LTB emakumeak: Sororitatea eta feminismoa
LTB emakumeak: Sororitatea eta feminismoa
2020ko ekainaren 28a: LGTBIen Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala.
LGTBI kolektiboak ekainaren 28an ospatzen du LGTBI harrotasunaren eguna, eta bere aldarrikapenak munduan osoan oihartzuna izatea lortu du, gizarte zibileko talde askok eta milaka eta milaka pertsonak abiarazitako hainbat ekintzari esker. Ospakizun honek gogora ekartzen digu zenbat aurreratu dugun alor honetan; baina gogorarazten digu, baita ere, hainbat pertsonek beren genero-identitateagatik eta sexu-orientazioagatik oraindik ere zenbat eskubide-urraketa jasaten dituzten, ezaugarriok, zinez, gure indibidualtasunaren alderdi integralak direnean eta ez liratekeenean aitzakia izan beharko, ez inolako diskriminaziorako, ez inolako abusutarako.
Gipuzkoan ere maiz gertatzen dira, sexu-orientazio edo identitate hutsagatik, pertsonen aurkako indarkeria eta diskriminazio jokabideak. Horregatik, duela hilabete batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gehitu elkartearekin batera, “LGTBI+ Populazioaren errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan” txostena plazaratu zuen. Han bildutako datuek adierazten digute LGTBI+ identifikatzen diren pertsonek diskriminazioa sentitzen dutela hainbat eremutan, eta esparru horietako batzuetan, hala nola espazio publikoan, familia eremuan, lagunartean, aisialdian eta kulturan, bai eta hezkuntzan ere, maiz jasaten dituztela diskriminazio egoerak; maiztasun esanguratsu eta, jakina, onartezin batean.
Horregatik, Gipuzkoari buruzko azterlan honek adierazten digu, baita ere, oso egokia dela aurtengo ekainaren 28rako hautatu den leloa: 2020, LTB emakumeak: Sororitatea eta feminismoa. Izan ere, LTB emakumeen errealitatea ia ikusezina da gurean ere, eta garaia dugu jasaten dituzten diskriminazioei arreta osoz begiratzeko.
Aurten, COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu LGTBI+ pertsonek beren errealitateari aurre egiteko dituzten zailtasunak eta oztopoak. Maiatzaren 17an, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Nazio Batuek gogorarazi ziguten erakunde publikoek aintzat hartu behar ditugula COVID-19ak lesbiana, gay, bisexual, transgenero edo genero aniztuneko pertsonengan (LGTB) dituen ondorioak, pandemiaren aurka borrokatzeko neurriak diseinatu, ezarri eta ebaluatzerakoan. Zoritxarrez, egiturazko baldintza diskriminatzaile ugari bizi dituzte gizatalde hauek eta honek zaildu egin dezake ikuspegi horrekin lan egitea; izan ere, pertsona horien aurkako estigma eta diskriminazioa oztopo astunak dira eta asko zaildu dezake pandemia haiengan izaten ari den inpaktua dokumentatu eta ulertzea.
Horregatik guztiagatik, 2020ko ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak
- Berresten du pertsona guztiek beren sexu-orientazioa eta genero identitatea askatasunez aukeratzeko duten eskubidearen defentsa.
- Berresten du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen giza eskubideak babesteko eta bermatzeko politika publikoak planteatzen jarraitzeko konpromisoa, diskriminaziorik ezaren eta aukera-berdintasunaren oinarrizko printzipioen arabera.
- Konpromisoa hartzen du Aniztasunaren aldeko Bizikidetza Plana, LGTBI+ pertsonenganako diskriminazioa aintzat hartzen duena, bultzatzen jarraitzeko eta Gipuzkoako Diagnostiko Txostenean eskatzen diren hainbat ekintza planean txertatzeko, bereziki lan eta aisialdi-eremuetan.
- Konpromisoa hartzen du, Nazio Batuen maiatzaren 17ko proposamena bere eginez, azterlan bat abian jartzeko, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz LGTBI+ pertsonen aurka gertatu diren balizko eskubide-urraketak identifikatzearren.
- Bat egiten du LGTBI+ pertsonen aurka egindako balizko gorroto-delituen inguruan Nazio Batuek egindako deiarekin, eta lan egingo du osasun publikoko larrialdi honek ez ditzan zabaldu sexu orientazio eta genero identitate desberdinak dituzten pertsonen kontrako aurreiritziak, estereotipoak, bereizkeriak edo egiturazko oztopoak, ez eta ugaritu haien kontrako indarkeriak eta diskriminazioak ere.
- Begirada intersekzionala sustatuko du, askotariko diskriminazioei erantzun ahal izateko (generoagatik, orientazioagatik, jatorriagatik, etab.).
- Konpromisoa hartzen du LGTBI+ errealitatea giza eskubideen arloan dituen programetan txertatzen saiatzeko, besteak beste memoria historikoaren eta kultura demokratikoaren esparruetan.
- Gaitzesten eta kondenatzen ditu izaera homofobo edo diskriminatzaileko indarkeria ekintza esplizitu nahiz inplizitu eta jokabide oro.
- Gipuzkoarrei dei egiten die egun honetan parte har dezaten eta urte osoan, egunez egun, LGTBI+ pertsonen eskubideak babes ditzaten.
1990