Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugaz gaindiko aurrekontuen bidez sustatuko diren proiektuak bozkatu ahalko dira bihartik aurrera

Mugaz gaindiko aurrekontuen bidez sustatuko diren proiektuak bozkatu ahalko dira bihartik aurrera

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako departamentuak elkarlanean antolatu dute ‘Ideiak 2023’ egitasmoa; lurralde bakoitzeko hamaseina proiekturen artean hautua egin beharko dute herritarrek

2023/08/31
Mugaz gaindiko aurrekontua

Bihar hasi –irailak 1– eta hilaren 24ra arte, Ideiak 2023 mugaz gaindiko partaidetzazko aurrekontuen bidez sustatuko diren proiektuak bozkatzeko aukera izango dute Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako departamentuko herritarrek. Egitasmo honen bigarren edizio honetan, lurralde bakoitzeko hamaseina proiekturen artean hautua egin eta gustukoenei bozka emateko aukera egonen da datorren hilabete honetan zehar, www.gipuzkoa64.eu/ideiak2023  webgunearen bitartez. 32 egitasmoak ikusgai egongo dira bozketa fasea irekitzearekin bat.

Iaz, Ideiak 2022 mugaz gaindiko partaidetzazko aurrekontuen lehen edizioan, 3.544 lagunek hartu zuten parte eta, horien guztien artean, 1.542 gipuzkoarrak izan ziren. Foru Aldundiak eta Departamentuko Kontseiluak mugaren bi aldeen arteko lankidetza eta elkar ezagutza indartzeko elkarlanean martxan jarritako proiektua da: lehenengo, irabazi asmorik gabeko eragile sozial eta ekonomikoek mugaz gaindiko elkarlanean –aurkeztutako ekimenek bi lurraldeetako sustatzaileak izan behar dituzte taldean– sortutako proiektuak aurkeztu dituzte, pasa den ekainaren 9an hasi eta hilabetez; ondoren, bi erakundeetako aditu teknikoek osatutako ebaluazio batzorde batek lurralde bakoitzeko hamaseina proiektu hautatu ditu, proiektuaren kalitatearen eta mugaz gaindiko izaeraren araberako bideragarritasun teknikoa puntuatuz. Ondoren, bihartik aurrera zabalduko den bozketa fasean, herritarrek azken horien artean aukeratu beharko dute.

Honela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak bakoitzak 150.000 eurorekin lagunduko ditu lurralde bakoitzean bozkatuenak izan diren zortzi ekimenak. Onartutako proposamen bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza jasoko du.

Ideiak egitasmoa joan den urtean abiatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak indarrean duten elkarlan hitzarmenaren baitan, eta lehen deialdi horri esker, mugaz gaindiko zortzi ekimenek jaso dute jada bultzada ekonomikoa Gipuzkoan. Besteak beste, Larrun École ikastetxean Lehen Hezkuntza irekitzea eta dagokion hizkuntza-proiektua garatzeko Larhun proiektuak edota Patxa'ma (Baiona) eta Adokin (Donostia) elkarteek bultzatutako Berrerabili egitasmoak, zeinak etorkizuneko Gipuzkoako arkitekto eta eraikitzaileei proposatzen dien eraikuntza materialen berrerabilerari buruzko formakuntza teorikoak eta bisita praktikoak.

Gipuzkoan biziz gero, bozka eman dezakete 16 urtetik gora duten herritarrek. Horretarako, www.gipuzkoa64.eu/ideiak2023 webgunean argitara emango diren proiektuak ezagutu eta, horien guztien artean, hiru egitasmori botoa eman beharko diote. Irabazleak irailaren amaieran Donostian egingo den jardunaldi batean emango dira ezagutzera.

  

1949