Lurraldebusek 25 milioi bidaia lortu du 2018an eta erabiltzaileek 7,5eko balorazioa eman diote
Lurraldebusek 25 milioi bidaia lortu du 2018an eta erabiltzaileek 7,5eko balorazioa eman diote
Lurraldebusek bidaiari-errekor berria ezarri du 2018an, 25 milioi bidaia, 2017an baino 400.000 bidaia gehiago. Eguneko erabileran 12 puntuko igoera izan du 2015. urtearekin alderatuta.
2018an Lurraldebusen jarduerak 200.000 bidaia gehiago suposatu zituen hasiera batean aurreikusita zeudenak baino, guztira 25.000.000 bidaia egin zirelako, 2017an baino 383.551 bidaia gehiago, hain zuzen. Emandako zerbitzuen kalitatea balioesteko egindako azterlanaren esparruan aztertu dira datu horiek. Erabiltzaileen % 85ek gustura edo oso gustura daudela adierazi dute, eta Lurraldebusen zerbitzuei 7,5 puntuko puntuazioa eman diete, besteak beste.
Mugikortasuneko eta Lurraldearen Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak balioespen positiboa egin du azterlanaren emaitzen inguruan. “Garraio publikoaren aldeko apustuak zerbitzu gehiago eta bidaiari gehiago ekarri ditu berekin, baita erabiltzaileen balioespena hobetzea ere, Lurraldebusen zerbitzu guztiak “oso ongi” batekin balioetsi dituztelako”. Orobat, foru-arduradunak honako hau adierazi du aldez aurretik egindako azterlanaren harira: “Lurraldebus estaldura handiagoa duen zerbitzu zuzenago baterantz bilakatu da; horri esker, herritarren bidaia-premien % 80 estalita daude gaur egun, eta erabiltzaileek maiztasun handiagoz erabiltzen dute zerbitzua, gazteenek bereziki”.
Lurraldebusen erabiltzaileen % 65 ohiko erabiltzaileak dira
Lurraldebus erabiltzen duten pertsonen % 65 ohiko erabiltzaileak dira, zerbitzua egunero edo astean zenbait egunez erabiltzen dutenak. Ehuneko hori 12 puntu igo da, antzeko ezaugarriak zeuzkan azterlan batek 2015ean lortutako datuen aldean. Bereziki gazteen artean ohiko erabilera da nagusi, eta % 87ra iristen da 25 urtetik beherako pertsonen artean. Eskualdez eskualde, Urola Erdia eta Urola Kosta daude buruan, eta lau pertsonatik hiru Lurraldebusen ohiko erabiltzaileak dira.
% 78, hau da, 10 pertsonatik 8, Lurraldebusen eskutik iristen da helmugara, beste baliabideen beharrik gabe; hamarretik zazpi zuzenean iristen dira gainera, linea bakarra erabiliz.
Lana edo ikasketak dira bidaia egiteko arrazoi nagusia. Lurraldebusen bi erabiltzailetik batek arrazoi horiengatik egiten du bidaia, eta % 32k gestio pertsonalak egiteko.
Erabiltzaileen % 85 gustura daude
Erabiltzaileen % 85ek adierazi dute Lurraldebusen zerbitzuekin nahiko gustura edo oso gustura daudela, eta batez beste 7,5 puntuko puntuazioa eman diete zerbitzuei. Balioespena bereziki positiboa izan da Goierrialdean (8,8) eta Urola Erdian (8,1).
Gidarien adeitasuna, ibilgailuaren egoera eta puntualtasuna dira ondoen balioetsitako alderdiak, batez besteko kalifikazioak 8,1, 8 eta 7,9 puntu izanik, hurrenez hurren. Ondoren, geltokien egoera (7,8); segurtasuna (7,7) eta maiztasuna (7) aipatu dituzte. Aztertutako alderdi guztiek “oso ongi” kalifikazioa lortu dute.
Bezeroaren arretarako zerbitzu berriak
Bezeroaren arretarako zerbitzuek ere balioespen ona jaso dute erabiltzaileen aldetik, gutxi gorabehera % 80 gustura edo oso gustura daudelako jasotako tratuarekin. Zehazki, % 25ek inoiz erabili izan du 900 300 340 doako arretarako telefono-zenbakia, % 81ek ongi balioetsi dute, eta 7,8 puntuko batez besteko puntuazioa eman diote. Ia erabiltzaileen erdiak (% 47) inoiz kontsultatu du Webgunea, % 77ari egokia iruditzen zaio, eta batez beste 7,3 puntuko puntuazioa ematen diote. Azkenik, % 14k gailu mugikorretarako aplikazioa (App-a) deskargatu dute, % 76 gustura edo oso gustura geratu dira emaitzarekin, eta 7,4 puntuko puntuazioa eman diote.
Lurraldebusen erabiltzaileen artean egindako 1.100 inkestak hartu dira oinarritzat azterlana egiteko, eta lagina hartzerakoan eskualdeen proportzionaltasuna, generoa eta adin-tarteak hartu dira aintzat. Elkarrizketak telefonoz (700) edo aurrez aurre (400) egin ziren, joan den urteko urriaren 22tik azaroaren 8ra bitarte.
1574