Lehen sektorea bultzatzera 3 milioitik gora bideratuko ditu Foru Aldundiak
Lehen sektorea bultzatzera 3 milioitik gora bideratuko ditu Foru Aldundiak
Nekazal ustiategientzako eta negozio berriak sortzeko diru laguntzak onartu ditu Diputatuen Kontseiluak
2019an Gipuzkoako landa eremua bultzatzera bideratutako deialdiak onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak. Horietako lehenak nekazal ustiapenetako inbertsioak eta landa eremuaren garapena sustatzea diru helburu: 2.550.000 euro inbertituko dira diru laguntzetan horretarako. Europar Batasunak %53ko finantzaketa jartzen du Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (FEADER). Lagundutako lan ildoen artean, hauexek daude: ustiategien ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea; enpresa kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea; ekoizteko ahalmena handitzea; ingurumen iraunkortasuna hobetzea; abereen higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, ekoizpenen ibilbidea eta laneko segurtasuna hobetzea; eta inbertsio berritzaileak ahalbidetzea
Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, diru laguntza horiek garrantzi handia daukate Gipuzkoako ustiapenen modernizazioa errazteko, makineria eta teknologia berriak txertatuz, eta baita ingurugiroaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik ere, energia kontsumoaren murrizketa, hondakinen biltegiratzea eta kudeaketa, negutegi efektua sortzen duten gasen emisioen murrizketa, edota ongarrien erabileran eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen baitute.
Aurtengoan ere epea aurreratu da diru laguntzen tramitazioa azkartzeko –lehen ekaina-uztailean egiten zen-, eta eskaerei modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko. “Babesari eutsiko diogu hurrengo urtean ere, sektorearekiko dugun konpromisoa finkatuz, eta horrez gain, gure desburokratizazio politikari jarraiki, prozesua aurreratu eta azkartu dugu aurten ere, eskatzaileek zer babes ekonomiko izango duten ere lehenago jakin ahal izateko”, azaldu du Lasak. Diru laguntza hauek “oso harrera ona” ari dira edukitzen profesionalki sektorean jarduten duten herritarren artean. Gipuzkoako nekazaritza sektoreak “etengabeko hobekuntzarekiko” eta “bikaintasunarekiko” duen jarrera ona erakusten dute, bozeramailearen esanetan. Aurten, 165 ustiategi izan dira onuradun, guztira.
Kontseiluak onartutako beste deialdia, nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzak arautzen dituena da. Nekazaritzan “ondo prestatutako eta trebatutako gazteak” sartzea da landa garapen politikaren beste ardatz bat da, belaunaldien erreleboa bultzatuz, eta landa lurren tokiko garapena, dibertsifikazioa, enpresen sorrera eta garapena, eta enplegua sustatuz, nekazarien bizi baldintzak euskal gizarteko gainerakoenekin homologagarri eginaz. Kasu honetan, 15.000 euro handitu dira aurreikusitako diru laguntzak, 855.000 euro guztira, eta epea aurreratu egin da oraingoan ere. Aurten, diru laguntzoi esker, 22 gaztek -40 urtetik beherakoak- hasi dute bidea sektorean, horien artean 6 emakumek, enpresa berriak sortuz, edo martxan zeudenak bere gain hartuz.
Lehen sektorearen egitura indartzeko helburua duten diru laguntza hauek, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu sektorea garatzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea, etorkizuna beraiekin eraikiz”, esan du Lasak. Lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: “Beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren, zein lurralde orekaren ikuspegitik”
IMHrekin elkarlana
Era berean, Kontseiluak onartu du 300.000 euroko diru laguntza ematea IMH-Makina-Erremintaren Institutuari, Fabrikazio Gehigarria proiektuaren garapena finantzatzeko. Horren bitartez, Fabrikazio Gehigarriko eta 3D inpresiorako espazioan instalazioak eta ekipamenduak indartuko dira. IMH Fabrikazio Aurreratuaren Zentroa da, alor horretan prestakuntza espezializatua eskaini, eta enpresentzat berrikuntza teknologiko eta organizazionalen zerbitzuak eskaintzen dituena. Etorkizuneko sektoreetan gaitasun profesionalak eskuratu eta garatzea Aldundia egiten ari den apustuarekin dago lotuta erabakia.
Fabrikazio gehigarria, edo gehiketa bidezko fabrikazioa, teknika bat da. Horren bitartez, materiala (plastikoa edo metala), geruzaz geruza ipintzen da era kontrolatuan, beharrezkoa den lekuan. 3D inpresioa bezala ere ezaguna, forma pertsonalizatuak sartzea ahalbidetzen du, sektore bakoitzak dituen beharren arabera. Bitartezko prozesuak murrizten ditu teknologia horrek, tresneriaren ekoizpena esaterako, piezak %90 azkarrago egitea erraztuz. Hondakinak ez dira sortzen, osagaiek kostu baxuagoa dute eta modu jasangarrian ekoizten da. Hori guztia dela-eta, azken urteotan hazkunde nabarmena eduko du sektoreak, bere abiaduragatik, zehaztasunagatik eta aurrezpenagatik.
Aldundia elkarlanean dihardu fabrikazio aurreratuaren alorreko eragileekin – industria, hornitzaileak, ikerketa zentroak, unibertsitatea, lanbide heziketa eta zerbitzuak- sarea sortzeko, eta ahalegin horretan kokatu du Lasak gaurko neurria. “Hezkuntza ekosistema indartzeko inbertsio egokiak egitea, gaitasun handiena duten sektoreei lotutakoan batik bat, pertsonen eta lurraldearen etorkizunean inbertitzea da, zuzenean. Ekosistemak ezagutza sortzeko duen potentzial guztiaz baliatu behar gara, enplegu gehiago eta hobea sortzeko, eta gizarte kohesioa indartzeko”, adierazi du.
Gastronomia digitala
Bestalde, gaurko bilkuran, gastronomia digitalaren alorreko beste bi diru laguntzari eman zaie oniritzia. Alde batetik, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldeak (ACEDE) 100.000 euro jasoko ditu SZukaldatzen LAB proiektua garatzeko. Gipuzkoako egoste industriarako berrikuntza plataforma bat da eta CS Centro Stirling S. Coop. enpresarekin batera garatuko da. Sektorearentzat baliozko proposamen berritzaileak asmatzeko proiektuak eta ekimenak sortzea du xede. Teknologia digitala sartzeak kalitatea areagotuko du balio proposamenean, egoste emaitzetan, osasunaren hobekuntzan eta egosketaren jasangarritasunean.
Bestetik, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak 50.000,00 euro jasoko ditu osatu duen gizarteratze plana aurrera eramateko. Horrela, alde batetik, teknologia berriak modu orokorrean sartuko dira Gipuzkoako ostalaritza jardueran, eta, bestetik, beste sektore batzuetako ikerketa jardueran parte hartuko dute (heziketa, industria, eta abar), lan tresna berriak eta negozio eredu berriak sortzeko helburuarekin, Gipuzkoako ostalaritza sektorearen lehiakortasun orokorra hobetze aldera. Digitalizazioa sustatzeko zerbitzua sortzea aurreikusten du planak, adibidez.
“Gipuzkoa gastronomiaren esparruko munduko erreferenteetako bat da zalantzarik Gabe, bai jatetxeen kasuan eta goi mailako sukaldaritzaren kasuan, baina baita beste eragile batzuetan ere, ekoizleetatik hasi eta prestakuntzatik nahiz osagaien industriatik igaroz, azken kontsumitzailearengana iritsi arte. Estrategia honekin, eta LABe erreferentziazko zentroaren aterkipean, puntako egoera hori indartu nahi dugu”, azaldu du foru bozeramaileak.
Gizarte politika
Azkenik, Donostiako Autonomia kalean kokatutako bi lokal egokitzeko obren exekuzio proiektua onetsi da, 780.647,54 euroko aurrekontuarekin. Lanek sei hilabete iraungo dute. Gizarte Asegurantzaren Altxortegi Orokorrak zituen instalazioetan kokatzen dira bi espazioak, Foru Aldundiari laga zaizkionak. Beheko solairuko lokalean, aurreikusten da elkarbizitza edo topaketa puntua jartzea, Aldundiaren zaintzapean dauden adin txikikoentzat eta haien familiarrentzat. Lehen solairuan, berriz, desgaitasuna duten pertsonentzako etxebizitza bat egingo da.1592