Mendekotasun laguntzek eta prestazioek 5 urtera arte laguntzen dute adineko pertsonak etxean bizitzen
Mendekotasun laguntzek eta prestazioek 5 urtera arte laguntzen dute adineko pertsonak etxean bizitzen
Mendekotasun laguntzek eta prestazioek 5 urtera arte laguntzen dute adineko pertsonak etxean bizitzen
2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiak 18.022 pertsonari eman die laguntza prestazio ekonomikoen bidez, 61 milioi euro bideratuz, eta 4.382ri etxeko laguntza teknikoen bidez.
Mendekotasuna duten pertsonei arreta eta zaintza ematea lehentasunezko zeregina da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Egoitza-zentroetako, etxebizitzetako edo eguneko zentroetako plazak eskaintzeaz gain, foru erakundeak mendekotasuneko prestazio ekonomikoak kudeatzen ditu, baita etxeko laguntza-zerbitzua ere, laguntza teknikoen bidez, besteak beste. “Mendekotasuna duten pertsona gehienek, 10etik 8k, etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta gure helburua da 2030ean mendekotasuna duten eta laguntza-premiak dituzten pertsonen %85ek etxean bizitzen jarraitzea”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak, gaur goizean Etxetek, Donostiako laguntza teknikoak kudeatzen diren Aldundiko zentrora egindako bisitan. Diputatuarekin batera, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendari kudeatzailea eta Sor Isabel Martinez Aita Menniko superiora berria izan dira, Etxetek programa kudeatzeaz arduratzen den erakundeko ordezkariak.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak iragarri du, zerbitzu eta prestazio desberdinen konbinazioari esker, mendekotasuna duten pertsonak euren etxean bizitzen jarraitzea 5 urtera arte luzatzen dela, egoitzetako sarrera atzeratuz. Gaur egun, egoitzetan sartzeko batez besteko adina 84,42 urtekoa da, eta gehienak (%86) mendekotasun maila handiko profilak dira (II. eta III. graduak). Olanok zehaztu du etxean mendekotasuna duten pertsonek gehien erabiltzen dituzten zerbitzuak prestazio ekonomikoak eta laguntza teknikoak direla, eta zerbitzuak konbinatuz gero, adinekoek urte gehiagoz bizi daitezkeela etxean, kalitatezko zaintza pertsonalizatua bermatuz. Ildo horretan, etxeko laguntzak zabaltzen jarraitzearen alde egin du, urtez urte hazten jarraitzen dutenak.
Gizarte Politikako departamentuak 28.494 pertsona artatzen ditu gaur egun, plaza duten zerbitzuen, etxeko laguntzen, balorazioen eta prestazio ekonomikoen bidez. 2021ean 18.022 pertsona lagundu dira prestazio ekonomikoen bidez, 61 milioi euro ingururekin, eta 4.382 pertsona etxeko laguntza teknikoen bidez. Laguntza ekonomiko eskatuenak laguntza pertsonalerako (LPPE) eta familia-inguruneko zaintzarako (FIZPE) laguntzak dira, guztira 14.500 onuradun izan dituztenak 2021ean, eta 58,5 milioi euro bideratu dira bi prestazio horietara.
LPPE-a urtetik urtera gehien hazten ari den prestazio mota da, hazkunde esponentzialarekin. 2021ean 7.823 izan dira onuradunak, duela sei urte baino %27,7 gehiago. Gainera, diputatuak adierazi du Estatuan ematen diren mota horretako prestazioen %90 Gipuzkoakoak direla, “zaintza profesionalizatzeko egin dugun apustuaren erakusgarri”. Gainera, azken urtean laguntza hori 5 milioi eurotan handitu dela ere zehaztu du.
Azken hamarkadan, esponentzialki hazi da etxean bizi diren mendeko pertsonen kopurua, egoitza-zentroetan bizi direnen aldean, “eta lanean jarraitzen dugu gero eta gehiago izan daitezen”. Hori dela eta, diputatu nagusiak nabarmendu du lurraldeko udalekin etxebizitzako arretari dagokionez ematen ari den “lankidetza eta koordinazio estua”, eta azaldu du Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren esparruan Aldundia etxean zaintzeko estrategia bat garatzen ari dela, “laguntza oso, pertsonalizatu eta berritzaile batean oinarrituko dena, non komunitateak zeregin nabarmena izango duen”.
Etxetek, laguntza teknikoa etxean
Etxeko zainketen estrategia horren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak etxeko ekipamenduak eta laguntza teknikoak zabaltzen jarraitzeko apustua egiten du, eguneroko jarduerak egiteko laguntza-premiak dituzten pertsonen autonomia pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, orientazio pertsonalizatua eskaintzen da etxean bertan, eta laguntza-produktuak nahiz etxeko irisgarritasuna hobetzeko laguntza ekonomikoak ematen dira, oztopo arkitektonikoak kenduz eta autonomia bultzatuz.
Aita Menniko zuzendariak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari zerbitzu hori kudeatzeko konfiantzagatik, dagoeneko Gipuzkoako 5.000 etxebizitza baino gehiagotara iristen dena. “Zerbitzu jasangarria eta eraginkorra da, eta urtean 4,21 milioi euro aurreztea ahalbidetzen da ekipoen berrerabilerari esker”. Testuinguru horretan, Tellaechek azpimarratu duenez, Etxeteken lan egiten duten Aita Menniko langileei esker, ekipamendua entregatzeko eta jasotzeko epeak hobetu dira, eta 21 egunekoak dira pertsona erregistratu, balorazioa egin eta materiala etxera bidaltzen zaionetik. Erabiltzaileei egindako gogobetetze-inkestek emandako iritzi positiboa ere nabarmendu du. Inkesta horietan, ia %99k zerbitzua entregengatik gomendatuko lukete, eta %96k jasotako orientazioagatik.
Etxetek programa 1989an sortu zuen Aldundiak, duela 33 urte, eta ordutik 66.000 pertsona inguru artatu dira, 4.382 azken urtean. Artatutako pertsonen %76k 75 urte baino gehiago ditu, eta gehien eskatzen diren produktuak oheak eta osagarriak (4.711 2021ean), gurpil-aulkiak (788), bainu-osagarriak (756), garabiak (724) eta eskailera-igogailuak (252) dira.
2717