Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MTV sariak direla-eta, Gipuzkoako Aldundiak Bizkaia zoriondu du, eta bere laguntza eskaini dio sarien antolaketan

MTV sariak direla-eta, Gipuzkoako Aldundiak Bizkaia zoriondu du, eta bere laguntza eskaini dio sarien antolaketan

Itxasok MTV katearen esku jartzen ditu Gipuzkoako ostatuetan erabilgarri dauden hamar mila ohe baino gehiago

Itxasok MTV katearen esku jartzen ditu Gipuzkoako ostatuetan erabilgarri dauden hamar mila ohe inguru. “Azkarrak bagara, eta elkarri laguntzen badiogu, denok irabazi dezakegu aukera paregabe honetan”

Gipuzkoako Foru Aldundiko lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasok Bizkaia zoriondu du lortu duelako Bizkaiko lurraldean ospatu dadila, 2018an, MTV katearen Europe Music Awards europar sarien urteko zeremonia. Gala horretan, munduko artistarik entzutetsuenen saioetatik, urtean arrakastarik handiena izan dutenak saritzen ditu Estatu Batuetako telebista kate musikal horrek. Gala azaroaren 4an izango da, Barakaldoko BECen, eta sarien hogeita bosgarren urteurrena ere ospatuko da.

Itxasoren iritziz, gala hori Bizkaian ospatzea oso onuragarria da herri osoarentzat, eta horrek erakusten du zer-nolako erakarpen gaitasuna eta magnetismoa dauzkan Euskadik era guztietako ekitaldiak erakartzeko, eta zenbaterainoko konfiantza ematen duen tamaina horretako ospakizunak antolatzeko orduan.

Musika-industriaren munduko hitzordurik garrantzitsuenetako bat da, milioika telebista-ikusle biltzen baititu, eta hainbat arlotako jendea elkartzen baitu –musika, zinema eta telebistako izarrak, produktoreak, enpresaburuak eta fanak–: egun batzuetarako etorriko dira denak hitzordura, non entretenimenduaren industriak harremanak finkatzen dituen, kontratuak ixten dituen, eta estrategiak diseinatzen dituen. Itxasok bere laguntza eskaini die Bizkaiko erakundeei, bai ekitaldia antolatzeko bai Bizkaiak hartu ezin dituen bisitariei ostatu emateko; horregatik, haren eskura jarri ditu Gipuzkoako ostatuetan erabilgarri dauden hamar mila ohe inguru. “Antolatzaileek nabarmendu dituzte Bilboren espiritu berritzailea, kultura, gastronomia eta energia, hau da, Gipuzkoarekin partekatzen dituen ezaugarriak. Hori dela-eta, ospakizun hau abagune handi bat da Euskal Hiria ezagutzera emateko, eta ekitaldi honek erakarriko dituen milaka bisitariei Gipuzkoak dauzkan turismo baliabideak eskaintzeko. Azkarrak baldin bagara, eta elkarri laguntzen badiogu, denok irabazi dezakegu”, esan du Itxasok. Gainera, galaren hurrengo asteburuan, Behobia-Donostia egokituko da; beraz, garrantzi handiko bi asteburu izan litezke Gipuzkoako turismo sektorearentzat azaroan, hau da, denboralditik kanpo.

Lehen diputatu nagusiordeak azpimarratu duenez, aurrerapenaren giltza, bai turismo arloan bai ekonomian, oro har, lurraldeen arteko lankidetza da. Izan ere, “oso herri txikia gara, baina aberatsak gara erakargarri turistikoetan, eta elkarren osagarriak izan gaitezke, erabat”.

Bilbok Londresen lekukoa hartuko du, eta ekitaldi hori babestuko duen Espainiako hirugarren hiria izango da, aurreko edizioak Bartzelonan eta Madrilen ospatu baitziren, 2002an eta 2010ean, hurrenez hurren.

 

 

 

 

  

1758