Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Lesarriko tunela berriz irekiko da bihar, segurtasun maila altuena bermatzeko sistema teknologiko aurreratuekin hornituta

Lesarriko tunela berriz irekiko da bihar, segurtasun maila altuena bermatzeko sistema teknologiko aurreratuekin hornituta

Larunbat goizetik aurrera bi noranzkoetan egongo da zabalik, gertakariak automatikoki detektatzeko gaitasuna duten 36 kamera adimendunekin

2025/04/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkola ostiral honetan izan dira bisitan AP-1 errepideko Lesarriko tunelean, Behobiako noranzkoan, lanak amaitu ostean. Azpiegitura berritua oraingo larunbatean, apirilak 12, irekiko da guztiz. Mendozak nabarmendu duenez tunelaren bi hodien eraberritze integralak “segurtasunaren eta ekipamendu teknologikoaren arloan Europako estandar gorenen maila gainditzen du”. Era berean, azpimarratu du obra honekin Garraio Adimendunen Sistemen (ITS) eguneratze teknologikoari dagokionez egindako ahalegina, “inbertsioaren %60 segurtasuna, eraginkortasun energetikoa eta gertakarien kudeaketa aurreratua bermatzen duten soluzio teknologikoetan egin baita”. Halaber, Mendozak azpimarratu nahi izan du, hasiera batean maiatzaren bigarren hamabostaldian aurreikusita zegoen berrirekitzea aurreratzea lortu dela, “proiektuan parte hartu duten guztien lankidetza koordinatuari esker”, eta horrela, “Aste Santuko kanpainan trafiko igoerak eragin ditzakeen afekzioak saihestu ahal izango dira”.

Diputatu nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoako ahalmen handiko errepide-sare nagusia osatu ondoren —‘Gipuzkoako biribilgunea’ izenez ezaguna—, Foru Aldundiaren lehentasuna da “errepideen segurtasunean, erosotasunean eta jasangarritasunean aurrera egitea”. “Lesarriko tunelaren berritzeak urrats bat gehiago dakar norabide horretan, trafikoaren segurtasunean, azpiegituraren eraginkortasun energetikoan eta etorkizuneko errepideetan beharrezko izango diren sistema adimendunen ezarpenean eragin oso positiboa izango baitu”, azaldu du, eta gaineratu du Gipuzkoak norabide horretan inbertsioak egiten jarraituko duela.

Lesarriko tunelean egindako hobekuntzen artean daude barruko instalazio guztien berrikuntza, egituren sendotzea eta teknologiaren berritze sakon bat. Zehazki, bost ebakuazio-galeria eguneratu dira, alderik aldeko haizagailu berriak, sute-hesiak eta LED luminariak instalatuz, segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Gainera, zirkuitu itxiko 36 kamera instalatu dira, adimen artifiziala baliatuta gertakariak automatikoki detektatzeko gai direnak: gelditzen diren ibilgailuak, noranzko okerrean doazenak edo oinezkoak atzeman ditzaketenak, besteak beste. Horri esker, zaintza jarraitua eta erantzun azkarra bermatzen dira. Bidegik 23.822.890€ inbertitu ditu azpiegitura hau eguneratzeko, 24 hilabete iraun duten lanetan.

Mendozak azaldu du Lesarriko tunela 1998an proiektatu eta 2003an jarri zela martxan. “Gaur egun teknologia askoz aurreratuagoak ditugu, eta horiekin hornitu dugu azpiegitura hau, gure lehentasun nagusia egunero bi noranzkoetan igarotzen diren 20.000 ibilgailu baino gehiagoren segurtasuna bermatzea baita”, azpimarratu du diputatu nagusiak.

Aldi baterako itxiera gaur gauean

Berrirekiera dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du, AP-1 autobidea bi noranzkoetan itxita egongo dela Bergara Hegoaldea eta Maltzaga artean ostiral honetan, apirilak 11, 21:30etik larunbateko 09:00ak arte, obretan erabilitako materiala kentzeko eta irekitze-lanak amaitzeko. Aldi baterako itxiera honetan, AP-8tik Gasteizera doazen ibilgailuek Eibarko irteera hartu beharko dute eta GI-627 errepidetik jarraitu Bergara Hegoalderaino, AP-1era sartzeko. Bilborantz edo Behobiara doazenek ibilbide bera egin beharko dute alderantziz.

Lanak gauean egingo dira, trafikoan eraginik txikiena izateko helburuarekin.

 

AP-1ean egindako azken inbertsioak

Azken hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lanean ari dira etengabe azpiegiturak eta erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko. Arlo horretan kokatzen dira, besteak beste, Eskoriatzako lotunea hobetzeko 1.068.430 € inbertsioa, edo atzo osteguna onartutako Arbizelaiko (Arrasate) zubi tirantedunaren berrikuntza, 1.338.260 euroko aurrekontuarekin eta zazpi hilabeteko epearekin.

Era berean, lizitatuta dago AP-1 eta AP-8 lotzen dituen zubiaren berrikuntza, Maltzagan, Soraluze, Eibar eta Elgoibar arteko elkargunean. Proiektu horren aurrekontua 7.953.330 eurokoa da, eta adjudikatu ondoren 25 hilabeteko exekuzio-epea izango du.

Azkenik, erabiltzaileei aurrez aurreko arreta hobea eskaintzeko helburuarekin, otsailaren 3tik aurrera martxan dago Ondartzan (AP-1aren Bergara Iparraldeko sarreran) kokatutako bezeroarentzako arreta-zentro berria. Bulego berriek egunean 25-30 pertsona inguru hartzen dituzte, beren gailuak kudeatzeko edo informazioa jasotzeko, Aritzetara joan beharrik gabe.

  

6550