Gipuzkoako turismoak historiako udarik onena izan du aurten
Gipuzkoako turismoak historiako udarik onena izan du aurten
Gipuzkoako turismoaren jaiak sektore osoa bilduko du Tabakaleran.
- Arrizul hotelak lehen Turismo Berrikuntzari Saria 2016 jasoko du.
- Denis Itxaso: “Gipuzkoa kostaldearen eta barnealdearen arteko ebakia gutxitzen hasi da eta jasangarritasuna eta oreka sustatzen duten politikekin jarraitu beharra dago".
Turismoaren Munduko Egun honetan, Kultura eta Turismo Foru Departamentuak Gipuzkoako Turismo Mahaiaren bilera deitu du arratsalderako. Ondoren, Turismoaren Jaia egingo da Tabakaleran, historiako udarik onena ospatzeko sektoreko profesionalekin batera. Ekitaldian zehar, Donostiako Arrizul hotelak lehen Turismo Berrikuntzari Saria 2016 jasoko du, Gipuzkoa bisitatzen duten turismo-segmentu ezberdinak aintzat hartuz eskaintza berritzailea eskaini nahi duen bere enpresa-ibilbidea aitortzeko.
Sariaren xedea da turismoak aberastasuna eta enplegua sortzeko, ekonomia modernizatzeko eta berrikuntza sustatzeko eta Gipuzkoako irudia kanpoan saltzeko egin dezakeen ekarpena aitortzea; faktore horiek guztiak sektoreaz haraindi doaz eta, ondorioz, eragin positiboa dute bai gizarte osoari bai aberastasuna sortzeari dagokienean.
Kultura eta Turismo Diputatu Denis Itxasok esan duenez “turismoak urte osoan zehar Donostian zein Gipuzkoa osoan izan duen gorakada handia agerian geratu da. Hilero-hilero bisitarien, ostatu-gauen eta hotelen okupazioaren inguruko datuek gorako joera eta emaitza-marka hoberenak agertu dituzte”. Gogoratu duenez, “2015ean milioi bat bisitari baino gehiago izan genituen lehenengoz eta itxura guztien arabera 2016. urteak marka hori apurtu egingo du”. Gaur arte, bisitariak % 11,5 hazi dira, gorako joera hori berretsiz eta bilakaera positibo horren adierazle gisa, Itxasok aipatu du gaua Gipuzkoako hoteletan pasatzen duten turisten kopurua 2.5 aldiz biderkatu dela 1992z geroztik. "Honela -esan du amaitzeko-, urte-sasoien eraginarekin amaitzeko, batezbesteko egonaldia luzatzeko eta lurraldearen baitako oreka lortzeko oinarriak jarri dira”.
Hazkunde-dinamika horretan, atzerritarrek geroz eta pisu handiagoa dute eta horrek Gipuzkoak produktu erakargarri bat eskaintzeko eta nazioarteko turismo-jomuga bilakatzeko duen gaitasuna berresten du. 1992. urtean atzerritarrak turista guztien % 22,5 ziren. Azken urteotan goranzko joera nabaria egon da. Atzerriko turisten kopuruak % 53,8 egin du gora 2009tik.
“Gure konpromisoa eta xede nagusia da ekonomia- eta bisitari-fluxuak kostaldea eta barnealdearen artean orekatuko dituen eskaintza bat sortzea eta aipatu xedea lortu ahal izateko oinarriak jarri dira aurten. Horretarako, eskualdeen eta erakundeen arteko lankidetza, kalitatearen eta turismo-jomuga bakar eta bereizi baten aldeko apustua eta sektoreko eragile guztiek partekatu eta gauzatuko duten estrategia berebiziko garrantzia duten faktoreak dira. Oinarri horietan oinarrituta ari baikara Gipuzkoarako turismo-politika jasangarri bat eraikitzen”, azpimarratu du.
Datu horiek isla ekonomiko garrantzitsua dute, turismoa bigarren sektorerik handiena bilakatu baita, eraikuntzaren aurretik eta industria metalurgikoaren pare: BPGarekiko bere ekarpena % 7,4koa izan da eta 17.600 enplegu zuzen sortu ditu. Ondorioz, Itxasoren ustez, aberastasun-iturri handia da sektorea eta egokiro kudeatu beharra dago kalitatezko enplegua sortzeko, gure eskualdeak biziberritzeko eta, finean, turismoa lurralde osoan ongizatea eta garapena sustatuko dituen eragilea bilaka dadin.
“Datuak onak dira, abagune paregabea dugu, baina funtsezkoa da aipatua egokiro kudeatzea, ez baitugu edozein turismo mota nahi. Turismo jasangarria behar dugu, orekatua, bereizten gaituzten eta bisitariak erakartzen dituzten faktoreak sustatuko dituena: paisaia, gastronomia, gure kultura eta idiosinkrasia. Xede hori lortu ahal izateko estrategia bat garatu beharko da, eskaintza planifikatu beharra dago kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka lortu eta urte-sasoien eraginarekin bukatzeko, inplikaturiko sektore guztien partaidetza bermatu eta zenbaki hutsak aintzat hartzeko tentaldiari gogor egin beharko diogu", nabarmendu du.
1814