Lurraldebuseko emakume gidariek Guztiok Mugituz IV. Saria jaso dute
Lurraldebuseko emakume gidariek Guztiok Mugituz IV. Saria jaso dute
Saria jaso du, emakume gidari guztien ordezkari gisa, Purificación Alonso Martínek, Lurraldebuseko lehen emakume gidariak, 1995ean flotan sartu eta dagoeneko erretiroa hartuta duenak.
Guztiok Mugituz IV. Saria eman da gaur arratsaldean Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren saria da, eta Lurraldebuseko emakume gidariei eman zaie edizio honetan, tradizioz gizonezkoena izan den jardun-esparru batean berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik.
Donostiako Aquariumeko auditoriumean, Rafaela Romero Departamentuko diputatua izan da ekitaldiaren buru, eta Purificación Alonso Martíni eman dio saria, Lurraldebuseko emakume gidarien ordezkari gisa —gaur egun 105 dira—.Hogei bat emakume gidarik lagun egin diote. Segurtasun arrazoiak direla medio, zeremoniarako edukiera oso mugatua izan da, eta streaming bidez eman da.
Purificación Alonso Martín beasaindarra da. 1981ean hasi zen autobusak gidatzen, eta 1995ean, beste bi emakume gidarirekin batera, Lurraldebusen konpainia emakidadunetako batean sartu zen. Berak zioenez, “Orduan oso zaila zen sartzea, gizonen mundua zelako erabat. Gaur oso harro nago bidea urratu izanaz”. Alonso Zumaia eta Donostia lotzen zituen linean hasi zen, eta ondoren Gipuzkoa osoko lineetan gidatu zuen: Azpeitia, Idiazabal edo Orio, besteak beste.
Errepide bidezko garraioaren sektoreko emakumeen integrazioak eta babesak erakusten dute, ekitate- eta berdintasun-printzipioekiko atxikimendua ez ezik, sektore horrek gauzatu behar duen hobekuntza-konpromisoa ere. Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak nabarmendu du garrantzitsua dela berdintasunaren arloan aurrera egitea esparru guztietan, “Eta, bereziki, herritarren eguneroko bizitzatik hurbilen daudenetan, estereotipoak gainditzeko erreferentziak behar baititugu. Emakume horiek egin dituzten aurrerapenek guztioi egiten digute mesede”. Ildo horretatik, bidea urratu zuten emakume horien izaera aitzindaria aintzatetsi du diputatuak. “Normala ez zena normal bihurtzea eta aurrera egiten jarraitzeko erreferentziak eskaintzea funtsezko ekarpena izan da gehienetan aintzatetsi ez den eraldaketa honetan”.
Bestalde, Inés Sánchez de Madariagak, Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasle eta Arkitektura Inklusiboari eta Generoari buruzko UNESCO Katedraren zuzendariak, mugikortasun inklusiboari buruzko hitzaldia eman du zeremoniaren barruan. Adituak nabarmendu du oso garrantzitsua dela zehaztasun handiagoz ezagutzea emakumeek gizonekiko dituzten desplazamendu-patroien arteko aldea —“zainketen mugikortasuna”—, horrela, berdintasunarekin eta inklusioarekin gehiago bat etorriko diren politikak ezarri ahal izateko, bai ibilbideetan, bai tarifetan, kontuan hartuta emakumeek erabiltzen dutela gehienbat garraio publikoa Gipuzkoan.
“Guztiok Mugituz” saria 2017an sortu zen, Gipuzkoan mugikortasun iraunkorra bultzatzea helburu duten ekimenak aintzatetsi eta baliarazteko asmoz. Aurreko edizioetan MUGI sistema (2019), Bizikume eta Kalapie (2018), eta Errenteriako Gurutze Gorria (2017) aintzatetsi zituzten, garraio publikoan berdintasunez sartzeko aukera emateagatik, emakumeen artean bizikletaren erabilera bultzatzeagatik eta mugikortasun seguru eta osasungarriko ohiturak sustatzeko egindako lanagatik, hurrenez hurren.
1776