Marisol Garmendiak Bizikletaren Udal Gidaliburua aurkeztu du
Marisol Garmendiak Bizikletaren Udal Gidaliburua aurkeztu du
Mugikortasuneko diputatuak gidaliburu hori aurkeztu du “Bizikletaren aldeko udal esperientzien II. Jardunaldien” barruan, non Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako 100 pertsonatik gora parte hartzen duten.
Garmendiarekin batera, Alfonso Sanz lanaren egileak parte hartu du aurkezpenean, eta hizlari modura ere aritu da jardunaldietan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin, antolatu dituen Bizikletaren aldeko udal esperientzien II. Jardunaldiak egiten ari dira otsailaren 26an, foru jauregian; bertara, 100 pertsonatik gora gerturatu dira, besteak beste, Gipuzkoa eta Euskal Herri osotik, Kantabria, Huesca eta beste hainbat tokitik etorritako ordezkari politikoak eta teknikariak. Jardueren artean, hainbat hitzaldi daude antolatuta eta, halaber, bizikletari buruzko udal esperientziak partekatuko dira bertaratuen artean; horrez gain, bizikleta hirietan erabiltzeak ibilgailu eta oinezkoen zirkulazioren inguruan sortzen dituen gatazkak eta arazoak aztertuko dira.
Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak hau esan du ekitaldi honi buruz: “II. Udal Jardunaldien deialdian izandako arrakastak eta partaidetza handiak argi uzten dute udalek eta erakunde publikoek apustu garbia egin dutela mugikortasun jasangarriaren eta bizikletaren kulturaren alde. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak elkarlana bultzatuko du udalekin eta erakundeen arteko lankidetza sustatuko du hainbat hezkuntza eta prestakuntza eremutan, ohitura osasungarrien sustapenean, enplegua sortzeko ahaleginean, eta turismoa bultatzekoan, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluan adostu genuen bezala, betiere lurralde osoan bizikletaren erabilera finkatzeko helburuarekin”.
Ekitaldi honen barruan, diputatu andreak “Bizikletaren Udal Gidaliburua” aurkeztu du; horren egileak, Alfonso Sanzek, hizlari modura ere parte hartzen du jardunaldietan. Garmendiak azpimarratu duenez, “Aldundian atsegin handiz ikusten dugu nabarmen igotzen ari direla gure udalerrietan bizikleta bidezko mugikortasunaren inguruko interesa eta inplikazioa, eta gero eta gehiago erabiltzen dela bizikleta lan alorrerako".
Egite hori jasota dago Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 2014-2022 agirian, eta zerikusi zuzena du herritarren jarrerarekin, bizikleta gero eta gehiago erabiltzen dutelako, eta baita ere erakundeen ahaleginarekin, gero eta sentsibilitate gehiago azaltzen dutelako.
Hala ere, bizikletaren gaia ez da modu homogeneoan sartu udal agendetan, maila desberdinak baitaude alor horri buruzko ezagutza, esperientzia eta garapenean.
Horregatik, Garmendiak adierazi duenez, “Aldundiaren iritziz, bizikleta bidezko mugikortasunaren inguruan udalek duten interesa ez da nahikoa, alorrean lan egiten duten teknikarien gaitasuna hobetu behar baita. Izan ere, beharrezkotzat jotzen dugu teknikari horiek bizikleta bidezko mugikortasunaren oinarri teorikoak ezagutzea, mugikortasun jasangarrian nola kokatu jakitea, esku-hartze publikoa alor horretan egituratzeko ardatzen berri izatea, eta udal mailan egin daitezkeen jarduketa ugarien ezagutza edukitzea".
Halaber, diputatuak hau adierazi du: “atsegin handiz aurkezten dudan gidaliburu honek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristina Enea Fundazioak antolatutako Bizikletaren aldeko udal esperientzien I. Jardunaldietan egindako ekarpenak jasotzeaz gain, leku bat hartzen du bizikleta bidezko mugikortasun alorreko argitalpen espezializatu urrien artean, euskaraz nahiz gaztelaniaz”.
Azkenik, Garmendiak hau esan du: "espero dut argitalpen hau lagungarri izatea, azken batean, bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko Gipuzkoako udal jarduketen artean irizpide eta jokabide komunak lantzeko eta, aldi berean, bizikletaren erabilera nabarmen gehitzeko eta eguneroko erabilera normalizatzeko".
1800