Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ondare jasangarriaz gozatzeko 122 kultura ekitaldi baino gehiago, «Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan

Ondare jasangarriaz gozatzeko 122 kultura ekitaldi baino gehiago, «Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan

2022ko Ondarearen Europako VII. Jardunaldiak lurraldeko 34 udalerritan baino gehiagotan egingo dira.

Kornadas de patrimonio

Jarduera programak braillez inprimatutako QR kode bat dauka, jardueren ibilbidea formatu irisgarrian deskargatzeko aukera ematen duena.

Harkaitz Millan: « Aurten, sorkuntza artistikoak musika, literatura, historia, etab. natura eta paisaia-ondarearekin bat egingo du ».

José Ignacio Asensio: «Bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, oso garrantzitsua da Europako jardunaldiek jasangarritasunean jartzea arreta; izan ere, edozein jarduerak eta sektorek berezko izan behar du jasangarritasuna, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondare natural, kultural eta soziala iritsiko zaiela bermatzeko modurik onena da».

Gaur goizean, Ondarearen Europako VII. Jardunaldiak aurkeztu dituzte Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak, Harkaitz Millanek, eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, José Ignacio Asensiok, «Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» lelopean, aurtengo jardueren antolatzaileetako batzuekin batera, Joxe Mari Dorronsoro Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko kidea eta Francisco Javier Lejardi Galarraga Eibarko Udaleko kultur zinegotzia izan dira.

«Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan 122 ekitaldi baino gehiago eskainiko dira, Gipuzkoako 34 herritan. Eskainitako jarduerek ondarearen jasangarritasunean jarriko dute azpimarra.

Jarduera programa askotarikoa kulturaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko 63 eragilek prestatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa horretan ekitaldi bat antolatuz parte hartzeko egindako deialdiari erantzunez.

Ekitaldien helburua Gipuzkoaren ondare garrantzitsua zabaltzea da, jasangarritasunaren ikuspegitik. Askotariko gaiak landuko dira: paisaia naturala, moda, tradizioak, arrantza, musika, kosmetika, gastronomia…

Ildo horretan, honako hau adierazi du Harkaitz Millanek, Kulturako diputatuak: «Aurten ere ondarearen jai horretaz gozatzeko gonbita egin nahi diegu herritarrei; jarduera bereziak eta desberdinak eskaintzen dituen programa honetan, hurbilketa berriak proposatzen dira, eta ondarearen elkarrizketaren orainari eta etorkizunari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.».

Bestalde, José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, azpimarratu duenez: «bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, oso garrantzitsua da Europako jardunaldiek jasangarritasunean jartzea arreta; izan ere, edozein jarduerak eta sektorek berezko izan behar du jasangarritasuna, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondare natural, kultural eta soziala iritsiko zaiela bermatzeko modurik onena da». 

Era askotako ekitaldiak eskainiko dira: kontzertuak, erakustaldiak, bisita iruzkinduak, tailerrak, hitzaldiak, online jarduerak... Parte-hartzaileek gure lurraldeko ondare naturala arakatu ahal izango dute, bisita iruzkindu dinamikoen bitartez, eta gure iraganeko jardunbide jasangarriak ezagutu ahal izango dituzte, baita Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta beren ateak salbuespenez irekiko dituzten zenbait leku ere.

Ekitaldien ibilbidea Gipuzkoa Kultura webgunean eskuratu daiteke (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/ondarearen-europako-jardunaldiak/aktibitate-katalogoa), baita kultur etxeetan eta museoetan eskura jarriko den paperezko jarduera katalogo batean ere. Era berean, web orri honetan kontsultatu ahal izango dira Euskadin egingo diren programa guztiak: https://www.europako-ondarea.eus/

Plogging historikoa, ibilbide naturalak eta birziklatzea

Jardueren artean, nabarmentzekoak dira gure ondare naturalaz gozatzeko aukera ematen duten ibilbide naturalak, gure ingurunean barrena; objektuei beste aukera bat ematea ahalbidetuko duten tailerrak; eta ondarea, natura eta kirola uztartuko dituzten ekitaldiak.

Hori da Donostian antolatu den plogging historikoaren kasua: Suedian jaiotako jarduera horretan, parte-hartzaileek ondarezko ingurune batean korrika egiten dute, inguruan sortutako zaborra jaso bitartean. Hitzordua Urgullen izango da, datorren urriaren 1ean.

Halaber, programaren alderdi sozialak presentzia izango du aurten, Gipuzkoako Epilepsia Elkartearen parte-hartzea tarteko; izan ere, hiru jarduera antolatu ditu «Zure alboan» izenburuaren pean, natura ingurune betean dauden Gipuzkoako hainbat gune historikotan zehar ibiliko direnak.

Eta birziklatzeari eskainitako tailerren artean, Eibarko Armagintzaren Museoak aurkeztutakoa nabarmendu behar da, erakusketa zaharretako pankartak erabiliko baititu poltsak egiteko.

Garapen Jasangarriko Helburuak eta irisgarritasuna

Gainera, aurten, jasangarritasuna da ekitaldi guztiak lotzen dituen gaia. Horregatik, katalogoko jarduera bakoitzean, hari lotutako Garapen Jasangarriko Helburuak adierazten dira.

Iaz irisgarritasunaren alde hasitako bideari jarraituz, jarduera programaren diseinuan zenbait hobekuntza sartu dira, orotariko jendeak errazago irakur ahal izan dezan.

Horrez gain, paperezko programak braillez dagoen QR kode bat du azalean; hala, programa irakurri ahal izateko diseinatu den ibilbidearen PDF irisgarria eskuratu ahal izango dute ikusmen urriko pertsonek eta itsuek. Dokumentu hori Gipuzkoa Kulturaren dago eskuragarri, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Bestalde, aurten, bigarrenez, programa osatzen duten 122 ekitaldiek zer irisgarritasun neurri dituzten adierazten da haiei buruzko informazioan (ukipen elementuak, braillea, keinu hizkuntza, irakurketa erraza, azpitituluak, eta beste).

Helburua da informazio ahalik eta argiena ematea, gizarteko talde jakin batzuei gure kultura ondareaz gozatzea galarazten dieten oztopoak ezabatzeko.

Ondarearen Europako Jardunaldiei buruz:

Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektu bat da; K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz, Iñaki Arrieta irakaslearen bitartez.

Halaber, zazpigarren edizio honetan, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasle talde baten parte hartzea izan du Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, programa hori gazteei hurbiltzeko asmoz. 

 

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.

Argibideak

«Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio Sostenible»

122 ekitaldi

 

Datak: iraila, urria, azaroa.

Lekua: Gipuzkoako 33 udalerri.

Alkiza, Andoain, Arrasate-Mondragón, Astigarraga, Beasain, Bergara, Deba, Donostia-San Sebastián, Eibar, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Getaria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Irun, Legazpi, Leintz Gatzaga, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Ormaiztegi, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zerain, Zestoa, Zumaia eta Zumarraga.

 

Ekitaldi motak: kontzertuak, erakustaldiak, bisita iruzkinduak, tailerrak, hitzaldiak, online jarduerak…

Prezioa:gehienak doakoak dira. Kontsultatu jarduera bakoitza.

Norentzat: pertsona guztiak, familiak, haurrak, eta ikusmen desgaitasuna, desgaitasun kognitiboa, desgaitasun fisikoa nahiz entzumen desgaitasuna dutenak. 

Gipuzkoako jarduerei buruzko informazio gehiago: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/ondarearen-europako-jardunaldiak/aktibitate-katalogoa

Euskadiko jarduerei buruzko informazio gehiago:

https://www.europako-ondarea.eus/

  

4455