Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Legazpin gertutako eraso matxista salatzeko adierazpena

Legazpin gertutako eraso matxista salatzeko adierazpena

Legazpin emakume batek berriki jarritako salaketa dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespenik irmoena plazaratu nahi du bortizkeria matxista kasu honen aurrean.

2020/07/20

Aldi berean, erakunde adierazpen honen bitartez, foru erakundeak erabateko elkartasuna eta babesa eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako Protokolo Instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Legazpiko Udalak aho batez erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin eta gogorarazi du gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak direla, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak direla, ez dutela lekurik Gipuzkoan.

Halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera matxistak. Horregatik guztiagatik, egungo pandemia egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten. Erakunde eta herritar oro gertu gaude edozein unetan haiek laguntzeko.

Berdintasuneko foru zuzendari Miren Elgarrestak, bihar, hilak 21, 19:00etan herriko udaletxearen parean deitutako elkarretaratzean parte hartuko du. Udalak, herriko talde feministarekin adostuta, deitutako salatze ekitaldia izango da.

  

1507