Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elías Querejeta Zine Eskola aurkeztu dute Madrilen

Elías Querejeta Zine Eskola aurkeztu dute Madrilen

Ekitaldira agertu da Gracia Querejeta eta zinema munduko hainbat profesional

2017/09/15

Eskolako zuzendariak, Carlos Muguirok, adierazi duenez, “EQZEren proiektuak zinemagile kontzeptua hedatzen du zinemaren oraina, iragana eta etorkizuna lantzen dutenetara”

Eskolaren jardun publikoari hasiera emango diote etxeko ikus-entzunezko ondarearen inguruko jarduera programa batek eta zinema anonimoari buruzko nazioarteko mintegi batek.

Doré zineman (Filmoteca Española) izan da gaur goizean Elias Querejeta Zine Eskolaren Madrilgo aurkezpena. Bertan, aditzera eman dira nazioarteko ikerketaren, berritze pedagogikoaren eta zinema esperimentazioaren zentroaren oinarri nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatu du eskola.

Bertan izan dira Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatua; eta proiektuaren kontzeptualizazioan parte hartu duten beste hiru erakundeetako arduradunak: Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ane Rodríguez, Tabakalera proiektu kulturaleko zuzendaria; eta José Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria.

Carlos Muguirok, EQZEko zuzendariak bertaratu diren 150 inguru lagunen aurrean esan duenez, “gaur egun, egiteko eta ikusteko moduak horrenbeste aldatu direnez, beharrezkoa dirudi zinemaren inguruko hezkuntzari heltzeko modu berriak irudikatzea, filmak egiteko premiatik urrun eta zinema egiteko beharrerantz begira: pentsatzea, ukitzea, babestea, zaharberritzea, irudikatzea, usaintzea, berrikustea, programatzea, oroitzea, birmuntatzea, gordetzea, proiektatzea…”.

Zinemaren munduko hainbat sektoretako pertsona garrantzitsuen ordezkaritza jori baten aurrean, hala nola Gracia Querejeta, Montxo Armendáriz, Jonás Trueba, Fernando Franco, Félix Viscarret edo Sergio Oksman, hiru graduondokoen xehetasun guztiak (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza) eta eskolaren irakaskuntza proiektuaren egitura azaldu dituzte. Eskolaren lehen ikasturtea 2018ko irailean hasiko da. Ikerkuntzaz eta dibulgazioaz arduratzen diren ildoei dagokienez, bi gauza gogorarazi dituzte. Batetik, EQZE elkarlanean ariko dela Instituto Internazionale Andreij Tarkovskij-rekin, urte hasieran aurkitutako Andrei Tarkovskik emandako zinema eskolen 90 orduko grabazioak zaharberritzeko eta hedatzeko; eta bestetik, dibulgazioari lotutako ildoak, zentroaren irekiera publikoa itxuratzeko ardura duenak, ardatz izango duela etxeko zinemari balioesteko ekitaldien programa; azken hori burutuko da anonimotasunaren ideiaren, zinema amateurraren esplorazioaren, "izenik gabeko” filmen eta autoretza kontzeptuaren inguruko mintegi batekin.

Denis Itxaso Kulturako diputatuak adierazi duenez, "espero dugu proiektu hori hazi bat izatea, kulturarena eta zinemarena, sortzaile eta profesional berriena, eta gozatzeko eta hunkitzeko aukera emango diguten film eta ikus-entzunezko lanena.  Hori da EQZEtik espero duguna: profesionalak eta lanak sustatzea, Elias Querejeta bere garairako izan zena izan daitezen beraien garairako, eta Gipuzkoa kokatzea esparru horretako agente aditu gisa, uste baitugu kulturak, zinemak eta ikus-entzunezko sorkuntzak gizartea aberasten dutela, ikuspuntu guztietatik (kultura, ekonomia, irudia)”.

 

 

Zinemaren hiru denboren eskola

 

EQZEk zinema bakarra irudikatzen du, baina zinemagile izateko modu asko. Hori dela eta, eskolak proiektu pedagogiko berezia dauka, bakarra, ikasle bakoitzarentzako hiru ildo indibidualetan banatua: Artxiboa (zinema ondarearen eta ikus-entzunezko ondarearen sailkapenari, zaharberritzeari eta babesari buruzko ikasketak), Komisariotza (komisariotzako zinema proiektu eta ikus-entzunezko proiektuen kontzeptualizazioari eta garapenari buruzko ikasketak) eta Sorkuntza (zinema sorkuntzari buruzko ikasketak, praktika esperimentalean eta norbere ahots zinematografikoaren bilaketan oinarrituak). Muguirok azpimarratu duenez, “EQZE zinemagilearen kontzeptua hedatzean ardazten den proiektu bat da, eta zinemagiletzat hartzen ditu zinemaren oraina, iragana eta etorkizuna lantzen dituztenak. Eta gaineratu duenez, “zinemaren hiru denboren artea da".

 

Ildoetako bakoitzaren plan akademikoa beste hiru alorretan banatzen da (irakaskuntza arloa, lan praktikak –Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko eta Tabakalera proiektu kulturaleko hainbat departamentutan egingo dira– eta proiektu pertsonala. Hiru arlo horietan konbinatzen dira hausnarketa, zinema egitatearen bizipena, lan munduarekiko harreman zuzena eta praktika esperimentala. Ibilbide horretan kokatu du Ane Rodríguezek Tabakalera proiektu kulturalak EQZErekin duen harremana. Iradoki duenez, EQZEren etorrerak "aliatu bat gehiago ekarri du sorkuntza garaikidea sustatzeko, hizkera berrien eta pedagogia berrien praktikaren bilaketatik abiatuta”.

Ikasturtea Donostiako Zinemaldia hasten den egun berean hasiko da urtero, irailaren hirugarren astean, eta hurrengo urteko Zinemaldia amaitzearekin batera bukatuko da. Elias Querejeta Zinema Eskolan duen inplikazioaren inguruan José Luis Rebordinosek adierazi duenez, “Zinemaldiak eskolako ikasleei helarazi behar die etengabeko jarrera sortzailea, eskolak Zinemaldia zalantzan jarri behar duen eta hari hausnartzen eta eraldatzen lagundu behar dion hein berean”. Ikasturtea mugatzen duten bi zinemaldiak, abiaburukoa eta amaierakoa, EQZEren sorburua eta helmuga, eskola horri ezohiko berezitasuna ematen dioten elementu horietako bi dira.

Izen-emate epea datozen asteetan irekiko da, eta matrikularen zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da. Plazen muga 45 ikaslekoa da.

 

 

Ikerketa proiektua

Ikerketa ohiturak bultzatzea eskolaren izaeraren ezinbesteko osagai bat da. "Ez jakitearen" gaineko pasioa sortzea eta transmititzea (zinemari lotutako bide zientifiko, sormenezko, sozial eta intelektual berriak aztertzea) eta pilatutako jakintza transmititzea batera doaz EQZEn. “Elias Querejeta Zine Eskolarentzat, zineman egoteko modu bat da ikerkuntza”, azaldu du Carlos Muguirok, “egiazko lan metodologia bat da, ikasleei, irakasleei eta profesionalei dagokiena, eta haiek behar dituena".

Ildo horren barruan kokatzen da “Tarkovskiren ikasgai galduak” izeneko proiektua. EQZE proiektu horretan sartu da Florentziako Instituto Internazionale Andreij Tarkovskij-rekin batera, aurkikuntza harrigarri baten ostean: haren lankide gertukoenetako baten artxiboan aurkitu ziren Andrei Tarkovskik Moskuko zine eskolan emandako eskolen grabazioak, guztira 90 ordutik gora. Elias Querejeta Zine Eskolak parte-hartuko du 1975 eta 1981 arteko soinu-grabazio horiek ikertzen, zaharberritzen eta hedatzen. Grabazioetan Tarkovskik zinemagile lanaren barneko hainbat arlo jorratzen ditu, auzi estetikoak, etikoak, filosofikoak eta psikologikoak, esate baterako; eta teoria eta praktika zinematografikoaren inguruko hausnarketekin tartekatzen ditu, beste hainbat auziren artean.  EQZE izango da gertakari horretan parte hartuko duen Estatuko erakunde bakarra, eta zenbait jardunaldiren bidez zabalduko du materiala. 

Zinema amateurraren eta zinema anonimoaren inguruko esplorazioa

Etxeko Zinemaren Nazioarteko Egunarekin (urriak 21) eta Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Egunarekin (urriaren 27) bat eginez, eskola edozein euskarritan egindako material amateurra jasotzeko espazio bihurtuko da; bertan, materialak aztertuko ditu eta, beharrezkoa balitz, digitalizatu egingo ditu, hobeto kontserba daitezen Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean. Erakunde horrek bat egin du ekitaldi horiekin, zeren, Joxean Fernándezek azaldu duen moduan, babesa iraganeko eta etorkizuneko kontua baita, egiazko oroimenezko eta artezko tokien kontua, zeintzuek behar duten urritzen doan prestakuntza espezifiko bat eta transmisio ia erritual bat, espazioak eta denborak sortzea komeni zaiona”. Material horren hautaketa bat proiektatuko dute jardunaldi horietan. Urriaren 20an eta 21ean izango dira, eta beren programa osoa datozen asteetan aurkeztuko da.

Programazio horren bidez, EQZEk bere jarduna hasi nahi du gizarteari helaraziz ondare horren garrantzi antropologiko, kultural eta artistikoa. Hurrengo astean amaituko da programa (26, 27 eta 28), Zine amateurraren historiak (eta estetikak) izeneko nazioarteko mintegi batekin; mintegia datozen asteetan aurkeztuko da, eta haren ardatz nagusiak dira anonimotasuna, zinema amateurraren esplorazioa, “izenik gabeko” filmak eta autoretza kontzeptua. Mintegian bilduko dira zinema umezurtzaren eta artxiboen sekretuen inguruan lan egiten duten espezialistak, kontserbatzaileak, artista bisualak, zinemagileak eta adituak. Sesio guztiak sesio misto gisa sortu dira, hau da, proiekzio laburrez lagundutako hitzaldi gisa.

 

  

1665