Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Milaka gipuzkoarren proposamenak jasoko ditu Aldundiak asteartetik aurrera Aurrekontu Irekietan

Milaka gipuzkoarren proposamenak jasoko ditu Aldundiak asteartetik aurrera Aurrekontu Irekietan

Proposamen horiek proiektu bihurtuko dira eta, udazkenean, herritarrei berriro emango zaie hitza, zein ekimen gauzatuko diren erabakitzeko.

2022/04/22

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2022-2023 Aurrekontu Irekiak prozesua. Ekimen honen bidez, foru erakundeak gipuzkoarrei emango die hitza, proposamenak aurkeztu ditzaten lehenengo, eta horietatik eratorritako proiektuen artean aukeratzeko gero. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiak duen “partaidetza erremintarik indartsuenetarikoa” da aipatutako prozesua. Ekimenaren lehenengo fasea datorren asteartean hasi eta maiatzaren 20ra arte luzatuko da, eta bertan gipuzkoarrek sake librean aurkeztu ahalko dituzte proposamenak. Gero, ideia hauei forma eman eta proiektu bihurtuko dira eta, irailaren 12tik urriaren 7ra, bozketa fasea egingo da, non gipuzkoarrek diruz lagundu nahi dituzten proiektuen alde bozkatu ahal izango duten. Bi milioiko dotazioa dauka Aurrekontu Irekien programa honek eta horrek herritarrek bozkatutako 10 proiektu edo gehiago  finantzatzen lagunduko du Aldundiak. Hala, gehienez 200.000 euro bideratuko dira proiektuko baina dotazio txikiagoa eskatzen duten egitasmoak ere onartuko dira eta 10 proiektu baino gehiago gauzatuko lirateke.

          Ekimena gaur goizean aurkeztu du Mendoza berak, Mikel Pagola Herritarren Partaidetzarako zuzendariarekin batera, Donostian egin den prentsa agerraldian. Bertan gogoratu dutenez, Aldundia pasa den legealditik ari da Aurrekontu Irekien ekimen ezberdinekin lanean, eta Joseba Muxika zuzendari zenaren figura nabarmendu dute, “prozesu guzti honetan klabea izan baita”. 2020tik hona, foru erakundearen aurrekontuetan diru partida zehatz bat gordetzen da, gero Aurrekontu Irekietan herritarrek aukeratzen dituzten proiektuak finantzatzera bideratuta. Honela, 2020ko prozesuari esker 5 proiektu lagundu ziren, eta pasa den urtekoan beste 6 proiektu.

Mendozak nabarmendu duenez, Aurrekontu Irekien ekimena Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. “Eta Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz bultzatzen duen proiekturik interesgarri eta mamitsuena izango da. Politika egiteko moduetan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala gainditu edo, behintzat, murrizteko”, adierazi du. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari da egiten foru erakundea, elkarlanekoa eta irekia.

“Denon artean, gizarte antolatuari eta herritarrei hitza eman eta parte hartzeko bideak irekiz, Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ari gara Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez: hausnarketa partekatu baten bitartez, biharko erronka eta desafioak identifikatzen ari gara. Eta behin arazoa identifikatuta, gaurtik hasten gara lanean, esperimentazioaren bidez, biharko arazo horiei erantzunak emateko”, esan du diputatuak. Beste modu batera esanda, Etorkizuna Eraikiz berrikuntza ariketa erraldoi bat litzateke, lurraldearen etorkizuna bermatzeko, eta herritarrekin eta gizartearekin modu partekatuan egin nahi dena. “Bizi garen mundu aldakorra kontuan hartuta, inoiz baino beharrezkoago ikusten den hausnarketa, berrikuntza eta esperimentazioa ariketa kolektiboa”, gehitu du.

Testuinguru horretan, Mendozak adierazi du funtsezko erreminta direla Aurrekontu Irekiak, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, esan du foru diputatuak. Esan beharrik ez dago, gaur egun bizi ditugun garai aztoratu hauetan, zein garrantzitsua den bide hau zabal-zabalik irekita izatea. Esku artean ditugun erronkak sekulakoak direlako; eta erantzunetan eraginkorrak izateko, guztion inplikazioa behar dugulako”, gaineratu du.

 

Bi urteko ekimena

2022-2023 urteko Aurrekontu Irekiei dagokionez, lehen berritasuna izenean bertan dago, biurteko proiektua izango baita, aukeratzen diren egitasmoen garapenerako denbora gehiago uzteko. Urte bakoitzean milioi bat euro bideratuko da ekimenera, hau da, guztira bi milioi euro, eta  gutxienez hamar proiektu diruz laguntzea aurreikusten du. “Beste berritasun nagusia da aurrez aurreko topaketak berreskuratuko ditugula. Eragile eta herritarrekin topaketak egingo ditugu lehenengo fasean, eta kalean egongo gara bigarrengoan, karpa batekin ibiliko baikara herriz herri. Garrantzi handiko aldaketa da hau, Aurrekontu Irekiek beren esentzia berreskuratzen dutela esan dezakegu, COVID-19 pandemiaren etenaldiaren ostean”, esan du Mendozak.

Lehenengo fasean, asteartean hasi eta maiatzaren 20aren bitartean egingo dena, sake librean eskainiko zaie herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera. Esparru hauetako batean egin beharko dituzte ekarpenak: ekonomia, enplegua eta turismoa; kultura eta aisia; gizarte politikak (haurrak eta gizarteratzea, adinekoak, desgaitasuna, zainketak); mugikortasuna eta garraioa; ingurumena; landa-mundua eta mendiak; euskara; berdintasuna eta aniztasuna; gazteria eta Kirolak; eta bide azpiegiturak. Hain zuzen, Aldundiaren eskumeneko esparruak dira hauek. Parte hartzeko hiru bide izango dituzte herritarrek: web orriaren bidez (gipuzkoa.eus/partaidetza); buzoneatuko diren gutuna atzera bueltan bidalita (frankeoa ordainduta dauka); edota Aldundiaren sarreran edo udal erregistrotan utziz etxean jaso duten parte hartze txartela. Gaurtik aurrera gipuzkoarrak beren etxeetan hasiko dira Aldunditik bidalitako gutunak jasotzen. 

          Behin fase hau itxita, aurkeztu diren proposamen guztiak aztertu eta forma emango zaie, proiektuak identifikatu eta osatuz. Guztira, 40 bat proiektu osatzea aurreikusten da. Gero, irailean, 40 proiektu hauen artean 10 aukeratu beharko dituzte herritarrek. Zehazki, irailaren 12tik urriaren 7ra bitartean egingo da fase hau, eta honako hauek dira parte hartzeko moduak: berriro egingo da buzoneoa, eta etxean jaso den gutuna postaz itzulita; web orriaren bidez; Aldundian edo udal erregistrotan utziz parte hartze txartelak; edota herriz herri ibiliko den karpara hurbilduta. “Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak. Urri erdian, parte hartze prozesu guztiaren emaitzak jaso eta gizarteratuko ditugu, eta herritarrek aukeratu dituzten proiektuak martxan jarriko dira”, esan du Mendozak.

Bukatzeko, herritarrei parte hartzera dei egin diete foru arduradunek, “gure oraina eta etorkizunari buruz asko baitute esateko”. “Ilusio berezia egiten digun ekimena da Aurrekontu Irekiena, herritarrentzako partaidetza bide zuzen eta zabala baita. Eta, 2022-2023 honetan, gainera, berriro ere kalean egongo gara; are bereziago egiten du honek ekimena”, nabarmendu du Mendozak. Gehitu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen ari den gobernantza ireki eta elkarlanekoarekin % 100ean lerrokatuta dagoen ekimena da Aurrekontu Irekiena eta, gainera, Etorkizuna Eraikizen parte ere bada”. “Pasa den urteko prozesuan, fase guztietan, 7.000 lagunek hartu zuten parte, eta erronka aurtengo honetan zenbateko hori hobetzea litzateke”, borobildu du.

  

1811