Lazo-lotune batek emango dio Andoaingo N-I eta A-15eko korapiloari soluzioa
Lazo-lotune batek emango dio Andoaingo N-I eta A-15eko korapiloari soluzioa
Foru Aldundiak Astigarragatik datorren A-15 errepideko trafikoa, N-I errepidearekin lotuko duen azpiegitura berria aurkeztu du. Elkargune horretan auto-pilaketak sortzen dira gaur egun. Soluzio horri esker, etorkizunean esku-hartze berriak egiteko aukera zabaltzen da, Andoainen N-I errepidearen afekzioak murriztu eta ingurunean modu hobean integratzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bazkardo inguruan, Andoainen, A-15 eta N-I errepideen lotura hobetzeko proiektua aurkeztu du gaur, bi errepide horien arteko elkargunea lazo egitura baten bidez berrantolatuko duena. Gipuzkoako “bide-lotune garrantzitsu eta erabilienetako batean” kokatzen da eta soluzio honen helburua da egunero auto-ilarak eragiten dituen bide-korapiloa konpontzea, eta hura arintzea, udalerriaren hiri-eremua baldintzatu gabe.
Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak aurkeztu dute proiektua. Planteatutako soluzioak inpaktu txikiagoko esku-hartzea lehenesten du, eta Bazkardoko auto-ilarekin amaitzea ahalbidetzen du. Puntu kritiko hori, Mendozaren hitzetan, “Gipuzkoako lurralde osoko eguneroko pilaketa-gune handiena” da.
Diseinu berriarekin, errepidearen funtzionaltasuna eta gaitasuna nabarmen hobetzea aurreikusten da, zirkulazio arinagoa bermatuz eta Andoaingo hiri-bilbeari ahalik eta afekzio gutxien eraginez, lotura guztia iparralderago eramaten baita eta hiri-eremutik urruntzen baita. Kalkuluen arabera, lazoak 18.500 ibilgailu inguru (Eguneko Batez Besteko Intentsitatea) xurgatuko ditu egunero Astigarragatik (A-15) hegoalderantz datorren trafikotik. Gaur egun N-I errepidean sartzen da trafiko hori, Tolosarako noranzkoan. Guztira, N-I eta A-15 errepideetako trafikoak batzen diren tarte horretatik, Andoain paretik igarotzen den zatian, 70.000 ibilgailu pasatzen dira egunero (EBI).
Ildo horretan, Mendozak azpimarratu du azpiegitura berriaren diseinuak trafikoak berrantolatzeaz gain, eremu horretako auzoetarako hobekuntzak sartzeko aukera ere irekitzen duela, azpiegitura bere ingurunean integratzen laguntzeko.
Trafikoaren berrantolaketa
A-15 eta N-I errepideen arteko egungo lotura, Andoainen, hegoaldetik Tolosarako norabidean, errei bakar baten bidez egiten da, trazadura bihurgunetsu eta itxi batekin. Konfigurazio hori oso mugatua da, eta egunero auto-ilarak sortzen ditu, ibilgailu astunen zirkulazioak areagotzen dituena. Trafikoaren arintasuna zailtzen du horrek eta etengabeko atzerapenak eragiten dira. A-15 errepideak, Astigarragatik Andoaingo elkarguneraino doan zatian, 37.000 ibilgailu hartzen ditu batez beste egunero (EBI).
Ibilbide berria Atorrasagastiko tunelaren irteeran hasiko da eta bi erreiak mantenduko ditu Lasartetik datorren N-I errepidearekin bat egin arte. A-15 errepidearen enborra N-I errepidearen eta Oria ibaiaren gainetik igaroko da, perpendikularki, 595 metroko luzerako lehen egitura baten bidez. Ondoren, 215 metroko bigarren egitura kurbatu batek N-I errepidea eta Oria ibaia zeharkatuko ditu, eta Tolosa-Lasarte tartean N-I errepidearekin bat egingo du. Galtzadaren azken konfigurazioak 3,5 metroko bi errei, 2 eta 1 metroko bazterbideak eta 0,6 metroko zabalera duten segurtasun-hesiak izango ditu. Gainera, bidezubiaren lehen zatian argiak eta zarataren aurkako pantailak jartzea aurreikusi da, inpaktua murrizteko.
Trazadura honako fase hauetan banatzen da:
• Atorrasagastiko tunelaren irteeran hasten da. Buruntzako lotunerako irteera-adarra (herriko trafikoetarako) galtzadaren ezkerreko aldetik egingo da, eta bi erreiak mantenduko dira Tolosarantz doazen ibilgailuentzat (A-15 errepidearen enborra).
• A-15 errepidearen enborra N-I errepidearen eta Oria ibaiaren gainean egongo da, eta lehen egitura haranaren ezkerreko hegalean bermatzen da, 70 metroko luzeran. Egitura 8 pilaretan (9 bao) bermatuta dago eta 595m-ko luzera du.
• Ondoren, bigarren egitura kurbatu batek N-I errepidea eta Oria ibaia gurutzatzen ditu berriro, eta altuera jaisten doa, N-I errepideko Tolosa-Lasarte galtzadaren ondoko zabalgunean lurreratu arte. Egitura honek 5 pila (6 bao) eta 215 metroko luzera ditu.
• A-15 eta N-I errepideek bat egiten duten gunea eta 4 eta 3 errei bitarteko pasabidea egungo oinezkoentzako pasabidearen parean amaitzen dira.
Bestalde, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak nabarmendu du aurkeztutako diseinua azterketa zorrotz baten emaitza dela, udalerriko hiri-eremuan ahalik eta eragin txikiena izateko. "Planteamendu horri esker, N-I errepidearen eta Andoaingo herrigunearen arteko interakzioa hobetu daiteke, inguruan eta auzoetan hobekuntzak proposatzeko atea irekiz”. Gainera, “garrantzitsua da nabarmentzea obra egiten den bitartean trafikoan izango duen eragina oso txikia izango dela, jarduketaren zatirik handiena egitura berriak eraikitzea izango delako, egungo zirkulazioari eragin gabe”, adierazi du Urkolak.
Proiektuaren kostu-estimazioa 43 milioi eurokoa da, eta proiektua idazteko lizitazioa jada onartu da 386.297,93 euroan (BEZa barne). Aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektua 2025eko bigarren seihilekoan idatziko da, obren lizitazioa eta obren hasiera 2026an gauzatzea espero da.
2197