Mendiaren erabilera egokirako dekalogoa
Mendiaren erabilera egokirako dekalogoa
Hainbat puntu biltzen ditu aholku sortak, horien artean, mendira joatean zakurrak beti lotuta eramatearena.
Erabateko itxialdia amaitu da eta ondorioz, gero eta gehiago dira mendia eta landa eremua bere aisialdiaz gozatzeko erabiltzen hasi diren herritarrak. Gipuzkoako landa eremuaren % 80a baino gehiago jabetza pribatukoa da eta hainbat pertsonek bizi eta lan egiten dute bertan egunero. Landa eremura gerturatzen garenean bertako ohiturak eta arauak errespetatzen ez baditugu, ordea, arazoak sortzen dira, eta zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean mendiaren erabilera egokirako dekalogoa argitaratu dute.
Arantxa Ariztimuño Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak azaldu du “dekalogo hau mendiaz errespetuz gozatzeko aholku sorta bat” dela. “Mendiko larreetan edota Aldundiak homologatutako ibilbideren bat egitea erabaki duten mendizaleek, inguruan ganadutegitik bizi diren pertsonak daudenaren jakitun izatea eta ondorioz, espazio partekatu honen erabilera egoki bat egitea bilatu nahi da dekalogo honekin”.
Mendizaletasunerako praktika onen dekalogoa
1. Saiatu mendira joateko garraio publikoa erabiltzen. Ezin bada eta ibilgailu propioa baliatu behar bada, aparkatu horretarako prestatutako tokietan.
2. Bisitatuko den eremua Babestutako Naturagune bat bada, ezagutzeaz arduratu mendiko kirolen inguruan bertan ezarrita dauden arauak.
3. Saiatu aurrez markatuta dauden ibilbideei jarraitzen, beti ere lur eremu pribatuetatik igarotzea ekidinez.
4. Langa edo ataka bat igarotzean, beti itxita utzi.
5. Mendira txakurrarekin baldin bazoaz, beti lotuta eraman.
6. Mendira bizikletan hurbiltzen bazara, moteldu abiadura baserri inguruetan edo oinezkoren batekin topo egitean.
7. Mendi ibilbide bat egiterakoan, baso-lanetan ari direnen eremu bat gurutzatu behar bada, jakinarazi langileei zein bide jarraituko den eta ez oztopatu beraien jarduna
8. Ez hartu fruiturik zuhaitzetatik, jabearen baimenarekin ez bada.
9. Zaindu ingurune naturala eta bertatik igaro ez bazina bezala utzi.
10. Lagundu landa eremuko ekonomiei eta bultzada bat eman, hango zerbitzuak erabiliz eta bertako produktuak kontsumituz.
Dekalogoa sakonago esteka honetan kontsultatu daiteke: https://labur.eus/782kf
Panelak mendian
Dekalogo hau gipuzkoa.eus webgunean kontsultatzeko aukera izateaz gain, Gipuzkoako mendietan zehar ezarri diren paneletan ere ikus daitezke. Momentuz, hamabost panel ezarri dira: Bianditzen, Otzaurten, Lizarrustin, Arritzagan, Mañerren, Kausoron eta Uzpurun bana, Aiako harrian bi, eta azkenik, bost Arantzazun. Panel hauen bidez, batetik, ganaduen zonaldean dagoela jakinaraziko zaio mendizaleari eta bestetik, panelean bertan dagoen QR kodearen bitartez mendizaletasunerako praktika onen dekalogoa zabaldu eta osorik kontsultatzeko aukera izango du.
2323