MUBIL eraikitzeko lanak abiarazi dituzte Zubietan
MUBIL eraikitzeko lanak abiarazi dituzte Zubietan
Markel Olano diputatu nagusiak Donostiako Eskuzaitzeta poligonoan iragarri du etorkizuneko mugikortasunerako erreferentziazko zentroaren obren hasiera, 14,2 milioi euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko iraupenarekin.
MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean abiarazi dituzte gaur. Aurrekontua, guztira, 14,2 milioi eurokoa da eta obrek 15 hilabeteko iraupena izango dute. Horrela, “Europa mailan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena.
Iazko otsailean Tolosan behin-behineko egoitza abian jarri ondoren, MUBIL erreferentziako zentroak beste urrats bat eman du lurraldean Mugikortasun Berriaren Polo bat sortzeko bidean. Polo horren lehen mugarria izango da, hain zuzen ere, Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa Zubietan behin betiko kokatzea. Eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregai pila–. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango du arlo horretan.
Zubietan bertan, hitz horiekin iragarri du obren hasiera Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. Diputatu nagusiarekin egon dira Ane Insausti, MUBILeko zuzendaria; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko diputatua, eta Ana Camacho, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Trantsiziorako zuzendaria. Moyua eta Amenabar enpresak izango dira eraikuntza lanak egingo dituztenak eta obrak datorren urtearen amaierarako bukatuta egotea aurreikusten da, eta, ondoren, laborategiak instalatuko dira. Beraz, MUBILen zerbitzuak erabat martxan egongo dira Zubietan 2024. urtean.
Etorkizuna Eraikizetik sortutako proiektua
Diputatu nagusiak adierazi duenez, MUBIL “errealitate sendoa” da gaur egun; izan ere, hasierako egoitza martxan jarriz geroztik –CIDETECek kudeatutako energia biltegiratzeko laborategi bat martxan da dagoeneko–, “ekintzailetza, lankidetza eta berrikuntza” sustatzen ari da Gipuzkoan eta Euskadin, zehazki, automozioaren eta mugikortasun jasangarriaren arloko enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek, besteak beste, osatutako ekosistema baten barruan. “Eraikin berri hau baliagarri izango da MUBIL gunearen potentzial teknologikoa osatzeko eta biderkatzeko, eta, beraz, Gipuzkoan eta Euskadi osoan mugikortasun adimendun eta jasangarriaren sektorea babestu eta bultzatzeko aukerak osatu eta biderkatuko ditu. Eraldaketarako eta lankidetzarako motorra izango da mugikortasunarekin eta automobilgintzarekin lotutako industriarentzako, bereziki arlo horretan lan egiten duten ETE industrialentzako”, nabarmendu du.
Olanok gogorarazi du MUBIL, lurraldeko Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Poloa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortutako proiektu bat dela, eta Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen espezializazio adimenduneko RIS-3 estrategiaren barruan kokatzen dela. “Gipuzkoatik, ekonomia osatuko duten eta etorkizuneko lanpostuak sortuko dituzten sektoreak garatzen lagundu nahi dugu. Mugikortasun berriaren eremua da, zalantzarik gabe, lehentasunezko eremu horietako bat. Gipuzkoa eta gure herria kokatu nahi ditugu mugikortasun berriaren abangoardian, eta zentro hau eraldaketarako motor bihurtuko da mugikortasun jasangarriagoa, adimentsuagoa eta konektatuagoa lortzeko bidean”, baieztatu du.
Ane Insaustik, MUBILeko zuzendariak, zehatz-mehatz azaldu du nolakoa izango den industria-sareari mugikortasun berrirako eraldaketan laguntzeko behar diren gaitasun teknologikoak izango dituen zentroa eta azpimarratu du, aldi berean, espazio hau ezinbesteko topagune bilakatuko dela ekosistemako eragile guztientzat. “MUBIL zentroak punta-puntako azpiegitura teknologikoa izango du eta, lurraldean dagoeneko badauden baliabideekin batera, Euskadi mugikortasun berriaren eremuan kokatzeko aukera eskainiko du. Zalantzarik gabe, aukera leihoa orain dago zabalik eta orain gaude apustu sendo eta bateratuaren tenorean, etorkizuneko mugikortasunean lurraldearen garapen teknologikoa bermatzeko”, gogoeta egin du.
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, adierazi du MUBILen egoitza berriak "hiriak eta lurraldeak industria adimenduaren alde egiten dugun apustua" islatzen duela, baita industriaren etorkizuneko ibilbide orriaren parte izateko dugun borondatearen adierazle ere. Goiak azaldu duenez, Donostiako Udalak 27 milioi euro inbertitu ditu orain arte Eskuzaitzetako industrialdean. Mugikortasun Berriko poloa bertan egoteak erakusten du, alkatearen ustez, "hiriak jarduera industriala bere lurraldean egonkortzeko egiten duen apustua". Donostia "lurralde industrial baten" hiriburu da, Goiaren esanetan, eta zerbitzu aurreratuen bitartez hari babesa emateko funtzioa betetzen du, hirian errotuta dauden ikerlari eta goimailako langileen bitartez.
Ana Camacho Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikorako zuzendariak adierazi duenez, Euskadi “ezin hobeto kokaturik” dago mugikortasun elektrikoaren inguruan “balioa” sortzeko. “Posizionamendua, know-how teknologikoa eta industriala dauka sare elektrikoetan, potentzia-elektronikan, energia-biltegiratzean eta automobilgintzako osagaietan. Hori horrela, jarduera berritzaile berriak garatzea eta industria-sarea eta balio ekonomikoa sortzeko aukera dugu. Ikuspegi horretatik, MUBIL erreferentziazko gunea izango da Gipuzkoarentzat eta Euskadi osoarentzat mugikortasun jasangarri eta adimendunean, gaitasun zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzeko gai izango dena, jarduera ekonomiko berria sortzeko, ezagutza transferitzeko mekanismoak bultzatzeko eta negozio eremu berriak sortzeko, zeinak, aldi berean, industria-enplegu berriak ekar ditzaketen”, azpimarratu du.
Punta-puntako instalazioak, Mugikortasun Berriko Poloa garatzeko
Guztira, MUBILen Eskuzaitzetako egoitzak ia 10.000 metro koadroko espazioa izango du. Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehenengo laborategiak –energia biltegiratzea– 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek –Power Train eta Hidrogenozko erregai pila– 2.500 metro koadro guztira. Gainera, industrialde berean, MUBIL zentroaren egoitzaren inguruan, Aldundiak 38.326,6 metro koadroko partzela bat erosi dio Donostiako Udalari, mugikortasun berriaren garapenarekin lotutako enpresak jartzeko. Espazio hori, beraz, Mugikortasun Berriko Poloa sortzera bideratuko da, mugikortasun jasangarriari lotutako proiektu berritzaileak eta jarduera ekonomiko berria erakartzeko lurraldera.
Hiru ardatz nagusi izango ditu MUBILek bere helburuak lortzeko: espezializazioa, bikaintasuna eta lankidetza. Lehenengo erpinak, espezializazioari buruzkoak, garraioari, automobilgintzari eta mugikortasunari lotutako industria mugikortasun elektriko konektatu, partekatu eta autonomora bideratu nahi du; hau da, mugikortasun berriak zabaltzen dituen aukerak probestea du xede. Bigarren balioa, bikaintasunarena, euskal industriaren tradizioarekin lotzen da, oso ezaguna baita nazioartean bere bikaintasun eta kalitate estandarrengatik, eta ezaugarri horiek ezinbestekoak baitira mugikortasun jasangarri eta adimenduaren alorrean nazioarteko erreferente izatera iristeko. Hirugarren ardatza lankidetzarena da, aukera berriak sortzeko, eta Gipuzkoako eta Euskadiko industria eraldatzeko eta indartzeko.
5129