Limako Turismo Gastronomikoaren II. Mundu Foroan Gipuzkoako sukaldaritzak arrakasta handia izan du
Limako Turismo Gastronomikoaren II. Mundu Foroan Gipuzkoako sukaldaritzak arrakasta handia izan du
Gipuzkoako hiru sukaldarik euskal-perutar afari bat eskaini dute Gaston Acurio maisuarekin batera, Donostia eta bere eskualdea sustatzeko xedez
- Itxaso: “Donostiak nazioarte mailan duen magnetismo gastronomikoa zabalduko dugu Gipuzkoa osora”
Gipuzkoako ordezkaritza batek Perura bidaiatu du, Liman, apirilaren 27, 28 eta 29an, antolatutako Turismo Gastronomikoaren II. Mundu Foroan parte hartzeko; bertan, 56 herrialdetako 2000 parte-hartzailetik gora izango dira. Peruko Gobernuak, Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek antolatu dute foroa, eta izen handiko sukaldari gipuzkoarrak izango dira bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. “Gastronomia arloan mundu mailako lidergoa izateak kongresu mota hauetan parte hartzera behartzen gaitu, ekitaldi horietan izaten baitira chef onenak eta gastronomiari lotutako turismoko praktika onenak; halaber, aukera ematen dute esperientzia berriak eta onak ezagutzeko, eta gure tradizioak nahiz teknikak beste batzuenekin bateratzeko. Horrek kosmopolitismoa eta egokitzeko gaitasuna ematen dizkio euskal sukaldaritzari, eta bi ezaugarri horiek funtsezkoak dira turismoari lotutako merkatuen esparruan”, esan du Denis Itxasok, lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Turismoko diputatuak.
Turismo Gastronomikoaren II. Mundu Foroaren lehen edizioa Donostian egin zen 2015ean, eta bertan egingo da berriro 2017. urtean. Hauek dira topaketa horren helburu espezifikoak:
Premiak hobeto ezagutzea eta turismo gastronomikoaren mundu mailako kudeaketa hobetzea.
Turismoa eta gastronomia lotzen dituzten ekimen arrakastatsuen esperientziak transmititzea nazioarte mailan.
Profesionalen artean informazioa trukatzeko dinamikak ezartzea, turismo gastronomikoaren garapenari lotutako beharrak eta arazoak zehaztu ahal izateko.
Turismo alorrean berrikuntzaren kontzeptua sustatzea, garapen jasangarri baterako oinarriak ezartzeko.
Ondorio baliagarriak ateratzea parte hartzaileentzako, administrazio publikoentzako eta alor pribatuarentzako, etorkizunari begira proposamenak egiteko.
Gipuzkoako lurraldea Donostiako eskualde gisa saldu da mundu foroaren aurrean, “bertako produktu freskoak benetako bitxi-dendak diren azoketan erosteko aukera ematen duen eta jateak gizarte dimentsioa hartzen duen lurraldea". Itxasok mundu mailako turismo gastronomikoaren praktika onak aztertzeko saio batean parte hartu du beste lau arduradunekin batera, hauekin hain zuzen: Ben Lyman (The Travel Fundation, London), Rebecca Mackenzie (Ontario Culinary Tourism Alliance), Wantanee Suntikul (The Hong Kong Polytechnic University) eta Mitsuharu Tsumura (Chef, Maido, Lima). Aditu taldearen saioaren barruan, turismo alorreko diputatuak azpimarratu du gaur egun gastronomia dela gure erakargarritasun turistiko nagusiena eta nazioarte mailan magnetismo handiena duen elementua. Baina, hala ere, lurraldeak bere estrategiak zehaztu nahi ditu berriro, Donostia markak Gipuzkoa osoa ere, bere eskualdea, har dezan; izan ere, eskualde osoan dago aukera kalitate handiko barazkiak, haragiak eta arrainak dastatzeko eta, aldi berean, inguruak duen giro berezi eta ikusgarriak hiriaren eskaintza gastronomikoa aberastu eta osatzen du. Gainera, Michelin izarrak dituzten jatetxe gehienak Lurraldean daude kokatuta. Guk lanean jarraituko dugu epe luzera begira, gure gastronomiak egun duen bikaintasun eta sormen maila bermatzeko eta, ondorioz, hark emandako ospea, erakargarritasuna eta errekonozimendua izaten jarraitzeko.
Restaurante Astrid y Gastón (Casa Moreyra) jatetxean egindako euskal-perutar afarian, Aldundiak “Explore San Sebastian Región" marka sustatzeko bideoa proiektatu zuen, lurralde osoan lor daitezkeen esperientzia gastronomiko ugariak eta desberdinak ezagutzera emateko egindakoa. Roberto Ruiz de Aginagak (Tolosako Frontoi Jatetxea), Pablo Loureirok (Urola Jatetxea, Donostia) eta Edorta Lamok (A fuego Negro, Donostia) erakutsi dute Gipuzkoak sukaldean duen trebetasun aparta, eta mundu mailan Peruko sukaldari ezagunena den Gastón Acuriorekin partekatuko dute sukaldeko lana; izan ere, Peruko sukaldaritza berria gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da nazioarte mailan eta onura asko ematen ari zaio Andeetako herrialdeko alor turistikoari.
Mundu Foroko lan jardunaldiak lau saiotan antolatu dira alor hauetara bideratuta: turismo gastronomikoaren erronkak; mundu mailako turismo gastronomikoaren praktika onak; turismo gastronomikoari lotutako produktu eta esperientzien garapena; eta turismo gastronomikoaren alorreko eskumenak eta prestakuntza.
1785