MONDRAGONez harro, mundu mailako erreferente
MONDRAGONez harro, mundu mailako erreferente
Markel Olano diputatu nagusiak eta Iñigo Ucin MONDRAGONeko lehendakariak hitzarmen bat sinatu dute lurraldeko erronka nagusiei aurre egiteko
Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Iñigo Ucinek, MONDRAGONeko lehendakariak, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, gaur goizean, Gipuzkoako etorkizuneko erronkei batera aurre egiteko. Foru Aldundiko nahiz kooperatiba taldeko goi mailako ordezkaritza batek parte hartu du gaurko lan saioan. Bertan Olanok eta Ucinek hasiera eman diote elkarrekin egin beharko duten lan ibilbide bati, betiere lurraldean sortuko diren “erronka estrategiko komunei” erantzungo dieten “proiektu berritzaileak” sustatzeko asmoz.
Diputatu nagusiak goraipatu duenez, “MONDRAGON Gipuzkoak duen aktibo aipagarrienetako bat da, eta Gipuzkoako gizartearen balioak, lan egiteko modua eta izaera ondoen ordezkatzen ditueneko bat. Harro gaude MONDRAGONez. Taldeko enpresek garatzen duten jarduera ekonomikoaz harago –Euskadiko lehenengo enpresa taldea da-, gure lurraldearen ekonomia eta ongizaterako hain garrantzitsua den jardueraz harago, Korporazioa lankidetzan egindako lanaren mundu mailako erreferentea da eta Gipuzkoa ordezkatzen du mundu osoan jakintza, adimena, lehiakortasuna, berrikuntza eta ikerketa bezalako kontzeptu aurreratuekin lotuta, eta solidaritatea, lankidetza, auzolana, aniztasuna eta lan kultura bezalako beste errealitate batzuekin lotuta".
Kontuan izanda kooperatiba taldeak lurralde osoan duen garrantzia, baita nazioartean duen proiekzioa ere, Olano jaunak azaldu duenez, Foru Aldundiak bide berri hau bultzatu du MONDRAGONekin lankidetzan aritzeko diputatu nagusiak berak zuzentzen duen Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, zeinaren helburua baita Gipuzkoaren ahalmena indartzea etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Foru diputatuak azpimarratu duenez, Foru Aldundia “asmo handikoak, hautemangarriak eta berritzaileak” diren proiektuak bultzatzen ari da ekonomia, gizarte eta kultura arloetan, Gipuzkoa “modernizatzeko”, “gizartearekin eta lurraldeko eragileekin batera lan eginez”. Laburbilduz esan du: “Gaur MONDRAGONekin batera hasten dugun lankidetzako ibilbide hau guztiz bat dator helburu horiekin”.
MONDRAGONez harro gaude, mundu mailako erreferente da lehiakortasuna, berrikuntza, elkartasuna eta lan kulturan
Hitzarmen honen bidez Foru Aldundiak eta MONDRAGONek lankidetza esparru egonkor bat ezarri nahi dute, eta kooperatibak nahiz Gipuzkoako gizartea inplikatuko dituzten “erronkak eta proiektu estrategiko komunak” identifikatuko dituzte, gero “benetakoak eta iraunkorrak izango diren aldaketak” sustatzeko “proiektu berritzaileak” abian jarrita. Era berean, bi erakundeek partekatuko dituzte proiektuetatik ondorioztatzen diren ikaskuntzak eta praktika onak.
Zehazki, Foru Aldundiak eta MONDRAGONek identifikatu dituzte proiektu komun horien ardatz izango diren hiru esparru, hirurak ere oso garrantzitsuak Gipuzkoaren etorkizunari begira. Lehenik, lurraldera talentu teknikoa erakarri eta bertan garatzeko erronkari helduko zaio, ehun ekonomikoa aldaketa teknologiko handiei aurre egiteko prestatzen ari denean. Bigarrenik, langileek enpresetan parte hartzeko proiektu bateratuak bultzatuko dira. Horren asmoa da lankidetzako eta partaidetzako kulturaren kudeaketa sustatzeko erronkari erantzutea, gizarte eta enpresa proiektuarekiko konpromisoa sorrarazteko. Azkenik, gizartea eraldatzeko bideak aztertuko dira, kooperatiben eragina hobetuz.
Hitzarmenaren aurkezpenean Markel Olanok eta Iñigo Ucinek ondoan izan dituzte euren lantaldeak, eta gaurko lan saioa baliatu dute, batetik, erakunde bakoitzak esku artean dituen proiektuen inguruko informazioa eta ideiak partekatzeko eta, bestetik, gaurko hitzarmenaren barruan abian jarriko diren proiektu estrategikoak aztertzeko.
Gaurko saioan, Foru Aldundiaren izenean parte hartu dute, diputatu nagusiaz gain, honako hauek: Imanol Lasak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak; Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak; eta Jabier Larrañagak, Ogasun eta Finantzetako diputatuak. MONDRAGON taldearen izenean, Kontseilu Nagusiko lehendakariaz gain, honako hauek ere parte hartu dute: Arantza Laskurainek, idazkari nagusiak; Zigor Ezpeletak, Gizarte Kudeaketako zuzendariak; Belen Kortabarriak, finantza zuzendariak; Juan Mari Palenciak, Berrikuntzako, Sustapeneko eta Jakintzako zuzendariak; Oskar Goitiak, Nazioarteko Eragiketetako zuzendariak; eta Juan Andres Joaristik, Proiektu Estrategikoetako zuzendariak.
2500