Marisol Garmendia: “Hondarribia-Donostiako aireportuak akordio politikoak behar ditu lehenbailehen”
Marisol Garmendia: “Hondarribia-Donostiako aireportuak akordio politikoak behar ditu lehenbailehen”
Marisol Garmediak diputatuak positiboki baloratzen du Iñigo de la Serna Sustapen Ministroarekin eta Arantxa Tapia Azpiegitura sailburuarekin atzo izandako bilera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak positiboki baloratzen du Iñigo de la Serna Sustapen Ministroarekin eta Arantxa Tapia Azpiegitura sailburuarekin atzo izandako bilera. Bilera horretan konpromisoa hartu zuten, elkarrekin lan eginez, Hondarribiko aireportuaren lehiakortasuna bermatzeko eta Euskal Y berrabiaraziko duen Bergarako lotunea desblokeatzeko.
Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde antolaketako diputatuak ziurtatu du “Hondarribia-Donostiako aireportuak akordio politikoak eta erakundeen konpromiso irmoak behar dituela, bereziki Sustapen Ministerioarena, Gipuzkoaren konektibitatearentzat giltzarri den azpiegituraren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko”. Marisol Garmendiaren arabera, “Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Udalekin eta Merkataritza ganberarekin batera, Sustapen Ministerioari eta Aenari proposamen tekniko egingarria luzatu diegu, aireportuaren oraina eta etorkizuna bermatuko duena, bai eraginkortasunari bai lanpostuei dagokionez. Sustapen Ministerioak proposamen tekniko hori aztertzea lortu behar dugu eta martxan jartzeko konpromisoa hartzea”.
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako arduradunak espero du “Sustapen ministroaren eta Azpiegitura sailburuaren hitzak ekintza eta erabaki zehatz bihurtzea, eta aireportuaren egungo eta etorkizuneko garapenari laguntzea. Ezin dugu denborarik galdu, pista mozteko lanak egiteko epea gainean baitugu”.
Garmendiak adierazi duenez “ezin dugu onartu Gipuzkoa isolatuta gelditzea, trenbidean duen konexio eskasarekin, AHTren atzerapenarekin eta pista moztearekin gero eta handiagoak diren aireportuaren mugekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ortzibiako gainerako erakunde eta eragileekin batera lan egingo du Gipuzkoak behar bezalako aireportu bat izan dezan, egun dauden hegaldiak bermatuz eta epe ertain eta luzerako garapena –hobetzeko asko dago oraindik-, eta, aldi berean, azpiegitura honek sortzen dituen zuzeneko zein zeharkako lanpostuak bermatuz.
“Beharrezko bultzada” AHTri
Garmendia diputatua pozik agertu da Bergarako lotunearen izapidetzea behin betiko desblokeatzeko lortutako akordioarekin. Bertan elkartzen baitira Abiadura Handiko Euskal Ya osatzen duten hiru zatiak. Atzo jakinarazi zen akordioari esker aurreko kontratua etengo da eta tramitazio berri bati emango zaio hasiera, horrekin lotura hori eraikitzeko atzerako kontaketa hasi da eta Marisol Garmendiak horrela baloratzen du: “Oso berri ona da Gipuzkoarentzat abiadura handiko trena lehenbailehen iristea, eta Sustapen Ministerioaren eta Azpiegitura sailaren artean Bergarako lotunea desblokeatzeko lortutako akordioak oso beharrezkoa duen bultzada emango dio, guretzat ezinbestekoa den azpiegitura hau atzeratuta baitoa".
Marisol Garmendiaren hitzetan “Gipuzkoak ezin du isolatuta gelditu trenbide eta aireportuetan duen konexio eskasa dela eta. Espero dugu lanak azkartzea eta azkenean Estatuarekin eta bereziki Europarekin lotuko gaituen abiadura handiko trena izatea".
1646