Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MUGI txartelarekin egindako bidaiei % 50eko deskontua gehituko zaiei, irailaren 1etik urtea amaitu arte

MUGI txartelarekin egindako bidaiei % 50eko deskontua gehituko zaiei, irailaren 1etik urtea amaitu arte

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak MUGIren tarifak % 50 jaistea onartu du, estatuko gobernuak onartutako gizarte-neurriei buruzko Errege Dekretuaren indarraldia amaitu arte.

2022/08/04
Tarjeta MUGI

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak ezohiko batzar orokorra ospatu du gaur goizean, MUGIren tarifak % 50 jaistea onartzeko, datorren irailaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte. Izan ere, egun horretan, indarrean egoteari utziko diote estatuko gobernuak ekainaren 25ean Errege Lege Dekretu bidez hartutako neurriek. Bertan, garraio publikoa erabiltzen zutenentzako deskontuak eta laguntzak ezartzen ziren, gizarte-arloko beste neurri batzuen artean.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako kideek, administrazio eskudunek ordezkatuta (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta kide diren udalak), erabaki dute, halaber, Lege Dekretu horren esparruan estatuko gobernuak iragarritako laguntzetara batzea, bai eta uztailaren amaieran Eusko Jaurlaritzak iragarritakoetara ere, inplikatutako Aldundi eta udalen aurrekontu publikoetan izango duen eragin ekonomikoari aurre egiteko.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea den eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatua den Rafaela Romerok adierazi duenez, “GGLAk aho batez erabaki du MUGI tarifei ezarritako deskontu horiek suposatzen duten ahalegin ekonomikoa bere gain hartzea. Herritar guztiei mugikortasun-eskubidea bermatu behar zaie; eta eskubide hori ezin da autoa edukitzeko edo gasolina-depositua betetzeko adina diru izatearen mende egon. Salbuespenezko egoeren aurrean, aparteko erabaki politikoak hartu behar dira; eskubideak bermatzeari buruz ari garenean, ez dago aitzakiarik.

Ekainaren 25eko Errege Lege Dekretuak aukera ematen zuen autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen ardurapeko garraiobide publikoetako garraio-abonuen eta bidai anitzeko tituluen prezioa jaisteko; Foru Aldundi eta udalenak barne. Zehazki, estatuko gobernuak erakunde horientzako % 30erainoko dirulaguntza iragarri zuen, garraio-abonuen eta garraio-tituluen tarifak murrizteko erabakia hartzen bazuten.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, aurreko astean iragarri zuen laguntza horiek areagotuko zituela; eta deskontu horiek ezartzeak Foru Aldundi eta udalei eragiten dien kostuaren % 40 bere gain hartuko zuela aditzera eman zuen.

Deskontuak MUGI sisteman

MUGI sisteman % 50eko deskontu horiek aplikatzeari dagokionez, garrantzitsua da nabarmentzea egungo MUGIko ohiko deskontu-politikari gehituko zaiola.

  • Horrela, bada, lehen bidaia-tartean (hileko 1-20 bidaia tartean), % 48ko deskontu orokorra % 74ra arte zabalduko da, urteko azken lauhilekoan.
  • Bigarren bidaia-tartean (21etik 50erakoan), deskontua % 58tik % 79ra pasatuko da.
  • Azken tarteari dagokionez (51 bidaia edo gehiago egitean), beherapenaren ehunekoa % 90etik % 95era igoko da.

Adibidez, GGLAk partekatutako tarifen taulatik ondorioztatzen denez, hiriko garraio publikoa hilean 20 aldiz baino gutxiago erabiltzen duten pertsonak 0’96 euro ordaintzetik 0’48 ordaintzera igaroko dira; eta, era berean, 20 bidaia baino gehiago egiten dituztenek 0’78 euro ordez 0’39 euro ordainduko dituzte.


 

Rafaela Romerok adierazi duenez, “inflazioaren ondorioz, baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonak pobretzen ari dira; eta premia larriko egoera horri erantzun politikoa eman behar zaio. Mugikortasunaren kasuan, garraio publikoa erabiltzeko aukera eta eskubidea bermatzea dagokigu; tarifa merkeagoak eta ekonomikoagoak ezarriz.” Bidenabar, gogorarazi du MUGI sistema dagoeneko erreferentea dela bere tarifa-sistemari dagokionez. Sistema horrek hobariak aurreikusten ditu desgaitasuna duten pertsonentzat, 26 urte arteko gazteentzat, errenta ekonomiko jakin batzuk dituzten adinekoentzat, errenta baxuagoak dituzten pertsonentzat eta familia ugarientzat.

Berariazko deskontu horren epeez harago, MUGIren oinarri diren justizia soziala eta ekitatea aintzat hartuz, Gipuzkoan lanean jarraituko dugu; izan ere, MUGIk beti babestu izan ditu pertsona ahulenak gizarte-hobarien sistemarekin.” Azaldu duenez, “egoera ekonomikoak egoera zailean jarraitzen badu, abenduaren 31tik aurrera adostu beharko dugu gutxien duten pertsonen babesa handitzea eta hobetzea.

  

22747