Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea I+G+b sareak Gipuzkoako "sendotasun industrialean" duen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok

I+G+b sareak Gipuzkoako "sendotasun industrialean" duen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok

Ikerlan, Mondragon Korporazioaren zentro teknologiko kooperatiboaren instalazioak bisitatu ditu diputatu nagusiak.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak Ikerlan Mondragon Korporazioko zentro teknologiko kooperatiboaren instalazioak bisitatu dituzte gaur. BRTAko kide da Ikerlan, eta 350 lagunek egiten dute lan bertan egun. Zentroak hiru espezializazio-ildo ditu: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, Potentzia-energia eta -Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Teknologia horiek funtsezkoak dira, eta inpaktu handia dute lurraldeko industriaren oinarrizko sektoreetan, hala nola garraioan, energian edo ekipo-ondasunetan.

Olanok azpimarratu duenez, "berrikuntza eta ezagutza aurreratua sortzea funtsezkoa da gure sendotasun industrialari eusteko eta gure sare ekonomikoa etorkizun handieneko sektoreetara bideratzeko. Azken datuek erakusten dutenez, gure industriak krisiari eusten dio, hazkunderako joerarekin, eta ildo horretan sakondu behar dugu susperraldi ekonomikoa bizkortzeko". Gipuzkoak I+G+b ekosistema "sendoa eta dibertsifikatua" duela gaineratu du, eta Ikerlan aipatu du "teknologia enpresetara transferitzearen" eredu gisa –bere jardueraren % 50etik gora hartzen du eremu horrek-: "Ekosistema horrek funtsezko rola jokatzen du gure enpresa sarearen eraldaketan eta dibertsifikazioan, eta, horrekin batera, kalitatezko enplegua sendotzen eta sortzen".

Ikerlan bi eremu espezifikotan duen posizionamenduagatik bereizten da: digitalizazio teknologietan, zibersegurtasunaren eta adimen artifizialaren aldeko apustu garrantzitsua eginez, eta potentzia-elektronikan zein Li-Ion teknologietan oinarritutako energiaren biltegiratze elektrokimikoan soluzio espezifikoak eta balio handikoak garatzeko ahalmen diferentzialarekin, mugikortasunaren edo energiaren sektoreetarako, esaterako. "Ikerlanaren lan-ildoak guztiz lerrokatuta daude azken urteetan garatzen ari garen Gipuzkoako etorkizuneko proiektu estrategikoekin; horren adibide da Mubil mugikortasun adimendun eta jasangarriko zentroan duen parte-hartzea. Eta baita Europak pandemia osteko agertokia eraikitzeko ezarritako lehentasunekin ere", adierazi du diputatu nagusiak.

Ikerlanetik nabarmendu dutenez, "aipatutako teknologien abangoardia teknologikoan gaude, Europako enpresa eta erreferentzia-zentro nagusiekin lankidetzan, estatuko eta nazioarteko proiektuetan parte hartuz eta/edo haien buru izanez. Funtsezko partner teknologikoa gara Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako enpresa traktore nagusientzat, gugan konfiantza baitute beren erronka teknologikoei eta apustu estrategikoenei aurre egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari urte hauetan guztietan jaso dugun lankidetzagatik eta emandako laguntzagatik. Etorkizunean ere hala izatea espero dugu, Gipuzkoako eta Euskadiko industriaren erronkei elkarrekin aurre egiteko.".

Aldundiak martxan dituen proiektuak eta lan-ildoak zentroak partekatzeaz gain, foru arduradunek lehen mailako laborategiak eta ekipamenduak ezagutu ahal izan dituzte zehatz-mehatz, besteak beste, honako hauek: bateragarritasun elektromagnetikoa, errekuntza, energia biltegiratzea, zibersegurtasuna eta plataforma digitalak, mekatronika eta potentzia-elektronikako tentsio ertaina. Hain zuzen ere, azken laborategi hori izan zen Aldundiak 2020an lurraldeko ekosistema ikertzaileari zuzendutako laguntzen deialdian lagundutako Ikerlanen bi proiektuetako bat, etorkizuneko ibilgailuentzako geltoki adimendun eta multimodal batekin batera.

Programa honen bidez, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kide diren Gipuzkoako entitate eta zentroek I+G+Bko proiektu berritzaileak garatzea eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioak egitea sustatzen da. Aldundiak laster iragarriko du aurtengo deialdia, 4 milioi eurotik gorakoa.

  

2274