Martxan da Gladys Sariaren II. edizioa, euskal ingurune digitaleko emakume gazteei zuzenduta
Martxan da Gladys Sariaren II. edizioa, euskal ingurune digitaleko emakume gazteei zuzenduta
Gehienez 40 urte duten emakumeak izan daitezke hautagai eta proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 20ra arte.
PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin, eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin, Gladys Sariaren bigarren edizioa martxan jarri dute. Sari honek euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte euskaldunak bilatzen ditu, haien ibilbidea aitortu, proiekzioa sustatu eta mundo teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEAM bokazioak sustatzeko asmoz.
Ekimena gaur aurkeztu da prentsaurrean, sariaren babesle den Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan. Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin-zuzendaria,vOlatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordekovkidea, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria eta Iker Usabiaga, Danobatgroup industria-taldeko gestio sozialeko zuzendaria egon dira parte hartzeko prozesua azaltzen eta Gladys-en helburuak aitortzen. Horrez gain, sariari jarraipena emateko arrazoi nagusietako bat lehenengo edizioaren arrakasta izan dela azpimarratu dute.
Izan ere, Gladys Saria 2022an gehienez 40 urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago. Ekimenean parte hartzeko bi modu daude: nork bere hautagaitza aurkeztu edo hirugarren pertsona batek hautagaia izendatu dezake. Izena emateko epea ekainaren ekainaren 20ra arte egongo da zabalik proiektuaren webgune ofizialean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, Gladys Sariaren “garrantzia eta egokitasuna” nabarmendu eta sustatzaileak zoriondu ditu, halako egitasmoak “ezinbestekoak” baitira, bere iritziz, emakumeek zientzia eta teknologiari lotutako lan eta jakintza esparruetan duten “presentzia urriari” buelta eman eta berdintasunean aurrera egiteko.
“Tamalez gure gizartean txertatuta dirauten aurreiritziak eta arau sozialak muga dira neskatoen garapenean. Argazki hori eraldatu behar dugu, emakumezkoek STEM alorretan parte hartu eta protagonista izan daitezen; jakinda, gainera, etorkizuneko ogibideetako asko eremu horretan sortuko direla eta berrikuntzari, ongizateari eta jasangarritasunari lotutako lanpostuak izango direla”, gehitu du Elgarrestak.
“Erreferente berriak”
PUNTUEUSeko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “ekimen honekin ez dugu nahi emakume teknologikoen lana saritzea soilik, neska gazteak esparru digitaletan sar daitezen ere sustatu nahi dugu, eta horrela euskal erreferente berriak sortu”. Ikusgarritasuna pertsona errealei eman nahi zaiela aipatu dute antolatzaileek, eta hori bermatzeko, hautagaien egoera pertsonalak bere ibilbide profesionalean izandako eragina kontuan izango dute epaimahaiko kideek. Informatika Fakultateko ordezkariak, Olatz Arbelaitzek, nabarmendu duenez azken urteetan, Informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru txikiak, urte askotan gure lurraldean zein mundu osoan %15aren azpitik egon denak, eragin zuzena du etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan, emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean”. Horregatik Arbelaitzek azpimarratzen duenez, “sari honek, erreferenteak sortuko dituenez, Informatika Fakultatearentzat eta era berean gizarte osoarentzat sekulako garrantzia du”. Horrez gain, lehiaketako epai-mahaiak batez ere bi irizpide nagusi hartuko ditu kontuan bere balorazioan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa eta orain arte izandako ibilbide profesionala. 2022ko Gladys irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta bere ibilbidea biltzen duen bideoa grabatuko zaio. Horrez gain, antolatzaileekin adostutako eskolatan eta Kaixomundua.eus DBH, Batxilergo eta Lehen Heziketako ikasleentzako lehiaketaren sari banaketan gazteei hitzaldi motibatzaileak emateko aukera izango du.
Gladys Saria PuntuEUS Fundazioa eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Bere lehenengo edizioan, 23 hautagaitza aurkeztu ziren eta antolatzaileek adierazi dutenez, “iaz aurkeztutako proposamenek maila oso altua erakutsi zuten eta gelditzeko etorri den saria dela uste dugu”.
Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen
UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikasle kopuruari dagokion datuak aztertuz gero, emakume kopuru murriztu batek arlo teknologikoetan ikasten duela ikus daiteke. Gainera, fenomeno hau ez da bakarrik Donostiako Informatika Fakultatean gertatzen, orokorrean ikasketa zientifiko teknologikoetan gertatzen ari da. Horregatik dira hain garrantzitsuak PuntuEUS Fundazioak sustatzen dituen Gladys Saria eta Kaixomundua.eus bezalako ekimenak, STEAM diziplinak zein emakume gazteen bokazioak sustatzeko helburuarekin jaio direlako.
2595