Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebus % 3 hazi da udako hilabeteetan

Lurraldebus % 3 hazi da udako hilabeteetan

Mantendu egiten da 12 milioi bidaiari baino gehiagorekin 2018ko aurreneko seihilekoan.

2018/10/19

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak ostiral honetan eman ditu ezagutzera Gipuzkoako Batzar Nagusietan Lurraldebusen emaitzak, 2018ko lehenengo seihilekoari eta udako hilabeteei dagozkienak; positiboa izan da balantzea, mantendu egiten baita bidaien kopurua hamabi milioitik gora lehenengo seihilekoan, bigarren urtez hurrenez hurren, eta % 3 igo da udan egindako bidaietan: 2017an 4.042.935 bidaia izan ziren eta 4.162.877 izan dira 2018ko udan. Datu horiek Lurraldebusen txostenean jaso dira; joan den urtetik Mugikortasuneko foru departamentutik lantzen den txostena da eta Garmendia diputatuak aurkezten du Batzar Nagusien batzordean.

Nabarmentzekoa da berritasun nagusiek oso emaitza positiboak izan dituztela: zabaldu egin da ordutegia Bilboko Aireporturako zerbitzuetan, Donostiatik % 16,81eko igoera eta Arrasate eta Oñatitik % 35,75ekoa berekin ekarri dituena. Abuztuan zerbitzuak luzatu izanak ere % 3,86ko igoera ekarri du, joan den urtearen aldean. Gainera, Lurticket aplikazio berrian, Donostiaren eta Bilboko Aireportuaren arteko zerbitzurako txartelak eskuratzeko aukera ematen duen horretan, 908 txartel erosi dira hilabete baino gutxiagoan, erabilgarri jarri zenetik.

Bestalde, urtearen lehenengo sei hilabeteetan, lau izan dira bidaia-kopuruan hazkundea izan duten kontzesioak, bereziki Goierrialdekoak, 2016an bere lineak berrantolatu zirenetik etengabeko hazkundea izan duenak. Debagoinea, Urola Erdia eta Oarsoaldea Bidasoa ere hazi dira, eta azkena aipatutakoaren kasuan oso harrera ona izan du Errenteria eta Ospitaleak lotzen dituen linea berriak. Aitzitik, behera egin dute hiru kontzesiok: Buruntzaldea, % 1 egin du behera eta hemendik gutxira aldatuko da bere kontzesioa; Urola Kosta, atzera egin du kostaldeko errepideko obrak direla-eta; eta Tolosaldea, kontzesio horretako langileen grebaren eta aplikatutako gutxieneko zerbitzuen eraginez.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “Lurraldebus zerbitzuak 2018ko lehenengo seihilekoan eta udan izan duen eboluzioa oso positibotzat hartu behar da. Datuak ikusita ziurtatu daitekeenez, gehitu diren berritasunek ondo funtzionatu dute eta lagundu egin dute herritarrentzako erabilera eta erosotasuna handitzen Lurraldebus aukeratzeko garaian eguneroko garraiobide gisa. Horrek indarberritu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako apustua Lurraldebusen garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzearen alde. Lineak berrantolatzen ari gara, indartu egiten ari gara puntako orduetako zerbitzuak, zabaltzen ari gara gaueko ordutegiak asteburuetan eta udan, eta, lehen aldiz, Ospitaleetarako zerbitzuak jartzen ari gara asteburuetan, halakorik ez zuten lineetan, Oarsoaldean esaterako. Hala, aldaketa horiek eragin nabaria eta oso positiboa izan dute zerbitzurako”.

“Lurraldebusen erabilera-kopuruek bermatu egiten dute erabiltzaile gipuzkoarren babesa, baina jabetzen gara asko geratzen zaigula egiteko Gipuzkoako herritarren mugikortasun-premia errealei erantzungo dien garraio publikoko zerbitzu bat eskaintzen jarraitzeko”, azpimarratu du diputatuak.

Puntualtasun-indizea

Txosten honetan jaso den beste berritasun bat hau da, lehen aldiz barne hartu da Lurraldebuseko lineen puntualtasun-indizea; aurtengo aurreneko seihileko honetan adierazten denez, zerbitzuen % 86,29 iristen dira garaiz. Kontzesio puntualena Goierrialdekoa da, % 92,83ko puntualtasun-mailarekin.

 

Lurraldebuseko arreta-zerbitzua nabarmen hazi da

Gainera, seihileko txostenak legealdi honetan departamentuak martxan jarritako Arreta Zerbitzuaren eboluzioa jaso du; 900 300 340 doako telefonoaren bitartez, urteko egun guztietan funtzionatzen du 8:00etatik 20:00etara.

Lurraldebuseko Arreta Zerbitzuak 31.585 dei jaso zituen; joan den urteko kopurua (19.669 dei) nabarmen gainditzen du, 11.916 dei gehiago izan baitira aurten. Nabarmentzekoa da otsailaren 28ko datua, elurtearen egunekoa: 5.808 dei jaso ziren, hilabete horretako gainerako egun guztietakoak (5.032 dei) baino gehiago. Otsailean 10.840 dei egin ziren guztira, hilabeteko batez bestekoa 6.430 dei direla kontuan hartuta. Egun hartan indartu egin zen zerbitzua. Hala eta guztiz ere, hainbeste dei egin zirenez eta goizeko aurreneko orduetan kontzentratu zirenez, kolapsatu egin zen telefonoa. Otsailaren 28ko eguna kenduta, hilabeteko 5.462 dei egin ziren batez beste, joan den urteko 3.467 deien aldean; datu horrek, beraz, ziurtatu egiten du linea hori gero eta sarriago erabiltzen dela.

  

1682