Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraren Eguna

Lurraren Eguna

Asensio: “Nahitaezko zeregina da gizarte osoa ingurumen eta klima gaietan alfabetatzea aldaketa klimatikoari aurre egiteko”

2017/04/22

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du gaur, apirilak 22,  “Ingurumen eta klima alfabetatzea” lelopean ospatzen den Lurraren Nazioarteko Egunarekin, beharrezko baita gogoratzea gizarteari prestakuntza dela lehen urratsa, beste hainbat eta hainbat gaitan bezala, gizartearen erronka handiei aurre egiteko eta, horretarako, kontzientzia sozial handia sortu behar dela.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak hau dio: “hezkuntza oinarrizko baliabidea da gure gizarteak aurrera egin dezan eta gizartearen aurrerapen horrek berak Lurrari sor diezazkioken kalteak saihesteko, munduko herritar guztiek jakin behar baitute lurra mehatxupean dagoela eta, egoera horren aurrean, denok erreakzionatu eta lan egin behar dugula modu solidarioan, etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartuta; izan ere, belaunaldi horien eskubidea da mundua guk jaso genuen bezala edo, egoera hobean, jasotzea”.

Jadanik 1992ko Rioko Deklarazioak naturaren eta lurraren armonia bultzatzeko beharra adierazi zuen, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari lotutako oraingo eta etorkizuneko belaunaldien beharren arteko oreka justua lortu ahal izateko. Ildo horretan, Asensiok gogoratu duenez “Gipuzkoak bere konpromisoak betetzen ditu. Ingurumenari, birziklatzeari eta ingurumen-balioei begira, errespetuzko jarrerak orokorrak dira gure lurraldean, nahiz eta jarraitu egin behar dugun ahalegin horrekin, bai pertsonalki bai modu kolektiboan".

Gure zibilizazioaren funts gisa, joan den mendean finkatu ziren eskubideetan oinarritutako mundu mailako herritartasun berri baten oinarrietako bat da Ingurumen eta klima alfabetatzea; baina, aldi berean, solidaritatean oinarritutako hainbat obligazio betetzea eskatzen du,  besteak beste, aldaketa klimatikoaren eta planetaren babesaren inguruan mugitzen diren kontzeptuak sakontasunez ezagutzea.

Beraz, habitat desberdinetan izaten ari diren aldaketak sakontasunez eta gertutasunez ezagutzearen ondorioz lortuko da herritar guztien inplikazioa eta, horrela, posible izango da munduaren babesaren aldeko jabekuntza orokorra lortzea.  Beraz, foru diputatuaren ustez, “ingurumen eta klima alfabetatzea ezinbestekoa da gizartearen esparru guztietan, gure planetaren nahiz klima, habitat, baliabide eta paisaia desberdinen inguruko kontzientzia sozial berri bat lortzeko behar den motorra baita”.

Izan ere, ingurumen eta klima alfabetatzearen helburua ez da bakarrik ekologia gaietan kontzientziatutako herritar talde  handi baten inplikazioa lortzea eta gai horretan lege-erreformak sustatzea. Ingurumena errespetatzen dituzten teknologiak garatzeko eta enpleguak sortzeko baliabideak behar ditugu lehenbailehen.

Labur esanda, Lurraren Egun hau ingurumenari buruzko kontzientzia soziala gehitzeko eta jendearen motibazioa areagotzeko aprobetxatu behar da, adibidetzat hartuta 1970eko apirilaren 22ko ekintzak, orduan 2000 unibertsitate, milaka eskola eta milioka pertsona atera baitziren kalera gure planetaren osasuna zaintzeko arduradun izango zen Ingurumenaren Babes Agentzia sortzeko eskatuz.

 

  

1520