Markel Olanok Beizamako behar eta proiektuak gertutik ezagutu ditu udal ordezkarien eskutik
Markel Olanok Beizamako behar eta proiektuak gertutik ezagutu ditu udal ordezkarien eskutik
LandaGipuzkoa+ programaren eskutik bi baserri bide berritu dira eta udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak egin dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren LandaGipuzkoa+ programaren bitartez egiten diren hobekuntzak ikusteko, Markel Olano diputatu nagusia eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Beizama herrian izan da gaur, bertan gauzatu diren hobekuntza lanak eta herriak abian dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzen. Aldundiak udalerri txikiei begira abian jarritako programa da LandaGipuzkoa+, 2.500 biztanletik beherako 49 herriei zuzenduta, eta herri hauen ongizatea eta zerbitzu maila hobetzea ditu helburu.
Bisita honetan Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk gertutik ezagutu dituzte Aldundiak Beizaman azken hiru urteetan lagundu dituen proiektuak, baita etorkizuneko asmo eta estrategiak ere, Pello Otaegi herriko alkatearen eta Lurralde Orekako zuzendari, Iñaki Labakaren eskutik. “Benetan garrantzitsua da Aldundiak babesa ematea herri txikiei, lurralde oreka gauzatuz, etorkizuneko desafioei denon artean eta elkarri lagunduz aurre egiteko”, gehitu du Olanok. Beizamako udal ordezkariekin lan bilera egin dute, tokiko beharrak, proiektuak, erronkak eta estrategiak ezagutzeko. Markel Olanok iragarri du ezinbestekoa dela Beizama bezalako udalerri txikietan jarduera ekonomikoa sustatzea, tokiko ongizateari eta orokorrean ekonomiari bultzada ematearren. ”Gure lurraldean herri handiak ditugu, baina baita Beizama bezalako udalerri txiki ugari ere eta herri horietan premiazkoa da etorkizunera begira herritarren ongizatea eta ekonomia indartzea”, azpimarratu du diputatu nagusiak.
Aldundiak, Lurralde Orekako zuzendaritzatik eta LandaGipuzkoa+ programatik 56.000 euroko diru-laguntza eman du bi urtetan zehar, 2017 eta 2018, Beizamako landa eremuetan bi bide zati berritzeko, Amenabar baserrira bidea eta Oiarbide Saletxerako bidea, hain zuzen ere. “Uste dugu beharrezkoa dela landa azpiegiturak eta bideak hobetzeko inbertsioak egitea, herrietako bizilagunen komunikazioa, garapena eta bizi kalitatea ziurtatzeko”, adierazi du Markel Olanok. Horretaz gain, 20.400 euroko diru laguntza jaso du Beizamak udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak egiteko.
Herrira egindako bisita baliatuz, Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk aukera izan dute udal ordezkariekin lan bilera bat izateko, herriko beharren eta aurrera eramaten ari diren proiektuen inguruko berri izateko, eta jarraian Urkizar Txakolindegia bisitatu dute, Beizaman dauden jarduera ekonomiko ezberdinen artean, “txikiak” denak, txikitasun horretan duten garrantzia balioan jarriz. LandaGipuzkoa+ bezalako programak “garrantzitsuak dira” Gipuzkoa osoko herrien ekonomia sustatu eta landa ingurunean enplegu berriak sortzeko. “Gipuzkoaren berraktibazio ekonomikoa errealitatea da eta etorkizunean ere lanean jarraituko dugu herri txikiek eta landa eremuek ere horren onura izan dezaten”, gehitu du Markel Olanok.
1729