Martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna
Martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna
Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpen instituzionala
1975ean, Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatu zuen, emakumeek herritar gisa zituzten eskubide guztien alde feminismoak egindako etengabeko lanari zor zitzaion aitorpena emateko. Hau da, enplegu eskubidea, sufragio eskubidea, independentzia ekonomikoa izateko eta, gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea; bizitza duina izateko eskubidea -hitzaren zentzurik zabalenean-; indarkeriarik, esplotaziorik eta gutxiespenik ez jasateko eskubidea. Azken finean, gizakion berezko eskubideak, gehiago edo gutxiago gauzatuz joan direnak, etengabeko aldarrikapenei eta mobilizazioei esker, bereziki emakumeenak, eskubideen urraketa gehien pairatzen dituztenak baitira.
Gizateria izen hori bere gain hartuz joan da, hein batean, emakumeek berdintasunaren alde egin duten borrokagatik
Martxoaren 8a sinbolismo handiko eguna da, eta atentzio dei bat ere bai, ibilbide hori ez delako bukatu, eta, gainera, aurrerapen guztiek bezala, iraunkortasuna behar duelako eta ahulgarritasunaren kontzientzia erabatekoa.
Tamalez, azken urteotan eraldaketa horren prekarietatea agerian jartzen duten egoerak ikusi izan ditugu, olatu erreakzionario batek bultzaturik atzera jo nahi duen gutxiengo baten eskutik, gehiengook aurrera egiteko arrazoiak ikusten ditugun esparruetan.
2018an, gehiengoaren nahi hori zeharkako proposamen bihurtu zen, mundu guztiko mugimendu feministak buru zirela, eta genero desberdintasunen aurkako aldarria izan da. Aurten mundua gelditu egingo da berriz, emakumeak gelditu egingo direlako esparru guztietan, eta agerian jarriko dira egungo gizarte eta garapen ereduak oinarri dituen desberdintasun ezkutuak.
Horrez gain, martxoaren 8a ekintzarako eta gizarteak planteatzen dituen eskaerak erantzukizunez entzuteko dei bat ere bada, eta ahalik eta arreta handiena jarri behar dugu.
Gauzak horrela, nazioarteko egun hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin nahi dio gizarte guztiari Berdintasunaren aldeko Giza Agenda garatzeko ahaleginak batu ditzagun.
Eraikitzen ari garen Gipuzkoa inklusiboak emakume eta gizonen arteko berdintasuna finkatu behar du justizia, ongizate eta elkarbizitzarako beste edozein nahi lortzeko baldintza bezala. Helburu horretara iristeko agenda garatzeko, oinarritzat hartu behar dira ekitate irizpideak, hau da, esparru guztietan oraindik bizirik dirauten egiturazko genero desberdintasunak identifikatzea eta konpontzea xede dutenak.
- Giza eskala oinarri duen ekonomia garatzen laguntzen duen agenda bat, ardatz dituena bizitzari eusteko erantzunkidetasuna, aukera, ardura eta baliabideak -ekonomikoak, prestakuntzakoak, denborazkoak eta abar- eskuratzeko berdintasuna; eta gainditzen dituena gaur egun emakumeen garapen pertsonalari, sozialari eta profesionalari oztopoak jartzen dizkioten genero estereotipoak. Gizarte kohesioaren jomuga ezin da lortu berdintasunaren ekarpenik gabe.
- Agenda horren bidez baliabide gehiago izan behar ditugu eskubide urraketa larrienari aurre egiteko, alegia, emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeriari aurre egiteko. Indarkeria matxistak, eta horren barruan bereziki indarkeria sexualak, emakumeen askatasuna murrizten du eta beldurrez bizitzera behartzen ditu; indarkeria sistemikoa da, erantzunkidetasun maila handiagoa eskatzen duena erakundeen eta gizarte eragileen aldetik.
- Azken finean, gizarte osoa inplikatu behar den giza agenda. Ezin gara hasi aurrerapen partzial edo txikiekin, berdintasunaren erronkak ekarpen handiagoa eta zabalagoa eskatzen du: era askotakoa, egiteko moduari eta tresnei dagokienez; zeharkakoa, ezartzeko moduari begiratuta; eta heterogeneoa, proposamenetan; baina betiere, agenda garatzeko konpromisoa oinarri duela. Eragile bakoitzak bere kasa ezin du bakarrik aurrera egin; orain arte egindako ibilbidea finkatu eta zabaldu egin behar dugu, lankidetzan, bakoitzak bere ardurak hartuta eta elkarren osagarri. Berdintasunaren bidean aurrera egin behar dugu, berdintasunezko jardunbideetatik abiatuta.
Aurten ere, martxoaren 8ak, lorpenak ospatzeko eta berdintasun agendarekiko gure konpromisoa indartzeko arrazoia izan behar du.
Dei egin nahi diogu gizarte guztiari egun horretan parte har dezan, antolatzen diren ekitaldietara joanda, eta indarkeria sexistaren biktimekiko elkartasuna adierazita, gaur bereziki gogoan baititugu horiek.
Urte hauetan guztietan emakumeek egin duten bidea gizateriaren lorpen handietako bat da, eta burutzeko bidean gaude. Hau izan daiteke erabateko berdintasuna lor dezakeen belaunaldia, baina, lortu ahal izateko, Historiaren alde egokian jarraitu behar dugu.
2149