Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Minbizidun haurren gurasoentzako gida praktikoa itzuli du Aldundiak

Minbizidun haurren gurasoentzako gida praktikoa itzuli du Aldundiak

Aspanogiren 'Gaixotasunaren abordaia' gida euskaratu du Aldundiak

maite peña aspanogi

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aspanogik “Gaixotasunaren abordaia” eskuliburua aurkeztu dute gaur goizean, Minbizia duten Haurren Nazioarteko Eguna etzi izango dela eta. Gurasoentzako gida praktiko hau Aspanogik egina da, eta Aldundiak euskaratu du. Agerraldian, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak esan du espero duela "tresna baliagarria” izatea "egoera zail horretatik" pasa behar dutenentzat. Bi hizkuntzatan argitaratu den liburu hau egiteko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko osasun langileekin lankidetzan eta koordinatuta jardun dira. Liburua interesa duen orok eskuratu dezake: gaixoak dituzten familiek, partikularrek, osasun eta hezkuntza arloetako langileek, eta abar.  

Aspanogik gaiari buruzko material bibliografiko espezifikoa du, edonoren eskura, Donostia Ospitaleko egoitza sozialean eta bulegoan. Material horren helburua da gaixotasunari eta honen ondorioei buruzko informazioa ematea, gaixoen familiei, gaixotasuna duten haurrei nahiz haien senideei, ikastetxeei eta gizarteari oro har. Hala ere, gida hori, jadanik agortuta egoteaz gain, zaharkituta ere bazegoen. Horregatik, Aspanogik gida hori eguneratzea erabaki du orain, formatu berri bat emanez eta gizarte osoari begira. Izan ere, gaur egun gure familia eta gizarte ingurunean aurkitzen dugun errealitate bat da minbiziarena. 

 

Gida eguneratu ahal izateko, La Caixa Fundazioak diru laguntza eman dio Elkarteari.  Testua gaztelaniaz sortu zen, eta euskarara itzuli behar zenez, Aspanogik Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuen.  Beraz, foru erakundea arduratu da testua itzultzeaz, “genero ikuspegitik zuzen idatzita dagoela zainduz”, azpimarratu du Gizarte Politikako diputatuak, aurkezpenean Conchi Guereño, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteko kidea, eta Nekane Lekuona gizarte langilea lagun izan dituela.

 

Guereñok azaldu duenez, gidaren izenburua “Gaixotasunaren abordaia” da, eta hori horrela izatearen arrazoia da Aspanogin “pirata” deitzen diegula minbizia duten haurrei, ilea galtzen dutenez gehienek pirata zapia janzten dutelako eta, gainera, izen horrek ausardia, indarra eta abenturak bizitzeko gogoa islatzen dituelako.   Piraten irudiari jarraituz, “abordatze” hitza erabili nahi izan da, gaixotasunari ahalik eta ongien aurre egiteko jarraibideak ematen baitira, informazio zehatza eta egokia eskainiz, beti Aspanogiren eskutik. Liburuaren azalean itsasontzi baten marrazkia dago, Elkarteko neskato batek egina, eta banderan Aspanogiren pirata logoa ikusi daiteke, Aspanogi osatzen duten familia guztiei erreferentzia eginez.

 

Guereñok azaldu duenez, proiektu hau Donostia Unibertsitate Ospitaleko osasun langileekin elkarlanean eta koordinatuta egin da. “Pediatra onkologo batek lagundu digu mediku kontuetan, informazio espezifiko eta eguneratua eskaini ahal izateko (tratamenduak, albo ondorioak, elikadurari eta oinarrizko zainketei buruzko gomendioak)”. Hortik abiatuta, Aspanogiko profesionalek eguneratu egin dituzte gainerako edukiak: Aspanogi elkarteari buruzko informazioa sartu dute (helburua, ospitaleko eta ospitaleaz kanpoko baliabideak eta zerbitzuak,...) eta adin txikikoen eta haien senideen bizitzarekin lotutako aholkuak jaso dituzte. 

 

Amaitzeko, Maite Peñak azaldu du zein den gaixotasunaren egoera gure lurraldean. “Haur minbiziaren 20-22 kasu berri diagnostikatzen dira urtero”, ohartarazi du diputatuak. Hala ere, azpimarratu du sendatze-indizea “altua” dela, “% 85 ingurukoa”. Horretarako, diputatuak gogorarazi du biziki garrantzitsuak direla "prebentzioa" eta diagnostiko goiztiarra.  “Zenbat eta lehenago heldu arazoari, orduan eta eraginkorragoak izango gara”, azaldu du. Gainera, erakundeek gizartea “sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko” egiten duten lana azpimarratu du; izan ere, Aspanogi bezalako elkarteen lanari zabalkundea emanez, geroz eta jende gehiagorengana iristea eta gizarteak arazo honen berri izatea lortuko dugu. Azkenik, Aspanogi elkartea zoriondu du, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina jaso baitu, azken hogei urteotan haur minbizidunek ospitalean eta ospitaleaz kanpo jasotzen duten arreta hobetzen eta haien familiei laguntzen egindako lanagatik.   

  

2843