Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Leire Olaberriari babes osoa eskaini dio

Aldundiak Leire Olaberriari babes osoa eskaini dio

Espainiako Txirrindularitza Federazioari eskatu dio berrikus ditzala berdintasun protokoloak

Kultura eta Kirol diputatuak Espainiako Txirrindularitza Federazioari eskatu dio berrikus ditzala berdintasun eta kontziliazio protokoloak, eta egin dezala ikerketa bat gertatutakoa argitzeko.

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak irmo defendatu du Leire Olaberria Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin duen auzian, «ama delako jasaten ari den diskriminazioa» dela eta salaketa aurkeztu baitu txirrindulariak. Itxasok adierazi du Federazioak printzipio eta balore jakin batzuk bermatu behar dituela, besteak beste, diskriminaziorik eza eta berdintasuna, eta ezin duela onartu inondik inola ere, irizpide pertsonalek edo kirol arlokoek zalantzan jartzea.  «Pertsonen oinarrizko eskubideei buruz hitz egiten dugunean kontu handiz ibili behar dugu. Irizpide teknikoak edo kirol arlokoak aipatzea, gutxienez, zalantzazkoa da, eta Federazioak esku hartu behar du; aurrena, kirolariari entzun behar dio; eta, ondoren, ikerketa bat egin, eta gertatutakoa argitu. Guztion onerako, ez da zalantza izpirik gelditu behar».

Foru diputatuak adierazi du Leire Olaberria gure kirol talenturik handienetakoa dela. «Aspaditik ari gara Leirerekin lankidetzan, eta ondo baino hobeto dakigu buru-belarri aritzen dela eta dena ematen duela, emaitzek adierazten dutenaz gain. Itxasoren ustez, Federazioak aztertu beharko luke ea berdintasunari, diskriminazio ezari eta amatasunaren eta kirolaren arteko kontziliazioari buruzko protokoloak egokiak diren; bereziki, amatasun bajak eta kontziliazioa gizartean erabat onartutako gaiak izanda. «Kirola balio erreferente bat da, batik bat gazteentzat, eta ezin dugu utzi zalantzak pizten edo mezu nahasgarriak zabaltzen emakumeen berdintasunaren arloan». Itxasok nabarmendu du gaur egun kirolak duen erronka etikorik garrantzitsuena, indarkeria desagerrarazteaz gain, emakumeen berdintasuna eta diskriminaziorik eza direla.

Azkenik, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Leire Olaberria babesten jarraituko duela, bere kirol talentua, bere ibilbidea eta berak islatzen dituen balioak ezin direlako bazterrean utzi. «Leire Olaberriak gure babes osoa izango du; txirrindularitzak ezin du txapeldun bat galdu, eta kirolak eredugarria izan behar du emakumeen berdintasunari dagokionez».

 

  

1623