Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mendekotasuna duten Gipuzkoako adinekoen arretarako 52 milioiko inbertsioa

Mendekotasuna duten Gipuzkoako adinekoen arretarako 52 milioiko inbertsioa

2017an zehar egoitzetan eta adineko zentroetan 2.942 plaza finantzatzea ahalbidetuko du Gobernu Kontseiluaren erabakiak

2017/01/31
Imanol Lasa, Gobernu Kontseiluko erabakiak jakinarazten Consejo de Gobierno

Gizarte Politikako departamentuaren eta erakunde laguntzaileen arteko kontratu-programaren eredua onartu du Gobernu Kontseiluak, 2017an. Urtean zehar mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei eta buruko nahasdura dutenei hainbat zerbitzu emateko. Gaur Hitzartutako inbertsioa 52 milioitik gorakoa izango da -52.046.479,10 euro-. Erabaki honen bitartez, entitate hauekin elkarlanean, Aldundiak 2.942 plazako eskaintza ahalbidetuko du,  mendekotasun egoerek pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurre hartu eta erantzuteko. 2016ko abenduan kontratua agortzen diren plazak dira berritzen direnak, hain justu.

Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, plaza horiek hainbat baliabideetan banatzen dira: adinekoentzako eguneko zentroak, lan egunetan -468 plaza- eta asteburu eta jai egunetan -222 plaza-; adinekoen egoitzak, eta horien barruan plaza iraunkor arruntak -2.029- eta unitate psikogeriatrikoko plaza iraunkorrak -115-; desgaituentzako egoitza-zentroak -6-; buru-nahaste larria duten pertsonentzako egoitzak -34-; eta egoitza soziosanitarioko unitatea -68-.

Gaurko Kontseiluak onartutako inbertsioa honela banatzen da: 36.656.249,47 euro egoitzetara bideratzen dira -14.557.801,05 Udaletara, 15.706.588,18 hirugarren sektorera eta 6.391.890,64 zentro pribatuetara-; 2.563.369,33 euro unitate psikogeriatrikoetara -1.395.351,91 Udaletara, 671.496,06 hirugarren sektorera eta 496,521,36 zentro pribatuetara; 6.237.440,94 eguneko zentroetarako -4.539.229,52 udaletara, 587.843,50 hirugarren sektorera, eta 1.110.367,92 zentro pribatuetara-; 2.664.483,43 Kabiara; 2.469.389 arreta soziosanitariora; 228.463,26 desgaitasuna dutenen plazetarako, eta 1.227.053,27 buruko gaixotasuna dutenen plazetarako.

Erakunde publikoen, hirugarren sektorearen eta sektore pribatuaren arteko kontzertazioaren balioa nabarmendu du Lasak, “hori baita Gipuzkoaren gizarte arretarako ereduaren oinarri nagusia, eta zerbitzu integrala, kalitatezkoa, pertsonalizatua eta jarraitua emateko gakoa, pertsona bakoitzak babeserako dituen behar espezifikoetara egokituz, edozein direla ere haren baliabide ekonomikoak”. 

Kontratua sinatuko duten entitate laguntzaile guztiek, konpromiso formala hartzen dute kontratua irauten duen bitartean kalitatea hobetzeko Plana ezartzeko, dagokion ebaluazioa egin ondoren. Plan honek zentroetako bizimodua optimizatzea eduki behar du helburu, hainbat alor kontuan hartuta: arreta pertsonala, erosotasuna, zentroaren funtzionamendua, harremana kanpoko inguruarekin eta, oro har, “erabiltzaileen bizi kalitatean eragina duten faktore guztiak”. 

Zentroetako langileen “prestakuntza” maila altua azpimarratu du Lasak. Langileen artean, hainbat arlotako teknikari eta espezialistak daude, hala nola gizarte lana, erizaintza, psikologia, monitore okupazionala, medikuntza, psikiatria eta fisioterapia. Gaineratu duenez, garrantzi handia ematen zaio erabiltzaileen eta senitartekoen arteko harremana, eta haien parte-hartzea bermatzeari eta bultzatzeari. Eguneko Zentroei dagokienez, berriz, “oso baliabide baliotsua dira gure adinekoen autonomia pertsonala bultzatzeko”. 

Aldundiak gizartearen zahartze prozesuari aurre egiteko finkatutako bide orriaren barruan kokatzen da gaur onartutako kontratu-programa: “Zalantzarik gabe, hauxe da gizarte gisa dugun erronka handienetako bat”. Hori dela-eta, foru erakundeak aurreikusten du 300 plaza berri sortzea lurraldeko adinekoentzako egoitza eta eguneko zentroetan, bereziki behar handiena dagoen eskualdeetan –Oarsoaldea eta Buruntzaldea bereziki-, lurralde oreka bermatuz. 

Azpiegitura hauei, diru laguntzen sistema erantsi behar zaie. Izan ere, Gipuzkoan 14.000 familia baino gehiagok jasotzen dute mendekotasunari lotutako laguntzaren bat. Mendekotasun Legea betetzerakoan lurraldea aitzindari da erkidego eta estatu mailan, 2015az geroztik, desgaitasun arina dutenak ere aintzat hartzen baititu sisteman. “Gure baliabideekin eusten diogu %90an, beraz, Madrilgo Gobernuari eskatzen diogu finantziazio arloan adostutakoa betetzeko”, adierazi du Lasak. Denera, Aldundiak 120 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten adineko pertsonen arretara, hau da, Gizarte Politikako departamentuaren aurrekontuaren %33.

Estrategia Digitaleko zuzendaritza berria

Aldundiaren antolaketan aldaketa garrantzitsuak onartu ditu ere gaurko Kontseiluak: alde batetik, Funtzio Publikoko eta Araubide Juridikoko zuzendaritzak, orain arte autonomoak zirenean, zuzendaritza bakarrean elkartu dira, “eraginkortasun handiagoarekin” aritzeko eta “desburokratizazioan” sakontzeko. Bestetik, zuzendaritza berria sortu da, Estrategia Digitalekoa. Aldundiaren on line komunikazioa bideratzea eta planifikatzea izango da horren egiteko nagusia. Biak ala biak Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuaren ardurapean egongo dira. 

Zuzendaritza berriaren esku egongo da komunikazio digitaleko plangintza estrategikoa aurrera eramatea, eremu digitalean Aldundiaren posizionamendua indartuz, herritarrekin interneten ekintza komunikatibo eraginkorrak diseinatuz, eta berrikuntza sustatuz joera, eduki, tresna eta plataforma berrietara egokitzeko. Lasaren arabera, erabaki koherentea da teknologia berriak hartzen ari diren pisu geroz eta nabarmenagoarekiko, eta Aldundia gobernantza berriaren alde egiten ari den apustuarekiko. “Ezin dugu hitz egin gertutasunaz, eraginkortasunaz edo gardentasunaz, herritarrekin harremanetan bideratzeko dugun modua modernizatzeko eta arintzeko kapazak ez bagara, gure komunikazio estrategiak eta kanalak egungo gizarteari eta teknologiei egokituz”.

Funtzio horiek Modernizazio zuzendaritzak betetzen zituen orain arte, baina lehentasunezkoak direla iritzita erabaki du Aldundiak zuzendaritza espezifikoa sortzea, indar handiagoarekin eragiteko. Besteak beste, pisuzko bi proiektu gauzatu beharko ditu: web orri guztien berrantolaketa, eta sare sozialetako perfil instituzionalen integrazioa. “Aldundiaren egunerokotasuna gerturatu nahi diegu herritarrei, informazio erabilgarria, garrantzitsua eta kalitatezkoa eskainiz, zerbitzu hobea emateko. Baina aldi berean, erabiltzaileekiko interakzioa sustatzea da gure asmo nagusia; beraien eskaera eta iradokizunak aktiboki entzutea, zalantzak eta kontsultak ahalik eta azkarren erantzutea, eta, funtsean, konfiantzan eta aldebikotasunean oinarritutako harremana finkatzea”. 

  

1661