Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mari Ayestaranek jasoko du aurtengo Carmen Adarraga saria

Mari Ayestaranek jasoko du aurtengo Carmen Adarraga saria

Hockeyko entrenatzaile eta jokalari ohiak eskuratu du saria, emakumeen kirolean bigarren edizioan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz, Maria Ayestaran entrenatzailearentzat izango da Carmen Adarraga saria bigarren edizio honetan. Sariaren bidez, emakumeen kirolaren alde egindako ibilbidea aitortu nahi zaio. Horrela, eskerrak eman nahi zaizkie urtez urte eta egunez egun kirolean daukaten onena ematen duten emakume, pertsona eta erakunde guztiei. Izan ere, helburu handiak lortzeko, kirolaz gaindiko oztopoei ere egin behar izaten diete aurre. Lehiatuz eta lan eginez, neska eta emakume belaunaldi berrientzat kirol munduan bidea egiten jarraitzen dute.

Aurten Maria Ayestaranentzat izan da esker ona. Kirolari donostiarra giltzarri izan da Real Sociedad belar hockeyko taldean, jokalari gisa lehendabizi eta entrenatzaile gisa ondoren. Nazioarteko 89 partida ofizial jokatu zituen –Europakoak, mundu mailakoak eta lagunartekoak–, eta estatu mailako selekzioak 1971 eta 1984 artean jokatutako norgehiagoka guztietan parte hartu zuen.

Lorpenen artean, hauek dira aipagarri, besteak beste: Haren taldea Espainiako txapelduna izan da gazteen mailan, belar eta areto modalitateetan; areto hockeyko txapelduna izan zen Madrilen 1976-77 denboraldian; belar hockeyko txapelduna Santanderren, Espainiako txapelketako azken fasean, 1980-81 denboraldian; eta Real Sociedad taldeak titulua eskuratu zuen, 1985-86 denboraldian sortu zen Ohorezko Mailako Ligan. Erreginaren bi kopa ere eskuratu zituen.

 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, Ayestaranek entrenatzen zuen hockey taldeko hiru jokalarik urrezko domina lortu zuten. Teresa Motos, Nagore Gabellanes eta Maider Telleria –“urrezko neskak” izenez egin ziren ezagun– olinpiar urre bat zintzilikatu zuten lehen emakume gipuzkoarrak izan ziren. Jokalari, entrenatzaile eta Euskadiko hautatzaile izateaz gain, Mari Ayestaran Espainiako Hockey Federazioko lehendakariorde ere izan da (1999an) eta, gaur egun, Real Sociedad hockey taldeko ordezkaria da.

Denis Itxaso lehen diputatu nagusiorde eta kultura eta kirol diputatuaren arabera, “kirol ibilbide laudagarria du inondik ere, baina nabarmentzekoa da, batik bat, Mari Ayestaran emakume konformagaitza da, borrokalaria eta emakumeen kirolean oso inplikatuta. Emakume saiatua da, gainerakoentzat inspirazio iturri bilakatu eta belaunaldi berriak kirol munduan ibilbidea egitera erakartzen dituen adibide horietako. Emakume horiek guztiek ekarpena egiten dute gizarte justuago, berdinzaleago eta askeago bat lortze bidean”.

Itxasok adierazi du Gipuzkoako kirolak unerik onena bizi duela, eta hala dela, hein handi batean, Gipuzkoako emakumeak aspaldidanik erakusten ari diren maila bikainarengatik.

Carmen Adarraga saria

 Carmen Adarraga sariaren lehen edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak Coro Fuentes omendu nahi izan zuen, bost aldiz atletismoko Espainiako txapeldun izandakoa bera. Fuentes ibilbide luzeko emakumea da, Gipuzkoako kirolarekin konprometitua, eta beste emakume batzuentzat bidegile izan dena. Kirol munduan giltzarri izateaz gainera, gaur egun ere gaztetxoak entrenatzen jarraitzen du.

 Carmen Adarraga sariaren bidez, urtero azpimarratu nahi da hainbat eta hainbat emakumek Gipuzkoako kirolean beren lekua izateko egiten duten ahaleginaren balioa, erreferente izango baita etorkizuneko belaunaldientzat.

 Carmen Adarraga sariaren II. edizioaren sari banaketa Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan izango da, martxoaren 7an, 19:00etan, Oronak Hernanin dituen instalazioetan. Sariak hernaniar baten izena darama, kirol munduan aitzindari izan den eta ibilbide nabarmena egin duen borrokalari batena, hain zuzen.

 Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004), Espainiako saskibaloi selekzioaren kapitaina, hiru aldiz izan zen Espainiako txapeldun bere taldearekin, Gipuzkoak gizonezkoen saskibaloi talde bat izan baino lehenago ere. Baina ez zen saskibaloira mugatu haren jarduna; eskubaloian estatuko txapeldunordea izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai.

 Sarituak Ricardo Ugarte eskultorearen obra bat jasoko du.

 

 
 
 
 
 
 
  

2206