Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mari Ayestaran, aurtengo Carmen Adarraga Saria

Mari Ayestaran, aurtengo Carmen Adarraga Saria

Mundua alda dezakeen gauza bakar bat baldin badago, hori genero berdintasuna da

Jokalari, entrenatzaile eta Euskadiko hautatzaile izateaz gain, Mari Ayestaran Espainiako Hockey Federazioko lehendakariorde ere izan da (1999an) eta, gaur egun, Real Sociedad hockey taldeko ordezkaria da.

Denis Itxaso Mari Ayestarani saria emateko ekitaldian: “mundua alda dezakeen gauza bakar bat baldin badago, hori genero berdintasuna da”

Aurten Mari Ayestaran saritu nahi dugu Carmen Adarraga sariaren bidez. Kirolari donostiar hau giltzarri izan da Real Sociedad belar hockeyko taldean, lehendabizi, jokalari gisa eta, ondoren, entrenatzaile gisa. Nazioarteko 89 partida ofizial jokatu zituen –Europakoak, mundu mailakoak eta lagunartekoak–, eta estatu mailako selekzioak 1971 eta 1984 bitartean jokatutako norgehiagoka guztietan parte hartu zuen.

Denis Itxasok eman zion saria Mari Ayestarani, Hernaniko Orona Ideon egindako ekitaldi batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak sortutako Carmen Adarraga Sari-Omenaldiaren bidez, edozein garaitan nabarmendu den emakumezko kirolari baten ibilbidea eta jarrera aintzatetsi nahi ditu. Urtez urte eta egunez egun, kirolaren munduan neska eta emakumeen belaunaldi berriei bidea zabaltzeko lehiatzen eta aritzen diren emakume, pertsona eta erakundeak omendu nahi dira. Aitortza honetarako, Mari Ayestaranek Ricardo Ugarte eskultorearen obra bat jaso zuen.

“Gauza bat aukeratu beharko bagenu, gauza bat bakarrik, benetan eraldatzailea eta munduan ditugun arazoetako asko konpontzeko aukera emango ligukeena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borroka izango litzateke. Zalantzarik gabe, Mari Ayestaran adibide nabarmena dugu, bere adore eta ausardiari esker Gipuzkoako kirol ekosistema goitik behera aldatu baita belar hockeyan. Kirol curriculum ikaragarria du, baina batez ere azpimarratu behar da Mari Ayestaran emakume konformagaitza, borrokalaria eta emakumeen kirolean oso inplikatua dela. Emakume saiatua da, inondik ere, gainerakoentzat inspirazio iturri bilakatu dena, eta nesken belaunaldi berriei kirol munduan aurrera egiteko indarra ematen dien horietakoa. Halako emakumeen ekarpena ezinbestekoa da gizarte justuago, berdinzaleago eta askeago bat lortzeko” azaldu du Denis Itxaso lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Kiroleko foru diputatuak. Halaber, Itxasok adierazi du Gipuzkoako kirolak unerik onena bizi duela, eta hala dela, hein handi batean, Gipuzkoako emakumeak aspaldidanik erakusten ari diren maila bikainarengatik.

Sari honen bidez, berdintasunarekiko konpromiso tinko eta etengabea azpimarratu eta saritu nahi da, eta aitortu hainbat eta hainbat emakumek kirolean egiten duten lana, onena ematen eta lorpen garrantzitsuak erdiesten, borroka bikoitza eginez, kirolak jartzen dituen hesiak ez ezik beste asko ere gaindituz.  

Besteak beste, Mari Ayestaranen taldea Espainiako txapelduna izan da jubenilen mailan, belar eta areto hockey modalitateetan; areto hockeyko txapelduna izan zen Madrilen 1976-77 denboraldian; belar hockeyko txapelduna Santanderren, Espainiako txapelketako azken fasean, 1980-81 denboraldian; eta 1985-86 denboraldian Ohorezko Mailako Ligan sortu zenean, Real Sociedad taldeak titulua eskuratu zuen. Horrez gain, Erreginaren bi kopa ere lortu zituen.

1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, Ayestaranek entrenatzen zuen hockey taldeko hiru jokalarik urrezko domina lortu zuten. Teresa Motos, Nagore Gabellanes eta Maider Telleria –“urrezko neskak”– olinpiar urre bat lepoan jarri zuten Gipuzkoako lehen emakumeak izan ziren.

 

Carmen Adarraga

Carmen Adarraga Gipuzkoako kirolean aitzindari izan zen; ez zuen inolako arazorik izaten salgaien artean bidaiatzeko saskibaloi partida bat jokatu behar baldin bazuen, eta batzuetan atzetik segika zituela ere joan izan zen.  Adarraga Hernanin jaio zen, eta Espainiako saskibaloi selekzioko lehendabiziko kapitaina izan zen, hala izendatu baitzuten taldeak jokatu zuen aurreneko partidarako: 1942an jokatu zuten Italiaren aurka, gauerdian, Madrilgo Complutense unibertsitatean.

Horrez gain, Adarraga, belar hockeyko eta eskubaloiko jokalaria izan zen. Horrek garbi uzten du kirol espiritu nabarmena zuela, garai hartan, 1940ko hamarkadan, batere erraza ere ez zena. Bere seme Tito Irazustak egingo du kirolari aitzindari honen soslaia.

Ekitaldia Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan egin zen, eta bertan Gipuzkoako emakume kirolari garrantzitsuenetako batek ere parte hartu zuen, Amaia Andres atleta ohiak, hain zuzen, gaur egun Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakari denak. Bere hitzaldian goi mailako kirolari eta kirol erakunde baten buru gisa egin duten ibilbide profesionala izan zuen mintzagai.  

 

  

1848