Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebus % 2 hazi da 2017an, eta ia 24,5 milioi bidaia egin ditu

Lurraldebus % 2 hazi da 2017an, eta ia 24,5 milioi bidaia egin ditu

Marisol Garmendia diputatuak Batzar Nagusietan aurkeztu du, lehen aldiz, hiriarteko autobus-zerbitzuaren urteko txostena, eta Gipuzkoako eskualde guztietan erabilerak gora egiten segitzen du.

2018/03/15

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak ostegun honetan eman ditu ezagutzera Batzar Nagusietan Lurraldebusek 2017an izan dituen emaitzak. Balantzea positiboa izan delarik, bidaia kopurua % 2 hazi da 2016 urtearen aldean, eta horrek esan nahi du 24,5 milioi bidaia egin direla, aurreko urtean baino ia milioi erdi gehiago. Datu horiek adierazten ditu Lurraldebusen urteko txostenak, Mugikortasuneko foru departamentuak lehen aldiz landu eta Garmendia diputatuak –berak hala eskaturik– Batzar Nagusietako batzordean aurkeztu duenak.

Urteko txostenaren argitan, Lurraldebusek erritmo onean hazten segitzen du: 2016an, % 4ko hazkundea izan zuela, 24 milioi bidaiatara iritsi zen. Azken urteotan igoera etengabea izan da, eta 2013tik hona 3,5 bat milioi bidaia gehiago egin delarik Gipuzkoako hiriarteko autobus-zerbitzuan, 2013ko 21 milioitatik 2017an 24,5 milioitara igaro da.

Erabilera eskualde guztietan izan da handiagoa, nahiz eta hazkunderik handienak Goierrialdeak eta Tolosaldeak izan dituzten, % 11 eta % 8,5eko igoerekin, hurrenez hurren; Buruntzaldeak, aldiz, igoerarik txikiena izan du; % 0,5ekoa, hain zuzen. Bidaia kopuruari begira, hauek izan ziren 2017an bidaia gehien egin zituzten Lurraldebuseko lineak: Oarsoaldea-Bidasoa (8,7 milioi), Buruntzaldea (6,4 milioi) eta Debagoiena (4 milioi).

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak esan duenez, “Lurraldebus zerbitzuak 2017 urtean izan duen bilakaera oso positibotzat hartu behar da. Datuei begira egiazta daitekeenez, hazkundea eskualde guztietan izan da, eta sendotu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebus garraio publikoaren efikazia eta efizientzia hobetzeko egindako apustua. Ari gara lineak berrantolatzen, puntako orduetan zerbitzuak indartzen, asteburuetan eta udan gaueko ordutegiak zabaltzen, asteburuetan Ospitaleetarako zerbitzuak ezartzen lehen horrelakorik ez zuten lineatan, Oarsoaldekoa, kasu…”

“Lurraldebusen erabilerari buruzko zifra hauek –azpimarratu du Garmendiak– gipuzkoar erabiltzaileen bermea ematen diote eskaintzen ari garen zerbitzu publikoaren eta gauzatzen ari garen hobekuntza-neurrien onarpenari. Baina, jakitun gaude oraindik ere luzea dela egiteko daukagun bidea Gipuzkoako hiritarrek mugikortasunaren arloan dituzten benetako premiei erantzungo dien zerbitzu publikoa eskaintzeari eustea lortu arte; baita behar adinako hobekuntza lortu arte kalitatean, segurtasunean, ingurumen-iraunkortasunean, unibertsaltasunean, erabiltzaileekiko arretan edota teknologia berrietara egokitzean, besteak beste”.

 

Lurraldebusen arreta-zerbitzua

Lurraldebusen urteko gestio-txostenak, Marisol Garmendia sozialista buru duen Mugikortasuneko departamentuaren ekimen aitzindaria izanik eta batzarretako taldeei lehen aldiz aurkezten zaielarik –lehen seihilekoaren aurrerapen bat aurkeztu zen uda amaiera aldera–, Gipuzkoako hiriarteko 111 autobus-lineek urtean zehar izan duten bilakaeraz gainera, Arreta Zerbitzuari buruzko datuak ere ematen ditu. Zerbitzu hori legealdi honetan jarri du abian departamentuak, 900 300 340 doaneko telefonoaren bitartez eskaintzen da eta egunero funtzionatzen du 08:0etatik 20:00etara bitartean.

Lurraldebusen Arreta Zerbitzuak 52.000 dei jaso zituen guztira 2017an, hau da, hilabeteko 4.015 dei, batez beste; dei gehienak joan den abenduan izan ziren: 5.833. Garraio publikoa gehien erabiltzen dutenez, emakumeak izan ziren dei gehienak egin zituztenak: % 67, gizonezkoen % 33ren aldean. Eta hizkuntzari dagokionez, kontsulten % 70 gaztelaniaz izaten dira, eta % 30 euskaraz.

Telefono horren bidez hiritarrek egin ohi dituzten kontsultetan, % 72,6 informazio eskeak izaten dira; horietatik % 81,2 Lurraldebusen lineei buruzkoak, eta gainerako % 9,6, berriz, bigarren informazio motarik eskatuena diren tarifa eta ordaintzeko moduei buruzkoak.

Informazio eskeak eta gero, eskariko zerbitzu eta geltokien eskabideek % 9,5 egiten dute, hori baita Lurraldebusen Arreta Zerbitzuko kategoriarik erabilienetan bigarrena.

Kontsulta gehienak (% 92,5) telefonoz eta webgune bidez egiten diren arren, erabiltzen dira hiritarrei informazioa eskaintzeko prestaturik dauden beste bide batzuk ere: % 4,6k posta elektronikoz egiten ditu kontsultak, eta  % 2,9k sare sozialak erabiltzen ditu.

  

1594