Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldeko enpresetan talentua bultzatzeko 3,2 milioi euro

Lurraldeko enpresetan talentua bultzatzeko 3,2 milioi euro

Gipuzkoako industriarentzat “kritikoa” den alorra dela nabarmendu du Imanol Lasa bozeramaileak

“Enpresetan pertsonen talentua eta ikaskuntza sustatzea” programa berriarentzako diru laguntza deialdia onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak. Guztira, 3,2 milioi euro bideratu dira aurten ekimen honetara. Talentua sortu, eutsi eta erakartzea dira neurriak dituen helburu nagusiak eta, honen bitartez, lan lerro berria irekitzen da, lurraldeko industriarentzat “kritikoa” den esparru batetan. “Talentua sortu, eutsi eta erakartzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna mantendu eta indartu nahi badugu”, azaldu du foru bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu den Imanol Lasak.

            Astero bezala, Gobernu Kontseiluan hartu diren erabakien berri eman du gaur foru arduradunak. Gogoratu duenez, talentuaren sustapena neurri nagusietakoa da, Ekonomia Suspertzeko Planak 2018 honetarako proposatutako neurrien artean. Guztira, lau milioi bideratu dira plan honen testuinguruan talentua bultzatzera eta gaur onartu den diru laguntza deialdia da proposamen honetako neurri nagusia. Honekin batera, Gipuzkoa Talent harrera zerbitzua, Talentia programa, Gipuzkoa Fellows programa eta Gipuzkoa Talent Forum topaketa bezalako neurriak daude.

Enpresa, elkarte, parke teknologiko, heziketa zentro… eta, oro har, gai honetan eragin dezaken edozein eragileri zuzenduta dago gaur onartu den diru-laguntza deialdia. “Denon artean egin behar diogu aurre talentua sortu, eutsi eta bultzatzeko erronkari. Lurralde bezala, asko baitaukagu jokoan”, azaldu du foru bozeramaileak, gogoratuz langile kualifikatuen falta lurraldeko enpresarien kezka nagusienetakoa dela. Horregatik, “indarrak batzera” dei egin du, alor honetan aurrerapausoak eman ahal izateko.

“Gipuzkoan, talentuaren ikaskuntza eta garapena osagai estrategikoak dira, aurrerapena eta gizarte kohesioa eragin ditzaketenak, eta, halaber, balio bereizgarri bat dela egungo gizartean eta etorkizunekoan. Pertsonak dira, beraz, eredu berriaren giltzarriak”, adierazi du. Bere iritziz, testuinguru ekonomikoa hobera ari da egiten gaur egun, “baina ezin dugu ahaztu nondik gatozen, are gutxiago nora joan nahi dugun”. “Hain zuzen, etorkizuna agenda politikoaren erdigunean jarri du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez. Horrela bada honekin, oraindik ere garrantzi handiagoa hartzen du talentuaren gaiak”, gehitu du.

            Ildo horretatik, foru estrategiak sustatuko duena da lurralde aurrerapeneko eredu bat, oinarritua zenbait politika eta praktika eraginkorretan, pertsonen gaitasunak, enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko bertako gizarte, ingurumen eta ekonomia baldintzak hobetuko dituztenak. Jardun lerro nagusiak, hauek izango dira: enpresetan talentuaren kudeaketa garatzea; lantoki lehiakor eta eraldatzaileen ereduak sustatzea; kalitatezko enplegua sustatzea; eta zenbait dinamika ardaztea lanbide gaitasunak bereganatzeko eta garatzeko, hainbat esparrutan, hezkuntza sistema lehenetsiz; hartara, bizitza osoko ikaskuntzatik abiatuta, lagungarriak izan daitezen ikasten duten antolakundeak eta lurraldeak eraikitzeko.

Donostiarekin hitzarmena

Bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu du ere Aldundia eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena. Honen arabera, Aldundiak kudeatzen jarraituko du Txara 2ko erabilera anitzeko espazioak, eta baita azpiegitura horretako apartamentu tutelatuak eta baita Elizaran Fundaziokoak ere. Bi kasuetan, lehen mailako gizarte zerbitzuak dira. Egungo legediaren arabera, Donostiako Udalari dagozkie, baina Foru Aldundiak kudeatzen zituen, orain amaitu eta berritu ezin den aurretiazko hitzarmena dela eta.

Azken urteetako lankidetzaren bidez aipatutako baliabideen kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu da eta, beraz, Lasak azaldu duenez, “ez dago orain arte izandako lankidetza bertan behera uzteko arrazoirik”. Aurretik zegoen hitzarmenaren indarraldia amaitu da eta ezinezkoa da luzatzea, baina bi aldeek adierazi dute lankidetzan baldintza beretan jarraitzeko asmoa dutela. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatuko ditu zerbitzuak, alde batera utzi gabe  eskaintzen ari diren zerbitzuen lehen mailako eta bigarren mailako izaera. “Helburua, azken finean, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzea da”, amaitu du Lasak.

  

1938