Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MUBILen Eskuzaitzetako egoitza berria datorren urtearen erdialdera jarriko da martxan

MUBILen Eskuzaitzetako egoitza berria datorren urtearen erdialdera jarriko da martxan

Eider Mendoza diputatu nagusiak zentro berriaren potentziala azpimarratu du, aukera emango baitu egungo espazioa laukoizteko eta punta-puntako bi laborategi berri jartzeko, mugikortasunean giltzarri diren osagaientzat

MUBIL

MUBIL mugikortasun adimendun eta jasangarriaren zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko lanak egiten ari dira Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean, erritmo onean doazenak eta azken fasean daudenak. Aurreikusten da lanak hilabete gutxitan amaituko dituztela, eta zentroa kokaleku berrian erabilgarri egongo da datorren urtearen erdialdera. Hala iragarri du Eider Mendoza diputatu nagusiak; Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin batera komunikabideak lagundu ditu azpiegituraren xehetasunak ezagutzeko antolatutako bisita irekian. “Espazio honek ilusioz betetako etapa berria zabaltzen du Gipuzkoak eta Euskadik mugikortasun adimendun eta jasangarriaren alde egina duten apustuan. Europan goi mailako azpiegitura izango dugu, gure industria, ETE eta ikerketa sarearekin batera azkartzeko mugikortasun eredu berri bateranzko eraldaketa, erronka hori gakoa baita klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean”, azpimarratu du Mendozak.

Guztira, MUBIL zentroaren Eskuzaitzetako egoitzak ia 10.000 metro koadroko espazioa izango du. Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehen laborategiak –energia biltegiratzea– 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek –‘powertrain’ elektrikoa eta hidrogeno-erregaiaren pila– 2.500 metro koadro. Gainera, izango ditu ‘showroom’ bat, areto balioaniztun bat, bulegoak eta laborategiak kudeatzen dituzten erakundeentzako bulegoak, ‘living lab’-erako eta oinarri teknologikoko enpresa berrientzako espazioak, eta prestakuntza gelak. Horiez gain, laborategien kontrol espazioak izango ditu: klimatizazioa, bibrazioak, aireztapena… 32 aparkaleku ere egongo dira estalita, horietatik % 50 kargagailu elektrikoarekin eta instalazioa % 100era handitzeko gaitasunarekin, eta 35 kanpoaldean, hamar kargagailurekin eta beste hamar jartzeko aukerarekin. Eraikuntza lanek 21,9 milioiko aurrekontua dute eta Amenabar ari da obra egiten.

“MUBILekin lotura estua duten bi erronkari egiten diegu aurre: etorkizuneko ekonomiaren aldeko apustua, eta garraiobide eraginkor eta jasangarriagoetarako trantsizioa. Mugikortasuna funtsezko zutabea da klima aldaketari aurre egiteko. Garraioaren emisioak dira 2005en aldean gora egin duten bakarrak, % 9, eta Euskadiren berotegi efektuko gasen guztizkoaren % 37 dira. Prozesu horri enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta gizarte erakundeen lankidetzaren bidez heldu behar diogu, berrikuntzatik eta bikaintasunetik. MUBILek hori lortzeko motor eta topagune izan nahi du", adierazi du diputatu nagusiak.

Egoitza berriaren egitura guztiz altxatuta dago, eta aukera emango du jauzi kualitatibo bat emateko espazioaren ikuspegitik –Tolosako behin-behineko egotza baino lau aldiz handiagoa izango da– nahiz gaitasun teknologikoenetatik –biltegiratzeko laborategiari, ‘powertrain’-ekoa eta hidrogenozko erregai pilarena gehituko zaizkio–; guztiak ere funtsezkoak dira etorkizuneko ibilgailu arin eta astunen osagai kritikoak testatzeko eta

konponbide eta prototipo berriak garatzeko. Energia biltegiratzeko laborategia eramango da Tolosako egungo egoitzatik, eta martxan jarriko den lehenengoa izango da. Bigarren eta hirugarren laborategien ekipamendua urtearen bigarren erdian egongo dira operatibo.

"Funtsezko arlo guztiak"

Energia biltegiratzea trantsizio energetikoaren funtsezko esparrua da, energia berriztagarriak eraginkortasunez aprobetxatzeko eta sisteman integratzeko giltza baita. Baterien teknologiak funtsezko elementuak dira mugikortasun jasangarriko estrategiak hedatzeko. ‘Powertrain’-ari dagokionez, energia mugimenduan eraldatzen duten osagaien multzoa hartzen du, ibilgailuak mugitu ahal izateko: motorra, inbertitzailea eta erreduktorea. Azkenik, hidrogeno pila edo erregai pila erreaktore kimiko bat da, non energia elektrikoa sortzen den depositu presurizatu batzuetan biltegiratutako hidrogenoa eta airearen oxigenoa konbinatzean. Teknologia hori erabiltzea espero da, besteak beste, airearen eta itsasoaren mugikortasunaren zati bat deskarbonizatzeko.

Insausti diputatuak azpimarratu duenez, "horrela, berme osoz heldu ahal izango diegu mugikortasuna eraldatzen ari diren eremu estrategikoei, lehen mailako zerbitzu aurreratuak emandako gure enpresa eta ikerketa zentroei, beren lehiakortasuna handitzeko, gaitasun osagarriak gehitzeko eta gure industria sarea finkatzeko eta jarduera berria eta enplegua sortzeko oinarriak jartzeko”. “Mugikortasunari lotutako industriak pisu handia du Gipuzkoan, eta eraldaketa sakonean dago. Bistakoa da indarguneak baditugula, eta aldaketa hori landu behar dugu espezializazioaren ikuspegitik eskaintzen dituen aukerei begiratuta, herrialde eta lurralde aurreratuenen pare jarrita. Orain da horretarako momentua, eta MUBIL da Gipuzkoak hori lortzeko duen borondatearen adibide garbia”, gaineratu du.

Hartara, industrialdean bertan, egoitza berritik gertu, Aldundiak 38.326,6 metro koadroko lursail bat erosi zion Donostiako Udalari, mugikortasun jasangarriaren garapenaren inguruko zentro teknologiko eta enpresak ezartzeko: mugikortasun elektrifikatu, autonomo eta konektatua, alegia. Polo horri atxiki zaizkio TECNALIA, CIDETEC, VICOMTECH eta CEIT, eta guztira 36 milioi inguruko inbertsio publiko-pribatua du. Hala, CIDETECek Poloan izango duen egoitza berria eraikitzeko lanak ere martxan daude. "Oso positiboki baloratu beharreko zerbait da hori: esparru horretan prestigioa duten eragileek bat egin dute ekimenarekin, beren baliabideak inbertituz. Horrek erakusten du hau ez dela Aldundiaren proiektu bat, lurralde eta herrialde osoarena baizik, eta ziur gaude eman beharreko fruitu onenak iristeko daudela", adierazi du diputatu nagusiak.

Nabarmentzekoa da poloak ez dituela biltzen soilik Eskuzaitzetan fisikoki kokatuko diren agenteak, baita beste leku batzuetatik lankidetzan beren ekimenak garatuko dituzten beste batzuk ere. Izan ere, 100 eragile inguruk osatzen dute jada MUBIL ekosistema. Lurraldeko 60 enpresak kolaboratzen dute Zentroarekin profesionalki, eta hainbat start up zabaldu dira Mubil Mobility Awards sarien eskutik. Hiru edizioetan 90 enpresak hartu dute parte.

Azkenik, MUBILek nazioartekotze-eragile gisa duen rola nabarmendu behar da. "Nazioarteko enpresa eta zentro entzutetsuek zentroa bisitatu dute eta ematen dituen zerbitzuak ezagutu dituzte; proiektuak lankidetza-eredu gisa duen potentziala nabarmendu

dute", adierazi du Insaustik. Gainera, Foru Aldundiak, MUBILek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak lankidetza-akordio bat sinatu dute aurten "City Science Lab Gipuzkoa" sortzeko. Erakunde horren eskutik mugikortasun-proiektuak abian jartzeko berrikuntza-laborategi bihurtuko da lurraldea, eta, horren ondorioz, "City Science Network" sarean sartuko da. Mundu osoko hirien lankidetza-sare esklusiboa da, MITek babesten duena. Sare horretako kide dira Shangai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh City (Vietnam) eta Concepción (Txile).

Azkenik, apirilean, MUBIL Mobility Expo-ren laugarren edizioa egingo da Ficoban, mugikortasun iraunkorraren balio-katearen Europa hegoaldeko topagune profesionalean. Bertan, 100 erakusketari baino gehiagok (enpresak, zentro elektrikoak), 20 hizlari entzutetsuk eta Europako 10 hirik hartuko dute parte. Kontinenteko mugikortasun iraunkorreko berrikuntzetarako eta aurrerapenetarako erakusleiho bat da, eta bertan parte hartzen duten eragile askok gaur bisitatu den zentro berria ezagutzeko aukera izango dute.

  

2949