsonak.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman du, 5.425 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan jasotako azken datuen arabera, lau lagun zendu direla eta 18k eman dutela positibo Covid-19an. Hil diren lau pertsonak Beasaingo Arangoitin, Irungo Caser Residencial Anakan eta bi lagun Tolosako Iurramendin bizi ziren. Guztira, 12 dira kasu positiboren bat antzeman duten egoitzak, 18 dira hildako pertsonak eta 135 kasu positibo hauteman dira Gipuzkoako egoitza sarean. Gurutze Gorrira 25 pertsona eraman dira eta 10 ospitaleratuta daude.
Beste alde batetik, bozeramaileak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik "egungo eta etorkizuneko beharren arabera" planteatzen dela aterpetxeak erabiltzea. Horregatik, Hondarribiko eta Orioko aterpetxeez gain, Zarauzko zentroa ere bideratu da bizitegi bazterketa egoera larrian dauden pertsonen arretara. "Udalekin, hirugarren sektoreko eragileekin eta Osakidetzarekin lankidetza estuan jarraitzen dugu pertsona hauei behar duten arreta eskaintzeko, osasun krisi honen ondorioz bizi dugun errealitatearen aurrean, egoera zaurgarrian daudenak", azpimarratu du Mendozak.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko aterpetxea ere bideratu du, dagoeneko 10 pertsona eraman dira bertara, "eta 30 plaza arteko edukiera du". 30 plaza horiek, beraz, udaletatik eta gizarte erakundeetatik bideratutako baliabideetara gehitzen dira, baita Aldundiak Hondarribian zabaldutako 25 plazetara eta Orion irekitako beste 20tara, "kasu guztietan handitzea posible delarik eta helburu dugula sare bat sortzea", adierazi du bozeramaileak.
1641