Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak sarituko ditu Altuning Pro Gipuzkoak

Lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak sarituko ditu Altuning Pro Gipuzkoak

Aurreneko aldiz, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan txertatuko da nazioarteko programa arautuetan parte hartu duten unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekimena

M.I. de Altuna Fundazioak Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatzen duen Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak zabaldu du dagoeneko bere aurtengo deialdia. Unibertsitariak izan eta nazioarteko programa arautuetan parte hartzen ari diren ikasle guztiei dago zuzendua; Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko beren ekarpenak egiteko aukera eskaintzen die, atzerriko egonaldian zehar ezagututako baliozko esperientzia eta ideietan oinarrituta. Gure lurraldearen suspertze eta bultzada ekonomikorako, eta Gipuzkoa ekonomikoki lehiakorra eta gizarte arloan justua den lurralde gisa posizionatzeko, nazioarteko esperientzietatik ikastea da helburua.

Parte hartzeko baldintza bakarra da Gipuzkoako unibertsitaria izatea, eta Erasmus edo unibertsitate-trukeko nazioarteko programa arauturen bateko partaide izatea. Beraz, 900 ikasle inguruk parte hartu ahal izango dute. Hala egin nahi dutenek, www.altuningprogipuzkoa.eus webgunean eman beharko dute izena. Galdeketa bat erantzun beharko dute eta ondoren, Gipuzkoa hobetzeko nahi beste gogoeta eta proposamen landu eta aurkeztu ahal izango dituzte. Lanak hilaren 30a baino lehen entregatu beharko dira. Iaz, 48 ikaslek parte hartu zuten sariketan. Horietatik 13 iritsi ziren finalera eta, azkenik, epaimahaiak 4 proiektu saritzea erabaki zuen. Lanen originaltasuna, kalitatea, proiektuen lanketa maila eta konkretutasuna aintzat hartuko dira nagusiki. Irabazle bakoitzak 2.000 euroko saria jasoko du.

Berritasun gisa, Etorkizuna Eraikiz dinamikan txertatuko da hemendik aurrera Altuning. Dinamika horren bitartez, hainbat esperientzia pilotu jartzen ari da martxan Aldundia, arlo guztietako eragileekin elkarlanean, Gipuzkoa modernizatu eta gure lurraldearen etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzeko. “Etorkizuna Eraikiz-ek, Altuning-eko parte-hartzaileen lanarekin identifikatzen diren hainbat lan ildo dauzka: prospektiba, esperimentazio aktiboa, elkarlana, nazioarteratzea…hortaz, uste dugu primeran uztartzen direla. Gazteen begirada txertatu nahi dugu gure erronka nagusiei erantzuterakoan”, azaldu du Imanol Lasa diputatuak.

Testuinguru horretan, Altuning-en aurtengo edizioa ere etorkizunera begira jarri da. Atzerriko herrialdeetan dituzten etorkizuneko kezka, erronka eta ekimenetatik ikasiz, “biharko Gipuzkoa guztion artean eraikitzeko ekarpenak” eskatzen zaizkie ikasleei. Hala, beraien ekarpenak galdera nagusi hauei erantzunez egin behar dituzte:

- Zu egon zaren herrialde, hiri, unibertsitate edo inguruneko beste erakunde-enpresa-ekimenetan, zein etorkizuneko erronka nagusi dituzte?
- Erronka horiei erantzuteko, ba al dute programa edo ekimen berezirik? Nolakoa da ekimen hori? Zer egiten dute? Nola egiten dute?
- Gure ingurunean, etorkizunera begira, ba al dugu antzeko erronkarik? Eta kanpoan ikusi eta ikasitakotik, nola erantzungo zenioke erronka horri edo horiei?

Irabazleek proiektuak Etorkizuna Eraikizeko arduradun nagusiei aurkezteko aukera edukiko dute. “Gaurko gazteak ere beren jatorrizko herrien etorkizuna hobetze aldera, mundu zabalean aurki daitezkeen ideia, jarduera eta erakunde onenen bila saia daitezen animatu nahi ditugu. Besteek dituzten gauzarik onenak gure ezaugarrietara egokitu eta praktikan jarri nahi ditugu, guk dugun onena aprobetxatuz, Gipuzkoako herritarron onurarako”, azaldu du Lasak.

 Altuning proiektua 2009an jaio zen, gaurko gazteak, Gipuzkoaren etorkizuna hobetze aldera, mundu zabalean aurki daitezkeen ideia, jarduera eta erakunde onenen bila saia daitezen, Manuel Ignacio de Altuna (1722-1762) azkoitiarraren izpirituari eutsiz.

  

1544