Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasun Sailak bikoiztu egin du bidegorrientzako udalerriei emateko foru-laguntzetarako zenbatekoa

Mugikortasun Sailak bikoiztu egin du bidegorrientzako udalerriei emateko foru-laguntzetarako zenbatekoa

Aurten 150.000 eurotara iritsiko da zenbatekoa eta laguntza jasoko duten udalerri kopurua hazi da, hirutik zazpira pasako da: Aretxabaleta, Lazkao, Zumarraga, Mutiloa, Itsasondo, Arama eta Antzuola.

2018/07/05

Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako Sailak, Marisol Garmendia sozialistak gidatuta, 150.000 euro bideratuko ditu tokiko bidegorri berriak egiteko laguntzetarako eta 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bizikletaren erabilera sustatzeko. Zehazki, Gipuzkoako zazpi udaletan proiektu eta ekintzak diruz laguntzea onartu da, bidegorriak eta oinezko eta bizikletentzako bideak luzatzen jarrai dezaten. Honako hauek dira udalerriak: Aretxabaleta, Lazkao, Zumarraga, Mutiloa, Itsasondo, Arama eta Antzuola.

Udalerriei emandako laguntzak, Bizikletaren Estrategiaren Kudeaketa Planaren baitakoak, 2017an berreskuratu ziren 75.000 eurorekin, eta aurten bikoiztu egin da zenbateko hori. Horren helburua da Gipuzkoako udalerrietan bizikletari eta oinezkoei zuzendutako udal-zati berriak egitea eta, hala, gipuzkoarrentzat ohiko joan-etorriak egiteko bizikletaren alternatiba erakargarriago egitea.

Marisol Garmendia Mugikortasuneko foru diputatu sozialistak gogorarazi duenez, “bizikleta protagonismoa irabazten ari da gure lurraldean, eta udalek funtsezko funtzioa dute bizikleta garraiobide iraunkor, eraginkor eta osasuntsu gisa sustatzen. Ez da asteburura mugatutako garraiobidea; udalerriak herri-erdiguneetan eraikitzen ari diren bizikleta-bideen foru-sareari eta bidegorriei esker, eguneroko joan-etorrietarako garraiobide bihurtzen ari da”.

Diru-laguntza hori jasotzeko 10.000 biztanle baino gutxiagoko Gipuzkoako udalerriak aurkeztu dira, eta eraikitze-lanak egitea eta tokiko bidegorri-sareak hobetzea finantzatuko da. Tokiko bidegorrietako lan horiek 2018 urtean egin behar dira.

Guztira, zazpi dira laguntza jaso ahal izan duten udalerriak: Aretxabaletak 19.780 euro jaso ditu industria-poligonora iristeko bidegorriaren sektore baterako; Zumarragak 75.000 euro jaso ditu Zumarragako industria-poligonoko sarreraren eta Kaminperen arteko bidegorrirako; Lazkaok 34.228 euro jaso ditu udalerriko bizikleta eta oinezkoen bideetarako; Mutiloak 5.443 euro jaso ditu Barnaola baserritik eta Liernitik doan bide berderako; Itsasondok 2.513 euro jaso ditu elizako bide zaharreko bidegorria konpontzeko; Aramak 7.000 euro jaso ditu Ordiziarekin lotzen duen bidegorrirako, eta Antzuolak 6.000 euro jaso ditu udalerriko bizikleta eta oinezkoen bideak egiteko.

Gaur egun, Gipuzkoako bidegorrien udal-sareak ehun kilometro ditu, eta horri gehitu behar zaizkio bizikleta eta oinezkoentzako foru-sarearen 121 kilometroak. Hala, Gipuzkoako lurraldea bizikleta erabiltzeko bide-azpiegitura handienetakoa duen Estatuko lurraldeetako bat da.

 

  

1582