Lurraldebusek zabaldu egin du, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko lineetarako, ‘LurTicket’ app-aren bidez txartelak mugikorretik erosteko zerbitzua
Lurraldebusek zabaldu egin du, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko lineetarako, ‘LurTicket’ app-aren bidez txartelak mugikorretik erosteko zerbitzua
Lurraldebusek zabaldu egin du, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko lineetarako, ‘LurTicket’ app-aren bidez txartelak mugikorretik erosteko zerbitzua
Lurraldebusek zabaldu egin du mugikorraren bidez txartelak online erosteko LurTicket zerbitzu aitzindaria, Donostia-Bilbo eta Donostia-Gasteiz ibilbide luzeko lineetarako, bai eta Bilboko aireportua Eibar, Bergara, Arrasate eta Oñatirekin lotzen duen linearako ere, leihatiletan eta makinetan erosteko zerbitzuaren alternatiba azkar eta zuzen gisa.
Lurraldebusek Donostia eta Bilboko aireportua lotzen duen linearako txartela mugikorrez erosteko LurTicket app-a abian jarri zuenetik, uztailetik, 3.000 txartel saldu ditu eta, arrakasta hori ikusita, Marisol Garmendia sozialistak gidatzen duen Mugikortasuneko foru-sailak erabaki du sistema teknologiko aitzindari hori beste autobus-linea batzuetara ere zabaltzea, Lurraldebuseko erabiltzaile gehiagok txartelak app horretatik eskuratzeak dakarren erosotasuna aprobetxatu ahal izateko.
Horrela, gaurtik aurrera, Lurraldebusek mugikorrez erosteko LurTicket app-aren zerbitzuak Donostia-Bilbo eta Donostia-Gasteiz ibilbide luzeko lineetarako zabaldu ditu, bai eta Bilboko aireportua Eibar, Bergara, Arrasate eta Oñatirekin lotzen duen linearako ere. Aplikazio horren bidez erosten diren txartelak ez daude MUGI tarifa-sisteman sartuta. Hiru hiriburuak lotzen dituzten autobus-lineetan, erabiltzaileen % 30ek ez du MUGI txartela erabiltzen bidaiatzeko; alegia, 335.000 pertsona inguruk, urtean, txartelak LurTicketen bidez eros ditzakete, eroso eta erraz. Arrasate-Bilboko aireportua zerbitzua dela eta, 26.000 pertsonak baino gehiagok erabili zuten linea hori 2017an.
LurTicket sistemaren bidez, erabiltzaileek aplikazioa deskarga dezakete beren mugikorretan eta txartelak erosteko eta aktibatzeko erabili, paperean inprimatzeko beharrik gabe. Telefonoaren bidez kreditu-txartelarekin erositako txartelak hilabete lehenago ere eros daitezke, eta mugikorrean bertan aktibatu behar dira, autobusera igo baino ordubete lehenago, gehienez; pantailan, QR kode enkriptatua ageriko da, eta hori autobus-gidariak baliozkotuko du, irakurgailu berezi batekin, hegazkinera igotzean erabiltzen den eragiketaren antzera.
Marisol Garmendia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu sozialistak esan duenez, “hau beste aurrerapauso bat da Lurraldebus erabiltzaileentzako zerbitzua eta arreta hobetzeko izaten ari den berriztapen teknologikoan. Harro gaude Espainian mugikorraren bidez erosteko teknologia aitzindari hau martxan jarri duen lehen garraio-zerbitzu publikoa garelako; hiriarteko garraio-zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, teknologikoki aurreratua, eta, horren bidez, txartelak mugikorretik zuzenean, azkar, eroso eta erraz eros daitezke. Urrats berri hori, hurrengo etapa batzuetan, beste egoera konplexuago batzuetara zabaldu behar da, Gipuzkoako garraio publikoaren sistema integratuaren beharrei erantzuteko”.
LurTicket, orain, Donostia-Bilbo eta Donostia-Gasteiz lineetan jarriko da martxan, bai goizeko lineetan, bai gauekoetan; iaz, 2017an, linea horiek 1,1 milioi pertsonak baino gehiagok erabili zituzten. Era berean, LurTicketen Bilboko aireportuaren eta Donostiaren artean udan eginiko ezarpen horrekin batera, Bilboko aireportua Eibar, Bergara, Arrasate eta Oñatirekin lotzen duen linea ere badugu. Linea horretan txartelak erosteko gero eta gehiago ari da mugikorra erabiltzen; uztailean txartelen % 2,4 erosi zen mugikorretik eta, orain, % 5 inguru; LurTicketen 3.000 txartel erosi dira.
Txartela mugikorrez erosteko app horrek nabarmen hobetzen du linea horietako erabiltzaileen arreta, batik bat Bilboko aireportuko lineetan eta hiriburuak lotzen dituen ibilbide luzekoan; horrela, erraztu egiten da txartelak erostea, ez dago-eta horiek erosteko dauden makinetara joan beharrik edo autobusean bertan gidariari berari erosi beharrik, eroso, azkar eta erraz erosteko aukera baitago. Horrela, ekidin egiten da eskudirua eraman behar izatea. Bestalde, LurTicket app-a gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez erabil daiteke; horrela, txartela erostea erraza eta eskuragarria da, bai gipuzkoarrentzat, bai autobus-zerbitzu horiek erabiltzen dituzten bisitari eta turistentzat.
App-a Gertek euskal enpresak garatu du eta, horretarako, Justride SDK erabili du, Masabiren teknologia sartzeko; app-ak hainbat hizkuntza ditu, euskara, gaztelania eta ingelesa, besteak beste, eta mundu osoko 40 garraio-operadorek baino gehiagok erabiltzen dute, besteak beste, New York, Londres, Las Vegas, Los Ángeles, Boston eta Sydney hirietan eta Frantzia edo Holanda herrialdeetan.
Hobekuntzak Lurraldebusen webgunean eta app-ean
Gaurtik aurrera, halaber, Lurraldebusek bidaiarientzako informazio-sistemak hobetuko ditu; funtzionaltasun berriak sartuko ditu, bai webgunean, bai Lurraldebusen app-ean, denbora errealean. Dagoeneko sistemako erabiltzaile gisa identifikatzeko aukera dago; horrela, Lurraldebusetik jasotako informazioa modu pertsonalizatuan kudeatu ahalko da. Horrela, Lurraldebusen erabiltzaile guztiek egunero albisteak jaso ahalko dituzte eta berengan eragina izan ditzaketen gorabeheren oharrak konfiguratu; horretarako, nahi duten udalerria, sarritan erabiltzen dituzten lineak edo geltokiak hauta ditzakete. Zerbitzuko gorabeheren ohar guztiak pertsona bakoitzaren beharren arabera konfigura daitezke, aurretik konfiguratutako informazio pertsonalizatua jasoko baita.
4088