Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak 20. urteurrena ospatuko du Ainhoa Artetaren kontzertuarekin

Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak 20. urteurrena ospatuko du Ainhoa Artetaren kontzertuarekin

Horrez gain, bi opera ere izango dira: «La Bohème», Pucciniren obrarik erromantiko eta entzutetsuenetakoa, eta Verdiren «Otello», Shakespeareren obra ezagunean oinarritutakoa.

2023/01/18
Luis Mariano

Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak 2023an ospatuko du bere 20. urteurrena. Oso urteurren berezia da, eta balioan jarri nahi dute urte hauetan egindako lana, eta denboraldi honetarako kalitate handiko programa bat prestatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak eta Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak gaur aurkeztu dute hogeigarren lirika denboraldia. Urteurrena ospatzeko, lirika nazionalaren historiako soprano onenetariko bat ekarri dute. Otsailaren 11n, larunbata, Ainhoa Artetak kontzertu berezi bat eskainiko du Amaia Kultur Zentroan. Artista tolosarrak Javier Carmenak pianoan lagunduta emango du errezitaldia. Sarrerak bazkideentzat dagoeneko eskuragarri daude www.irun.org/entradas webgunean eta Irungo Colon pasealekuko turismo bulegoan. Sarrerek 40 euro balioko dute bazkideentzat eta 60 euro ez-bazkideentzat.

Prentsaurrekoan izan dira María José Telleria Kulturako diputatua, Pedro Miguel Aginaga elkarteko zuzendaria eta Ángel Pazos zuzendari artistikoa. María José Telleriak azpimarratu duenez, «hogei urte daramatzagu txalotzen ekimen hau eta Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak opera ezagutarazteko egiten duen ahalegina. Lurraldean erreferenteak dira, gai direlako opera adin eta poltsiko guztietarako irisgarria egiteko».

Ángel Pazosentzat hogeigarren denboraldi lirikoak bi helburu handi ditu: «Batetik, urteurrena ospatzea eta ahalik eta gehien gozatzea, harro baikaude 20 urte hauetako lanaz. Horregatik programatu dira titulu lirikoak eta kontzertu enblematikoak denboraldi honetarako, eta Ainhoa Artetaren errezitaldia izango da bereziena, guretzat eta gure hiriarentzat luxu bat eta sari bat baita».

«Bestetik, programazio honekin lortu nahi da pandemiaren ondorioz azken urteetan antzokira joateari utzi dion publikoa berreskuratzea.

Denboraldi honetan bi opera oso enblematiko izango dira. Apirilaren 22an eta 23an taularatuko da «La Bohème» opera, lau ekitalditan, Giacomo Pucciniren musikarekin. 1930eko hamarkadako Parisen girotutako bertsio modernista eskainiko da. "La Bohème" da mundu osoan gehien taularatzen den laugarren opera. Hogeigarren denboraldi honetan eskainiko den beste opera Otello izango da, eta emanaldiak azaroaren 11n eta 12an izango dira. Lau ekitalditako opera da, Giuseppe Verdiren musikarekin, Shakespeareren obra tragikoa duena oinarri.

Zarzuelak ere izango du bere lekua. Ekainaren 25ean ikuskizun aitzindari bat antzeztuko da. Lehenengo aldiz, zartzuelen partituretan sortutako dantza-pieza nabarmenenak bilduko dira agertokian. Ikuskizunean zehar hainbat estiloz gozatu ahal izango da: Espainiar Klasikoa, Eskola Boleroa, Flamenkoa, Balleta eta Dantza Garaikidea, estilo eta lengoaia desberdinak konbinatuta. Madrilgo Zarzuelako Antzokiaren ekoizpena da.  Luis Mariano Orkestra arduratuko da Zarzuelako Antzokiko balleta laguntzeaz, José Antonio Irastorzaren zuzendaritzapean.

Denboraldi honetako beste kontzertu garrantzitsuenetako bat datorren irailaren 30ekoa izango da. Beethovenen 9. sinfonia interpretatuko da, musikaren eta artearen obra garrantzitsu eta ospetsuenetako bat. Kontzertu honetan hainbat euskal bakarlarik hartuko dute parte: María Martín, sopranoa; Leticia Vergara, mezzoa; Ángel Pazos, tenorea eta Mikel Zabala, baxua. Luis Mariano Abesbatzak Irungo Ametsa Abesbatza izango du lagun eta guztiak jardungo dira Aldo Salvagno maisu italiarraren batutapean.

Denboraldia osatzeko, denboraldi guztian zehar opera handien 5 saio proiektatu eskainiko dira munduko hainbat lirika tenplutatik, eta hitzaldi txiki bat egingo da saio bakoitzaren aurretik, Paquito Sagüesen eskutik.

 

  

1702