Milioi bat euro bideratuko ditu Aldundiak Gipuzkoako enpresen nazioarteko presentzia sustatzera
Milioi bat euro bideratuko ditu Aldundiak Gipuzkoako enpresen nazioarteko presentzia sustatzera
Aldundiak nazioartekotzea sustatzeko laguntzak onartu ditu, bereziki ETEei bideratzen zaizkienak.
Foru Aldundiak Gipuzkoako enpresak babestuko ditu nazioarteko merkatuetara zabal daitezen nazioartekotze programaren bidez, zehazki, nazioarteko merkatuan produktu berriak merkaturatu eta jaurtitzeko, partaidetza nagusiko filialak sortu, zabaldu edo eskuratzeko, eta ETEen talde ekintzak sustatzeko deialdiaren bitartez. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier larrañagak adierazi duenez, Aldundiak 2022an finkatuko du programa honen aurrekontuko zuzkidura eta milioi bat euro bideratuko ditu hiru laguntza lerrotan banatuta.
Lehen lerroak, 550.000 eurorekin, produktu berrien nazioarteko merkaturatzea babesten du eta Gipuzkoako ETEei zuzenduta dago. Diruz lagundu ahal izango dira produktu berriak nazioartean merkaturatzeko ekintzetan kanpoan kontratatutako lanak eta zerbitzuak, hala nola, aholkularitza, nazioartekotzeko, marketineko eta merkaturatzeko prestakuntza, edo patenteen, marka erregistroen edo izen komertzialen eskaerak.
Bigarren lerroak 300.000 euroko dotazioa du eta atzerriko ekoizpen ezarpenak laguntzen ditu. Zehazki, babesten dira Gipuzkoako enpresek filialak sortu, zabaldu edo eskuratzera bideratzen dituzten baliabide iraunkorrak eta 100.000 euroko gehieneko laguntza jasoko dute. Xede herrialdeak dira EBkoak ez diren herrialdeak edo EBn 2004az geroztik sartu ziren herrialdeak. Hirugarren lerroa da aurreko deialdien aldeko berritasun nagusia. 150.000 euroko zenbatekoarekin, enpresa txikien nazioartekotzea erraztuko da, Gipuzkoako balio kateetako erakunde nabarmenek -klusterrak- sustatutako talde izaerako ekintzak bultzatuta.
Iaz bezala, laguntza jaso dezaketen gastuen portzentajea zabaldu da, %35eko gehiengoarekin produktuak nazioartean merkaturatzeko eta %40koarekin nazioarteko ekoizpen ezarpenetarako. Aurtengo deialdiaren oinarriak dagoeneko onartu dira Gobernu Kontseiluan eta GAOn argitaratuko dira, informazio guztiarekin batera. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, une horretatik aurrera.
2021ean, Aldundiak lagundu zituen 33 enpresek produktu berriak nazioartean merkaturatzeko burututako jarduerak eta atzerrian ezartzeko proiektu bat, eta 2020ko deialdian sustatutako proiektuak baino bi gehiago babestu zituen. Ekimen gehienak bideratu ziren lehentasun handieneko zerrendako 4-5 herrialdetara: AEB (13), Alemania (11), Mexiko (9) eta Txina (2); 2. lehentasun kategorian, Errusia (2 proiektu); eta 3. lehentasun kategorian, Kolonbia (4 proiektu). Hauek dira gainerako helmuga herrialdeak: Italia (6), Erresuma Batua (4), Frantzia (3), Txile (2), eta Dominikar Errepublikan, Suitzan, Filipinetan eta Pakistanen, bana. Lagundutako enpresen profila dibertsitateagatik nabarmendu zen: industrialak (Lazpiur, Ulma, Talleres Saspi, Talleres Myl edo Cometel); IKTak (Alcad, Zitu edo Dinycon); biozientziak/osasuna (Irisbond, ViveBiotech, Iline Microsystems edo NGS Health); edo beste eremu batzuetakoak (altzariak, elikagaiak, sorkuntza industriak edo ekonomia zirkularra). Horietako 26k maila teknologiko ertaina/altua zuten.
Deialdiaren oinarriak GAOn eskuragarri daude eta aukera horri gehitu behar zaizkio Aldundiak Gipuzkoako Bazkundearekin batera gauzatzen dituen Nebts –start up-en nazioartekotzea-, Lagundex –ETEen nazioartekotzea babestea– edo Gipuzkoa Zabaltzen –merkatuen dibertsifikazioa– programak edo 2016an Elkargirekin aktibatutako finantza tresna, Gipuzkoako ETEen nazioartekotzea babesten duena bermeak emanda.
“Susperraldiaren gakoa”
Gipuzkoak 2020an ondasunen nazioarteko komertzioaren saldo positiboa izan zuen (esportazioen eta inportazioen arteko diferentzia, BPGd-aren portzentajean), %16koa, Euskadikoa eta Alemaniakoa baino handiagoa (biena %6,6koa da). Industria nabarmentzen da, lurraldeko esportazioen %90 baino gehiago metatzen baitu. “Gipuzkoan, ekonomia aurreratua eta nazioartekotua garatzen jakin dugu, eta hori hurrengo belaunaldientzat mantendu behar dugun lehiakortasun-indargunea da. Nazioartekotzea funtsezko palanka da egungo jarduera eta enplegua kontsolidatzeko, eta negozio aukera berriak nahiz kalitatezko enplegua sortzeko. Lurralde esportatzailea izan ginen eta gara, eta etorkizunean ere esportatzailea izaten jarraitzeko oinarriak ezarri behar ditugu, gure ongizatea bermatuko duen ekonomia indartsua izaten jarraitu ahal izateko”, adierazi du Larrañagak.
Diputatuak gogorarazi duenez, “mundura zabaldutako enpresak behar ditugu, egungo egoera ziurgabetasunez beteta egon arren, ekonomiak globala eta konektatua izaten jarraituko baitu”, eta gaineratu du nazioartekotzeko apustuak suposatzen duela “epe luzera” begiratzea, “emaitzak ez direlako berehalakoak”; era berean, “egun burutzen ari garen digitalizazio prozesua bizkortu behar da”, eta “ahaleginen zati handi bat industrian eta ETEetan jarri behar da, horiek sortzen baitute lurraldeko industriaren enpleguaren erdia”. “Enpresa txikiek dituzte merkatuak ezagutzeko eta gero eta konplexuagoak diren eragiketak abian jartzeko baliabide gutxien eta zailtasun gehien, bereziki kanpora irekitzeko lehen urratsetan, horiek izaten baitira zailenak”.
3394