Markel Olanok AVS enpresaren ibilbidea nabarmendu du, «enpresa berrikuntzaren» adibide gisa
Markel Olanok AVS enpresaren ibilbidea nabarmendu du, «enpresa berrikuntzaren» adibide gisa
Elgoibarko konpainiak NASAren Marterako misioan parte hartzen du. Aurreikuspenen arabera, otsailaren 18an iritsiko dira planeta gorrira.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak lan bilera bat izan dute gaur Added Value Systems (AVS) enpresako arduradunekin. Enpresa hori nazioarteko erreferentzia bat da espazioaren eta instalazio zientifiko handien sektorerako maila teknologiko handiko proiektuen garapenean. Elgoibarko instalazioetara egindako bisitan, Miguel Ángel Carrera kontseilari delegatuak foru arduradunei azaldu dizkie konpainiak lantzen dituen proiektuak, besteak beste, NASAren M2020 misioan duten parte-hartzea. Aurreikuspenen arabera, otsailaren 18an lurreratuko dira planeta gorrian, iraganeko bizitzaren aztarnak bilatzeko eta planetaren klima eta geologia aztertzeko.
Gipuzkoako enpresak "Perseverance" izena duen Rober esplorazio espazialeko ibilgailuaren zazpi zatietatik bi diseinatu, probatu eta eraiki ditu: MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnaren sentsoreak, horien bidez haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa, hezetasun erlatiboa, giro tenperatura eta eguzki erradiazioa neurtuko dituztenak, eta baita SuperCam kalibrazio sistema ere, kamera, laserra eta espektrometro bat erabiliz Marteko arroken kimika urrunetik aztertzen duen instrumentua. Ustekaberik ezean, robotak V-541 Atlas suziritik askatu ondoren ekingo dio lanari. Suziri hori handienetariko bat da planeta arteko hegaldietan erabiltzen direnen artean. Jezero kraterraren hondoan egingo du. Leku horretan bertan laku bat egon zen eta aberatsa da sedimentuz.
Mugarri horri esker, Elgoibarko konpainia posizionatu egingo da planeta gorrirako hurrengo MSR (Mars Sample Return) misioetarako. 2026an aireratuko den misioan, hartutako laginak bilduko dira, eta, historian lehen aldiz, Lurrera ekarriko dira, sakon aztertzeko. AVS oso fidagarritasun handiko sistema mekatronikoen garapenean espezializatuta dago. Sistema horiek muturreko baldintzetan –huts giroan, muturreko tenperaturetan edo erradiazioarekin– funtzionatzen dute, eta, horren ondorioz, NASAk konfiantza izan du harengan tresna horiek diseinatzeko. Misioa behar bezala egiteko funtsezko tresnak dira; izan ere, huts eginez gero, hondatzeko arriskua legoke. Ibilgailuak oso baldintza gogorretan egin beharko du lan: lurraren idorrean, hauts ekaitzekin edo -80 gradura arteko tenperaturetan.
Era berean, misio horri esker, indartu egingo da AVS enpresak Europako Espazio Agentziak datozen urteetan Ilargia esploratzeko dituen proiektuetan izango duen posizionamendua, agentzia horrek ere Marteren laginak Lurrera bueltan ekartzeko misioan parte hartuko baitu. Gipuzkoako konpainiaren eta ESAren arteko lankidetza duela urte batzuk hasi zen, asteroideen laginak biltzeko sistema diseinatu zuenean. Harrezkero, 20 kontratu baino gehiago sinatu ditu erakunde horrekin. Besteak beste, COPERNICUS Lurra behatzeko asmo handiko programarako sistemak ematea, sateliteentzako gailuak garatuz, horien bizitza baliagarria amaitu delako eta desintegratzeko orbita seguruetara eraman behar direlako, edo bizitza erabilgarria handituko duten zerbitzuak behar dituztelako, hala nola sistemak gehitzea edo ordeztea, konpontzea edo erregaiz hornitzea. India ISRO agentzia espazialarekin ere lan egiten dute.
Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du AVSren ibilbidea "enpresen berrikuntzan ahalegin irmoa eta etengabearen" erakusle dela; izan ere, urtero fakturazioaren % 30 bideratzen du zeregin horretara, eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei "I+G+Bren aldeko apustua areagotzeko" deia egin die, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko eta, horrela, euren merkatuetan "aukera berriak" sortzeko. "Gure industriaren eta lurraldearen potentzial berritzailea Gipuzkoako ehun ekonomikoaren DNAren parte da. Balio hori indartu eta maximizatu egin behar dugu egungo testuinguruan, gure enpresen lehiakortasunari eusteko, hori beharrezkoa baita industria bezalako funtsezko sektore batean jarduera eta enplegua mantentzeko ", adierazi du Olanok, eta 2021eko aurrekontuetan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko ildoak" kuantitatiboki eta kualitatiboki "indartuko direla iragarri du.
Olanok enpresa elgoibartarren ibilbidea goraipatu du, halaber, Gipuzkoako talentuarekin eta industriarekin duen konpromisoagatik, inguruko enpresei eta bertan lan egiten duten pertsonei "ezagutza aurreratua eta berrikuntza teknologikoak sortzen eta irradiatzen" dizkien konpainia delako. "AVS bezalako ibilbidea duten enpresak izatea funtsezkoa eta ilusionagarria da Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batentzat", adierazi du diputatu nagusiak, izan ere, Europarentzat "etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako" batzuetan "lan egiteko bideak irekitzea eta parte hartzea" suposatzen du, ikerketa aeroespaziala eta eraldaketa bezalako jarduera estrategikoetan. "Balio horiek guztiek argi eta garbi erakusten dute AVS Gipuzkoako enpresa berritzaile, lehiakor eta lurraldearekin konprometituaren eredua dela. Eredu hori indartzen jarraitu behar dugu, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko", gaineratu du.
Bestalde, Miguel Angel Carrerak adierazi duenez, "Gure jarduera-eremu guztietan kontratu garrantzitsuak behin eta berriz irabaztea lortzen duen munduko enpresa bakarra gara: astrofisika, laserra, neutroiak, espazioa, azeleragailuak, sinkrotroiak eta fusioa. Zalantzarik gabe, erreferentzia bikainak lortu ditugu, eta, aldi berean, balio teknologiko handiko kontratu berriak irabazteko aukera eman digute". Kontseilari delegatuaren arabera, ezaugarri askok definitzen dute AVS: "Eraginkorrak, fidagarriak, lehiakorrak eta oso iraunkorrak gara. Aurrekaririk ez duten tresnak eta mekanismoak sortzeko eta lizitazio bakoitzaren zehaztapenetara hobekien egokitzen diren eskaintzak diseinatzeko gaitasun handia dugu. Horrek guztiak lehiatzeko aukera eman digu, eta gainditzeko zailak diren oztopo asko gainditu ditugu ".
Sorrera eta garapena
AVS 2006an hasi zen lanean, hiru ingeniari gaztek bultzatuta: Carrerak berak, Jon Osorok eta Ricardo Diegok. 15 urte hauetan hazten joan da, eta, gaur egun, hainbat arlo teknologikotako 100 ingeniari, teknikari eta espezialista baino gehiago biltzen ditu. 2014an hasi zen nazioartean hedatzen, eta AVS UK sortu zuen Oxforden. Ondoren, beste egoitza batzuk ireki zituzten New Yorken eta Frantzian. Urtero, fakturazioaren % 30 I+G+Bra bideratzen du, eta salmenten % 70 25 herrialdetara esportatzen du, batez ere Europara, baina baita Estatu Batuetara ere. Fakturazioa urtean 14 milioi eurotik gorakoa izanik, 2024an salmenta-bolumena bikoiztea aurreikusten du. Urtero 50 bat lizitaziotan parte hartzen du, bai Estatuan bai nazioartekoak, %70eko arrakasta-ratioarekin.
Haren malgutasunari eta egokitzeko gaitasunari esker, ETE hau lehiakorra izan da sektore batean, espazialean, zeinak ezaugarritzat baititu mundu osoko eta askoz ere dimentsio handiagoko enpresen lehia –horietako batzuek 1.000 eta 2.000 langile bitarte dituzte–, gaikuntza teknikoa eta denboran zehar inbertsio iraunkorra egiteko eskakizuna. Dibertsifikazioa da beste ezaugarrietako bat; izan ere, partikula-azeleragailuak eta fusioa bezalako diziplinetan ere lan egiten du, eta, horri esker, kontratuak lortu ditu mundu mailako erakunde eta proiektu zientifikoekin, hala nola CERN, F4E edo ITER. Testuinguru horretan garatzen ari diren proiektuek beste sektore batzuetan ere izan dituzte aplikazioak, hala nola minbiziaren tratamenduan, protonterapiaren bidez.
3026