Mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurriak aktibatu ditu Foru Aldundiak
Mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurriak aktibatu ditu Foru Aldundiak
Gipuzkoan ardi- eta behi-azienda buruen txertaketa sustatuko du foru erakundeak, atzo Oiartzungo ustiategi batean foku bat deklaratu ondoren
Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren bitartez, mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurri sorta bat aktibatu du, atzo Oiartzungo ustiategi batean 8. serotipoaren foku bat deklaratu ondoren. Behi- eta ardi-aziendaren ustiategiek nahitaez hartu behar dute txertoa, zehazki, espezie horietako hiru hilabetetik gorako animalia guztiek. Foru erakundea berehala hasiko da kanpainarekin, eta bere gain hartuko ditu txertoa eskuratzeko eta aplikatzeko gastu guztiak. Aurreikuspenen arabera, 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru txertatuko dira.
Gainera, neurriek hainbat muga ezartzen dituzte Gipuzkoan jatorria duten animalien mugimenduan, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, bai EAEtik kanporako mugimenduetan. Abeltzaintzako azokak, txapelketak eta animalien bestelako kontzentrazioak antolatzeko baldintzak ere zehazten dira aipatutako neurrietan.
Foru Aldundiak eta EAEko administrazio guztiak etengabe ari ziren hitz harremanetan sektorearekin gaixotasuna gainbegiratu eta prebenitzeko, positiboa konfirmatu bezain pronto albaitariei eta abeltzaintza-sektoreari jakinarazi zaie birusaren presentzia, balizko kasu berrien aurrean adi egon daitezen. Halaber, ganaduaren mugimenduen murrizketak eta txertaketarako hartutako neurriak helarazi zaizkie. Egoera honetan ere, baserritarrei laguntzeko eta haiekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoa sendoa berretsi du foru erakundeak.
Mingain urdina (LA) birus batek eragindako animalia-gaixotasun bat da, hausnarkarien artean (behiak, ardiak eta ahuntzak) Culicoides generoko eltxoen bidez transmititzen dena; serotipoaren eta espezie kaltetuaren arabera, sintomatología desberdina eragin dezake, edo batere sintomarik ez. Birusak ez die eragiten pertsonei eta ez zaie transmititzen, ez animaliekin edo artilearekin kontaktuan egoteagatik, ez elikagaiak kontsumitzeagatik.
Penintsulan 20 urte baino gehiago daramatzan animalia-gaixotasuna da. Duela gutxi gaixotasunaren serotipo berriak agertu dira, eta gaur egun 1,3,4 eta 8 serotipoak daude Penintsulako hegoaldean eta erdialdean, 4. serotipoa Galizian, Asturiasen eta Kantabrian eta 8. serotipoa Frantzian, Katalunian eta Aragoin. Euskadi gaixotasun horren eremu librea izan da 2022ko abendutik atzora arte, data horretan izendatu baita aipatutako fokua.
450